Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

«La vida sigue igual», orain antzinaroan bezalatsu

Iragan astean bideo batek erakutsi zuen Ertzaintzak ez zuela zuzen jokatu Iker Arana foam pilota batekin zauritu zuenean. Era berean, nabarmen utzi zituen ertzainen gezurrak, Aranak ez baitzien botilarik jaurti, ez berak ez beste inork ingurumari hartan.

Duela hiru aste emakume batek, Anoetako futbol zelaiaren parean Amaya Zabarte larri zauritu zuteneko «operazioaren» lekuko izan zenak, epailearen aurrean deklaratu zuen ertzain batek ostiko bat jo ziola Zabarteri lurrean zegoela. Deklarazio hori bat dator iazko ekainean beste bideo batek susmarazten zuenarekin. Hala, nabarmen geratu ziren atzera gure zaintzaileen gezurrak.

Ia zazpi aste dira Minneapolisen grabatutako bideo bat hedatu zela munduan zehar, ICE talde paramilitarreko agente batek Renee Good tiroz hil ondoren AEBko Gobernuak «operazioaz» esan zuena gezurra zela erakutsi zuena; hau da, Goodek ez zuela bere autoarekin ICEko agentea ez inor harrapatu nahi izan. Egun bakan batzuk geroago, hiri berean indar paramilitar bereko beste kide batek Alex Pretty hil ondoren, beste bideo batek agerian utzi zituen «operazioaren» inguruko gezurrak.

Jefrey Epsteinen ibilien ikerketekin lotutako milaka, milioika dokumentu argitaratu izanak jakinarazi du pentsatzekoa zena baino larriagoa dela kontu hori, batez ere kuantitatiboki, hala biktimei nola Epsteinen bidaide eta lagunei dagokienez. Aldi berean, ordea, horren garrantzia gutxitu egiten delako sentsazioa ere zabaldu liteke, larritasuna banatu egingo balitz bezala paper, argazki eta bideo horietan guztietan ageri diren aberats, politikari eta pertsona ospetsuen artean. BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak esan zuenez, artxibo horietan aipatutakoak ez daude ezinbestean delituetan nahasita, «eta Epsteinekin harremanak izateak ez dakar berekin pertsona horien inolako irregulartasunik». Beharrik.

Duela hiru aste pasa iraungi zen Julio Iglesias kantari espainiarraren aurkako salaketaren inguruko polemika, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, «eskuduntza falta» dela eta, auzia artxibatu zuenean. Eta epaile espainiarren eskuduntzarik ezaz gainera, ez dago bideorik, ez emakume horien salaketaz beste dokumenturik. Nori sinetsi?

Batzuek, askok, uste osoa -interes osoa- dute emakume horien salaketa faltsua zela. Sexu esplotazioa? Julio Iglesiasek? Hainbat kazetari eta politikarik berehala esan zuten kantaria gizon prestua dela, un caballero; hori bai, konkistatzailea. Beraz, Julio Iglesiasen etxean, etxeetako batean, lan egitera joateko prest dagoenak badaki zertara doan. Hala ere, jakinekoa da zenbait konkistatuk ez dituztela konkistatzailearen eskubideak errespetatzen.

Emakume eta migrante. Osagai arriskutsuak, feminismoaren erradikalismoa ez ezik, kultura primitiboa ere badakarte-eta, Mendebaldekoaz bestelako balio eskala dute, edozer egiteko kapaz dira, hainbat auzitegiren epaiek erakusten duten bezala.

Antzinaroan bezala, aro (mende)baldar luze eta hainbatentzat malkar honen akaberan, bizitzak berdin jarraitzen du dohakabe guztientzat. Kontakizun ofizialetako eta beste zerrenda batzuetako pertsona eredugarri horientzat, berriz, igualtsu; akaso, pixka bat aspergarriago. •