GAUR8

76 urteko zigorra Marielle Francoren hiltzaileentzat

Marielle Franco aktibistaren hilketagatik 76 urteko espetxe zigorrera kondenatu ditu egileak Brasilgo Auzitegi Nagusiak. Arrazakeria eta misoginiaz mintzo da epaia eta Rio de Janeiroko botere politikoak banda kriminalekin duen lotura aztertu du epaileak.

76 urteko espetxe zigorra ezarri die epaileak Brasilgo bi parlamentari izan zirenei 2018an Marielle Franco zinegotzia tiroz hiltzeko agindua eman zutelakoan. Rio de Janeiroko talde kriminalen eta politikaren arteko lotura azaleratu zuen kasuak.

Marielle Franko zinegotzia, aktibista beltza eta lesbiana zen, 2018ko martxoaren 14an tirokatu zuen polizia ohi batek. 38 urte zituen kotxean gidariarekin Rio de Janeirotik zihoala tirokatu zutenean. Gidaria ere akabatu zuten, eta Fernanda Chaves Frankoren aholkularia soilik atera zen bizirik.

‘Chinquinho’ Brazao 62 urteko diputatu ohia eta bere anaia izan ziren hilketa hura agindu zutenak epaiak dioenez. Francok milizien eta talde kriminalen kontrako lan politikoa martxan zuen eta Brazao zein bere anaia horien parte ziren. Auzo txiroetan legez kanpoko urbanizazioak eraikitzen jarraitzearen kontrako politikak jarri zituen martxan Francok. Hain zuzen, urbanizazio ilegal horiek talde kriminalen diru sarrera nagusietako bat ziren.

Sententzia ezagutu berritan, Francoren senideek poza hartu dute AFP berri agentziak jasotzen duenez. Hasiera batean duela 40 urte auzoetako herritarrak narkotrafikotik babesteko jaio ziren autodefentsako miliziak. Alabaina, eurak bilakatu ziren herritarrei dirua eskatuz auzoetako talde kriminal handienak.