Entrevista
VOLODYMYR ISHCHENKO
SOZIOLOGOA

«Ukrainan ahalik eta bizitza eta azpiegitura gehien salbatzea da garrantzitsuena»

Ukrainako ezkerraren hainbat dinamiketan parte hartu ondoren, egungo egoeraren inguruko analisi andana idatzi ditu. «Gatazkaren sustrai materialei begiratzea» proposatzen du.

Volodymyr Ishchenko soziologoa, Bartzelonan ateratako argazkian.
Volodymyr Ishchenko soziologoa, Bartzelonan ateratako argazkian. (Oriol CLAVERA)

Donald Trumpek egun bakar bat aski omen zuen Ukrainako gerra amaitzeko. Gero, epe «errealistagoa» finkatu zuen: sei hilabete. Presidentetza lortu zuenetik hamar hilabete pasa dira jada, ordea, eta ez dirudi gerra berehalakoan amaituko denik. Arazoa ez baita egun eta ertz bakarrekoa.

Auzia bere konplexutasunean ulertzeko asmoz, Volodymyr Ishchenko soziologo ukrainarrarekin egon gara, Bartzelonako READ Festibalaren testuinguruan. Ukrainarra da, eta xeheki ezagutzen ditu gerraren aurpegi ezberdinak, teorikoki ez ezik, baita pertsonalki ere. Azken liburuan planteatzen duen ibilbidea ardatz bezala hartuta -“Towards the Abyss: Ukraine from Maidan to War”(Amildegirantz: Ukraina, Maidanetik gerrara)-, ertz horiek ezagutzen saiatu gara.

Maidango matxinada izan zen 2014an, aldaketa eske. Hala ere, garai horretan mundu mailan piztu ziren hainbat matxinadek bezalaxe, porrot egin zuen. Zergatik?

Maidango iraultzak eta azken hamarkadetan beste hainbat herrialdetan gertatu direnek -herrialde arabiarretan, Espainian, Italian, Frantzian, AEBn, orain Nepalen- patroi bera jarraitzen dute: oso gutxi antolatuta daude. Programa eta agenda oso lausoak dituzte, ez dute lidergo sendorik... Agenda aurrera eramaten saia daitezkeen talde ugari daude, baina kasu gehienetan ez dute parte hartzen dutenen gehiengoa ordezkatzen.

Maidanen, zehazki, parte hartu zuen jendeak itxaropen batzuk zituen, oso era lausoan ulertzen zirenak: batzuek Europako bizi maila estandarrera gerturatzea espero zuten; beste batzuek ustelkeria gutxiago; zenbait nazionalistek Errusiarekin hautsi eta Ukrainaren eraldaketa etnonazionalista egitea; “gizarte zibilaren” ordezkari batzuek, berriz, aurrerapen pertsonala edo profesionala besterik ez zuten bilatzen, Ukrainak Mendebaldearekiko zuen mendekotasunean sakonduz…

Talde sozial zehatzen ordezkaritza eskatzen zuten kolektiboak ere bazeuden: adibidez, ikasleak edo talde feministak. Hala ere, ikasleen eskakizunak eta genero berdintasuna ez zituzten iraultzaren agendan txertatu. Zer esan nahi du horrek? Gehiago antolatutako beste eragileak, baliabide gehien zituztenak, mugimendu osoari beraien agenda ezartzeko gai izan zirela.

Ukrainaren kasuan, nazionalista erradikalak ziren horietako batzuk, agenda anti-errusiar, antikomunista eta etnonazionalista gogorra bultzatu zutenak. Maidan Ukrainako politika eraldatzeko baliatu zuten, zeina geroz eta lerrokatuago dagoen programa etnonazionalista horrekin. Beste talde batzuk Mendebaldeak finantzatutako gobernuz kanpoko erakunde neoliberalak ziren. Euromaidanaren ondoren agenda neoliberala ezartzeko gai izan ziren, baina gaur egun ukrainar gehiengoak ez ditu babesten: adibidez, osasun publikoaren erreforma edo landa-erreforma oso inpopularrak dira. Hala ere, Maidani esker, Mendebaldearen aldeko indarrek hori bultzatzeko aukera izan zuten.

Mendebaldeko gobernuak ere presente zeuden. Donbassko gatazkaren emaitza gisa, Ukraina horien mende geratu zen, edozein politika burujabe garatzeko espazioa murriztuta. Autonomia oso mugatua da; bereziki orain, 2014an hasi zen eta 2022an eskala osoko bihurtutako gerraren ondorioz. Eta baziren talde oligarkiko batzuk ere, protesta horiek oportunismoz erabili zituztenak. Adibidez, Petro Poroxenko, oligarkarik aberatsenetako bat, Maidanen ondorengo presidentea izan zen.

Beraz, Maidanek mundu mailako mugimendu eta mobilizazioen korapilo nagusiak azaltzen ditu: langile klaseak bere burua antolatzeko, klase interesak artikulatzeko eta gutxienez nazio mailako lidergoa eskaintzeko oso gaitasun urria du. Ondorioz, iraultza horiek erantzun asmo duten krisi politiko eta sozial bera erreproduzitzen dute.

Zuk diozunez, Ukraina bi eredu okerren artean harrapatuta dago: post-sobietar kapitalismo politikoa eta Mendebaldeko neoliberalismoa.

Gaur egun arazoa da ez dagoela eredurik. Horrek definitzen du gaur egungo unea, ez bakarrik Ukrainan. Ez dago etorkizunik; edo badago, baina beldurra ematen du: hurrengo urtea okerragoa izango da, hurrengoa okerragoa... Eta hori arazo bat da: indar politiko bat bera ere ez da gai agenda hegemoniko bat eskaintzeko eta horren alde gehiengoa mobilizatzeko.

Eta horrek bi ereduei eragiten die. Kapitalista politiko post-sobietarrei dagokienez, Maidango iraultzak funtsean ordezkaritza-krisiari erantzun dio: jendeak ez die sinesten gobernuan daudenei. Alderdi nagusiek beren epe motzeko interesen alde egiten dute eta gero eta alde txikiagoa ikusten dute haien artean. Hori ez da ukrainarren inpresioa bakarrik, Europa eta mundu osoko sentimendua da.

Mendebaldeko liberalismoa ere krisian dago. Batez ere orain. Ekialdeko Europan, 90eko hamarkadan batez ere, biztanleriaren zati batek -erdi-mailako profesionalek, nagusiki- Mendebaldean eta Europan garapen eredu aurreratu bat ikusten zuen. Ukraina Polonia eta Hungariaren lorratzean zihoan, “Nazio Zibilizatuen Kluba” deiturikoan sartzeko.

Euromaidanera arte, eta pixka bat beranduxeago ere, ulermen hori aski onartuta zegoen, ez herritarren gehiengoaren partetik, beharbada, baina bai politikan eragin kulturala duen jendearen artean: gizarte zibila, intelektualak, politikariak... Orain promesa hori zapuztu egin da. Mendebaldeak jada ez du etorkizun hobea ordezkatzen. Hain zuzen ere, horrek legitimitate handiagoa ematen die Putin bezalakoei; ez zerbait hobea agintzen dutelako, egonkortasun pixka bat eskaintzen dutelako baizik. Ondorioz, ez dago etorkizun hobea proiektatu eta gauzatzeko gai den indarrik.

(Oriol CLAVERA)

Testuinguru horretan, Ukraina gerra betean dago. Zure ustez, zeintzuk dira gerra azaltzen duten faktore nagusiak?

Gerra gatazka zibil batetik abiatu zen. Eta hori garrantzitsua da gogoratzea: indarkeria kolektibo hori, indarkeria armatu hori, Errusiaren edozein ekintza baino lehen hasi zen. Zehazki, Euromaidanen hasi zen, Ukrainako Gobernuaren eta Ukrainako oposizioaren artean. Euromaidaneko azken egunetan dozenaka pertsona hil zituzten, bai manifestariak, baita poliziak ere. Otsaileko azken egunetan jendea armak hartzen ari zen.

Errusiak hor esku hartu zuen eta gatazkak eskala handiagoa hartu zuen. Armak askoz sofistikatuagoak eta hilgarriagoak dira egun. Ondorioz, gaur gatazka hori ez dute arma indibidualek definitzen, baizik eta droneek, tankeek...

Faktoreak azaltzerakoan, batzuek NATOren hedapena seinalatzen dute; beste batzuek, berriz, inperialismo errusiarra, Putinek Ukraina kontrolatzeko duen nahia. Gerra zibila ere aipatzen da. Arazoa da azalpen horiek guztiak batera jartze hutsarekin ez dugula irudi hoberik lortzen. Azalpen faltsuak edo partzialak elkarrekin jartzen dituzunean ez zara egiara iristen.

Nire ustez, analisi egokia egiteko gatazka horren sustrai materialei begiratu behar diegu. Zehazki, espazio post-sobietar osoan garatzen ari zen klaseen arteko gatazkari. Alde batean, espazio post-sobietarreko fakzio dominantearen epe luzeko interesak daude. Nik kapitalista politikoak deitzen diet, horien abantaila lehiakor nagusia Estatuaren onura selektiboak baitira. Ustelkeria, funtzionarioekiko loturak, legeak beraien mesedetan bihurritzeko gaitasuna... Normalean hori kritikatzen zaie. Kapitalista askok egiten dute hori, baina kapitalista batzuentzat aberats bilakatzeko biderik garrantzitsuena da. Eta Sobietar Batasunak estatuen esku hainbesteko kapitala metatu zuenez, kapital horren jabetza funtsezkoa da herrialde post-sobietarretan.

Gatazka honen beste aldean, kapital transnazionalek merkatu hauek beraientzat ireki nahi dituzte. NATO ikuspegi material horretatik ere ulertu behar da, ez soilik gatazka geopolitikoen itzulpen automatiko gisa, bestela interesak esentzial bilakatzen baitira.

NATO dela eta, auzia ez da izan sinpleki Ukraina NATOn sartzea, baizik eta Errusia bertatik kanpo uztea. Ez da segurtasun kontua bakarrik, ekonomia politikoarekin ere lotuta dago. Adibidez, 1990eko hamarkadan enpresa transnazionalek Errusiako gasa eta petrolioa hartu izan balituzte, Errusia NATOn egongo litzateke. Polonia baino askoz azkarrago, gainera, kapital transnazional horiei babes politiko eta militarra eman beharra izango bailitzateke. Baina Errusiako petrolioa eta gasa bertako oligarken eskuetan zeuden. Hortaz, Errusia ezin zuten NATOra gonbidatu, horrek Errusiaren eta espazio post-sobietar osoaren eraldaketa politiko-ekonomiko handia eskatuko bailuke, ekonomiaren jabe zirenei kontrola kentzea.

Ildo horretan, Putinek kapitalista politiko post-sobietarren epe luzeko interes kolektiboak defendatzen ditu. Horiek estatuen gaineko kontrol subiranoa nahi dute, hori funtsezkoa baita beren eredu ekonomiko eta politikorako. Espazio post-sobietarra kapitala metatzeko gune subirano bihurtzea bilatzen dute, AEBk eta Mendebaldeko erakundeek (NATO, EB, Munduko Bankua...) egituratutako kapital transnazionalaren periferia ez izateko.

Gerraren kudeaketa bera ere ekonomia politikoari lotuta dagoela diozu: Errusia keynesianismo militarretik ari da, Mendebaldea eredu neoliberaletik. Zer esan nahi du horrek? Zeintzuk dira ezberdintasunak, abantailak eta desabantailak?

Keynesianismo militarra Bigarren Mundu Gerran nazien ekonomia edo Gerra Hotzean AEBko ekonomia deskribatzeko erabili zen kontzeptua da: Estatuak gastuak areagotzen ditu, baina sektore militarrean. Horrek feedback positiboa izan dezake ekonomiaren sektore zibiletan ere, ez bakarrik industria militarrarentzat lan egiten dutenentzat. Adibidez, soldadu errusiarrek eta haien senideek soldata eta ordainsari sozial handiak jasotzen dituzte, eta hori gastatu egiten dute, beste sektore batzuetan ondasunen eskaria handituz. Gaur egun Errusian horrek funtzionatzen du. Arazoak ere baditu, baina gutxi-asko arrakastatsua da.

2022an espero zen zigorren ondorioz Errusiak porrot egingo zuela, baina ez zuen kolapsatu. Are, zenbait alditan Errusiako hazkunde ekonomikoak Europako herrialdeak gainditu ditu. Adibidez, orain Errusia Alemania baino hobeto dago: Putin soldaduen, senitartekoen eta ongizate gastuak handitzen ari den bitartean, Friedrich Mers kantzilerrak dio Alemaniaren militarizaziorako ongizatea murriztu beharko dela. Alemania Europako herrialderik aberatsena da, ongizate estaturik indartsuena du, industria ahalmen handia du... Hala ere, austeritate politika behar du. Hortaz, Errusia zergatik dago hobeto? Hori da auzia.

Nire ustez, arrazoietako bat sobietarren ondarea da, Errusian Ukrainan baino hobeto kontserbatu dena. Sobietar Batasuna NATOren aurka borrokatzeko Gerra Hotzetik prestatzen ari zen, eta horren araberako armen produkzio industriala garatu zuen, baita horretarako hezkuntza eta kultura ere. Orain, Errusiako gobernu post-sobietarra azpiegitura hori guztia gerrarako erabiltzen ari da; Mendebaldeko Europa, aldiz, AEBn konplexu militar-industrialarekiko guztiz mendekoa da -hori ere Gerra Hotzean sortua-.

Ukrainaren kasuan, zer esanik ez: Mendebaldeko finantzaketaren guztiz mendeko ekonomia bilakatu da. Une honetan %50-%50 da: Ukrainako erreserba guztiak gerrara bideratzen dira eta Ukrainako politika sozialak, funtzionarioen ordainketak eta abar Mendebaldeko iturrietatik ordaintzen dira. Orain Ukrainako lehen ministroak dio Ukrainak 120 bilioi gehiago behar dituela, Mendebaldeak orain arte emandakoaren bikoitza. Beraz, mendekotasuna areagotu egingo dela aurreikusten da.

Bartzelonako hitzartzearen irudia. (Oriol CLAVERA)

Gerrak aurrera jarraitzen du. Epe motz, ertain eta luzera, zeintzuk dira Ukrainarentzako agertoki posibleak?

Lehen zenbait jendek serioski plantea zezakeen Ukraina EBn sar zitekeela eta Poloniaren antzeko zerbait bihurtu. Itxaropen hori bazegoen, baita Euromaidanaren ondoren ere. Baina orain ikusten dugu gero eta aukera gutxiago daudela. Ukraina EBn sartuko balitz ere, horrek EBren funtsezko erreforma eskatuko luke, eta, gainera, EBren barruko barne-gatazka ugari irekiko lituzke.

Momenturen batean, korear agertokia deritzona ere eztabaidatu zen. Ukraina herrialde teknologiko aurreratua bihur zitekeela planteatzen zen, Hego Korea bezala. Gaur egun hori ere ez da inondik ere posible.

Hortaz, une honetan oinarrizko hiru agertoki daude. Lehenik eta behin, Ukrainako eliteen zati handi batek oraindik espero du Ukraina Europa ekialdeko Israel bihurtzea, Errusiaren aurkako EBko muga-estatu moduko bat. Alabaina, horretarako ere inbertsio handia egin behar litzateke Ukrainan, laguntza handia eman beharko litzaioke konplexu militar-industrial indartsu bat eraikitzeko; EBren barruan ere, birmilitarizazio programa handi bat garatu beharko litzateke, EBren barruan zatiketa eta gatazka ugari piztuko lituzkeena. Aldi berean, langile klasearen edo herri sektoreen oinarrizko interesetako batzuk urratuko lirateke. Demokrazia mugatu beharko litzateke, eta hori ez da hain erraz gertatuko.

Beste arazo bat demografikoa da. Nazio Batuen aurreikuspenen arabera, XXI. mendearen amaieran Ukrainak 15 milioi biztanle izango ditu. 1992an, Sobietar Batasunaren kolapsoaren ondoren, 52 milioi zituen; beraz, %70etik gorako despopulazioa jasango du. Eskala osoko gerra baino lehen hasi zen despopulazioa, baina orain, jakina, azkartu egin da. Hortaz, nork borrokatu du estatu horren alde? Ukrainako gizartea bere burua erreproduzitzeko gaitasuna suntsitzen ari da. Hori dela eta, gerra identitate eta kultura ukrainarra defendatzeko egiten ari dela diotenen posizioa sostengaezina da.

Beste jokaleku bat Europa-ekialdeko Siria antzeko zerbait bilakatzea da. Huts egindako estatu bat izango litzateke: lurraldearen zati bat beste estatu batzuek okupatuko lukete eta beste zati batzuetan talde paraestatalek estatuak baino garrantzi handiagoa izango luke. Hiritarren bizitza zinez latza izango litzateke, inguruko estatuetan arazoak sortuko lituzke... Aukera etsigarria da.

Eta hirugarrena? Badago aukera hoberik?

Azken aukera, agian ez probablea, baina une honetan posible dirudiena, Georgia da. Georgiak ere Maidan iraultza bat izan zuen 2003an. Gero Mendebaldearen oso aldeko gobernua izan zuen, Mikheil Saakaxvili buru zuena -gaur egun Georgian preso dago-. Errusiarekin ere gerra bat izan zuten 2008an, bost egunez. Ondoren, masa-protestak zirela medio, Saakaxvili kargutik kendu zuten, eta hurrengo gobernua pixkanaka Errusiaren interesetara egokitu zen. Horrek ez du esan nahi errusiarren aldekoak direnik. Kapitalista politikoak dira, beren interesak bilatzen dituztenak.

Aldi berean, Georgiak ez du albo batera utzi EBra batzeko eta euroan integratzeko helburua. Errusia ere ez legoke Georgia EBn integratzearen aurka. Izan ere, Putinentzat, EBren barruan Viktor Orban bezalako figura gehiago izatea oso baliagarria da, Europako erabakiak etengabe zailtzen eta oztopatzen baitituzte.

Georgia edo Ukraina EBn sartzea EB Errusiarentzat onargarriagoa izan daitekeen moduan eraldatzeko bidea ere bada. Horregatik, Errusiarentzat, aldea oso argia da: Ukraina NATOko kide izatea ez du onartzen, eta negoziazioetan hori izaten da errusiarren eskakizun nagusia; alabaina, ez daude Ukraina Europan integratzearen aurka.

Halako agertoki batek esan nahiko luke, gutxienez, jende gehiagok bizitza salbatuko lukeela. Hori funtsezkoa da: ahalik eta bizitza gehien salbatzea, eta ahalik eta Ukrainako azpiegitura gehien salbatzea. Ikuspuntu humanistikotik hori da defendatu beharreko garrantzitsuena, eta hori izan da nire posizioa gerraren hasieratik.

Ondoren, gerraren dinamiken arabera, soluzio politiko ezberdinak pentsatu beharko dira. Gerraren hasieran gauza bat zen, orain bestea. Orain ikusten dugu, gerrak horrela jarraitzen badu, oso litekeena dela herrialdea suntsitzea. Errusian krisia lehertu dadin egin da apustu, baina hori ez da gertatzen ari. Beraz, hori da Ukrainak duen aukera.