Kiroletik harago, itxura garbiketa
Aste honetan Baskonia taldeak Israelgo bi ordezkarirekin jokatu du, Bulgarian eta Serbian hurrenez hurren. Bata, Tel Aviveko Maccabi, gasteiztarron aspaldiko ezaguna da, izan ere, azken bi hamarkada hauetan Euroligako akziodunetako bat izateak geografikoki ez dagokion lehiaketan parte hartzea ahalbidetu dio. Taldea kirolagatik baino gehiago Israelgo Armadaren propaganda-kanpainei eman dien sostenguagatik nabarmendu da azken urteotan, bereziki gudaroste sionista Gazako herritarren aurkako garbiketa-kanpainetan murgilduta zegoenetan. Israelgo enbaxadoreak Arabara egin dituen bisitak salbuespen-egoera batez inguratuta egon dira beti, eta zaletuek kantxara eraman duten elkartasunaren tamainakoa izan da horrelakoetan haien kontrako jazarpena.
Bestea, Tel Aviveko Hapoel, iritsi berria da Europako agertokira. Ofer Yannay enpresari handikiaren proiektua da. 2023an taldea erosi, eta, bi urteren buruan, goi mailara eramateko adina diru gastatu du. Yannay sionista amorratua da. Gazako erasoen zurrunbiloaren erdian Israelgo egunkari nagusietan publizitatea ordaindu zuen, ejerzitoaren aldeko adore mezuak zabaltzeko; eta informatikari talde bat ere kontratatu zuen, sare sozialetan armada sionistaren kontakizuna hedatzeko. Iranen aurka bonba atomikoa jaurtitzearen aldeko aldarria ere egin du prentsa-adierazpenetan. Ez da, ez, oharkabean pasatzen diren horietakoa.
Nolanahi ere, aste honetako bisitak ifrentzua izango du, eta dagoeneko iragarrita daude kirol-ordezkari israeldarrak Gasteizen jokatzekoak diren partidak, martxoaren 27an eta apirilaren 7an. Urte hauetan guztietan herritarrek egin duten bezala, orain, Arabako ahaldun nagusiak ere erregimen genozidaren enbaxadoreen presentzia gaitzetsi du orain dela gutxi Batzar Nagusietako agerraldi batean. Hori bai, berehala egin du atzera, eta partidak debekatzeko eskumenik ez daukala azaldu. Pabiloiaren jabetza Aldundiarena denez, hark eta ez beste inork dauka bertan antolatzen diren ekitaldien gaineko erantzukizuna, eta atea ixteko giltza. Joka dezala arduraz, kirolaz baino zerbait inportanteagoaz ari garelako, genozidioaren itxura-garbiketa normaltasunez onartzeaz. •



