GAUR8

Raichō Hiratsuka feminismoaren aitzindaria duela 140 urte jaio zen Japonian

Duela 140 urte jaio zen Japoniako feminismoaren historian ezinbesteko figura izan zen Raichō Hiratsuka (Tokio, 1886ko otsailaren 10a - 1971ko maiatzaren 24a) idazlea, kazetaria eta ekintzaile politikoa. Bere lanak atzetik zetozen belaunaldiengan eragin handia izan dute.

Raichō Hiratsuka, feminismoaren aitzindari.
Raichō Hiratsuka, feminismoaren aitzindari. (WIKIPEDIA COMMONS)

XIX. mendearen amaieran eta ‘Meiji aroaren’ etorrerarekin, Japonia Erdi Aroko garai luze batetik atera zen. Eraldaketa une hartan neskato bat jaio zen Tokion, denborarekin bere herrialdeko borroka feministaren erreferente handienetakoa bilakatuko zena.

Raichō Hiratsuka tradizio zaharrekin apurtzeko ausardia izan zuen hasiera-hasieratik. Goi mailako ofizial baten alaba, samuraien biloba, bere ama bezala izatea espero zen, Japonian eta planetaren zati handi batean mendeetan zehar emakumeei egokitu zitzaien zereginak betetzeko prest zegoen emakumea, alegia. 

Bere ahizpa ezkondu eta tradizioari eutsi zion bitartean, Raichō Hiratsukak gazte-gaztetatik jakin zuen ez zuela ezkondu nahi; bere bidea aurkitu nahi zuen. Osasunak ez zion laguntzen –osasun ahula eta buruko min handiak zituen– eta neska lotsatia zen, baina ikasle ona. 

1903an, Japoniako Emakumeentzako Unibertsitatean sartzea lortu zuen, aitari etxekoandre perfektua izatea ikasi nahi zuela esan baitzion. Han, ordea, literatura, filosofia eta historia ikasketak hautatu zituen eta, Jainkoaren ideiari buruzko tesi batekin graduatu zen 1906n. Ingelesa ikasten jarraitu zuen, mendebaldearen ezagutzari atea irekiko zion giltza zela uste baitzuen.

Handik gutxira, eskandalu baten protagonista bihurtu zen, gizon ezkondu batekin ihes egin zuenean. Antza, beraien buruaz beste egiteko asmoa zuten.

Etxera itzuli eta filosofian babesa aurkituta, 1911n, bizitza aldatuko zion proiektu bat sortu zuen: ‘Seito’ aldizkaria, emakumeek emakumeentzat Japonian sortu eta pentsatutako lehen argitalpena.

Japoniako gizarte matxista hartan, ‘Seito’ pentsamendu feministaren bozgorailu bihurtu zen, baita ere emakumeen askatasunaren egarriarekin zerikusia zuten gai guztiei buruzko hausnarketarako ispilua. Emakumeek soilik zuzendutako Japoniako lehenengo literatura aldizkaria izan zen.

1920an, beste feminista batzuekin batera, Emakume Berrientzako Elkartea sortu zuen. Bertan, emakumeek bozkatzeko zuten eskubidea aldarrikatzeko antolatu ziren, eta, handik aurrera, hainbat aldarrikapen bultzatu zituzten: hala nola hezkuntzan berdintasuna, abortua, dibortzioa eta emakumeen lan-eskubideak.

Bere bizitza pertsonalean ez zen kikildu: bera baino gazteago zen mutil batekin harremanetan hasi eta arauetatik kanpo bizitzea hautatu zuten; hau da, nahiz eta bi seme-alaba izan ez ziren ezkondu hasieran. Gero, gizarteak bultzatuta, men egin zuen gai honetan. 

Bere bizitzako azken urteak bakearen defentsan eta bere memoriak idazten eman zituen. 1971ko maiatzaren 24an minbiziak jota hil zen, baina, ordurako, Japoniako emakume feministen belaunaldi berrientzako erreferente bilakatua zen aspaldi.