AA: Irisgarritasun digitala zabaltzeko giltza? Edo beste labirinto bat?

Irisgarritasunaren garrantziaz konturatzea zaila da helburura iristeko traba berezirik ez daukagunean. Espaloiak ez dira inongo traba, gure burua gurpil-aulki batekin mugitzera behartuta ikusten ez dugun bitartean. Antzera gertatzen da eskaintzen diren zerbitzu digitalekin ere. Zer gertatuko da ezin baduzu ikusi non dauden sakatu beharreko botoiak, edo elementuak koloreek bereizten badituzte zuk ezin dituzunean koloreak bereizi, edo sagua erabiltzerik ez duzulako ezin duzuenean iritsi interesatzen zaizkizun esteketara? Gizakia zientziaren eta teknologiaren bidez traba horiek arintzen saiatzen bada ere, besteentzako trabak ez ikusten nagusi da. Horregatik, existitzen diren hainbat arrakalaren aurrean bezala, betaurreko berezi horiek ere topatu eta jantzi behar ditugu.
Iritsezintasun digitalaren gaitza ez da gauza berria, baina tresnek bisualki aurrerapauso galantak egin dituzte eta horrek kasu batzuetan gaitza maila berrietara eraman du. Eta, adimen artifiziala (AA) bolo-bolo guztion ahotan dabilen honetan, zer esan dezakegu sistema horiei buruz, sendabidea ekarriko dute edo kaltebidea?
AAko sistemek, testua ahots bihurtzeko eta ahotsa testu bihurtzeko aukerak erreal bihurtzeaz gain, irudiak ere ahoz azaltzen dituzten sistemak garatu dituzte; horiek guztiak, adibidez, oso onuragarriak izan daitezke ikusmen-desgaitasuna dutenentzat. Hizkuntza naturalaren prozesamenduaren bidez (NLP ingeleseko sigletatik), testuak automatikoki egokitu edo sinplifikatu daitezke desgaitasun kognitiboak dituzten pertsonentzat eta elkarrizketa-agenteen bidez laguntza eskain diezaiekete. Gainera, makina-ikaskuntzaren bidez, irisgarritasun arazoak non dauden identifikatzea errazagoa bihur daiteke eta sistemek erabiltzailearen beharrak ikas ditzakete pantailaratzen dena horietara egokituz. Beraz, izan baditugu sendagarri batzuk, baina sendagarrien albo-ondorioak inoiz ez dira falta.
Izan ere, AAko sistema horiek irisgarritasuna hobetze aldera jaso behar duten informazioa oso sentikorra izan daiteke: ahotsa, aurpegi irudiak, portaera patroiak... Gainera, kontuan izan behar da sistema horiek entrenamendu datu kopuru handiak behar izaten dituztela, eta, irisgarritasun arazoak oso desberdinak izanik, antzeko beharrak dituzten pertsonak gutxi badira, ez dira nahiko datu egongo sistemak entrenatzeko. Horrek eragiten du ereduetan alborapenak sortzea, adibidez ahots ez-estandarrak ez ezagutuz, deskribapenetan estereotipoak sortuz eta abar.
Horregatik guztiagatik oso garrantzitsua da egun Informatika eta AA ikasten ari den gazte jendea, irisgarritasunean ere trebatzea. Horretarako, gaitasun teknikoez gain, giza faktoreak, legeak eta etika ere uztartzen ikasi beharko lukete, diseinu-arloko gaitasunak ahaztu gabe. Alde teknikotik, beharrezko dute aplikazio irisgarriak garatzeko trebetasunak lantzea. AAren ikuspegitik, ereduetan ager daitezkeen alborapenak identifikatzen, ebaluatzen eta ekiditen ikasi behar dute. Hori guztia uztartuz, ikasleek teknologiak modu seguruan, bidezkoan eta benetan eskuragarrian sortzeko oinarria eraiki dezakete. •

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

«Finalean kantatzeko ilusioa ez zait joan eta final on bat egiteko gogoa handitu egin zait»

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»
