
Gabriel Cromer (1873 - 1934) argazkilari eta historialari frantziarra izan zen, eta irudiarekiko zaletasunak historiako bildumagile handienetako bat bihurtu zuen. XX. mendearen hasieran, Clamarten instalatu zen, Paristik gertu dagoen herri bat, eta bertan zituen estudioa eta laborategia. Bertatik garatu zuen bere lana eta dagerrotipo, kamera eta dokumentu bilduma bikaina bildu zuen. 1927az geroztik liburuzain izan zen “Société française de photographie”-n, eta bertan egindako lanak bere dibulgatzaile papera indartu zuen. Hil ondoren, bere bildumaren zati bat Eastman Kodakek erosi zuen, eta gaur egun George Eastman Museoko parte da; beste zati bat, berriz, Frantziako Liburutegi Nazionalean dago. “Aux Environs de Bayonne” argazkia, 1897an Euskal Herrira egindako bidaia batean egina, Ameriketako Estatu Batuetako museoan dago; ikatz-prozesua baliatuta eginda dago, XIX. mendeko argazkilari piktorialisten bereizgarri dena. 2022an, Yaleko Unibertsitateak Gabriel Cromerren lanari buruzko ikerketa bat argitaratu zuen, eta bertan, besteak beste, irudi hori aztertzen da. Frantziako Liburutegi Nazionalak, gainera, Cromerrek 1896an Biarritzen eta Baionan egindako 25 argazki biltzen dituen albuma gordetzen du.
