
Euskaltzalea zen, jauntxo edo aristokrata munduko 'desertorea', eta 1936ko Gerraren osteko belaunaldi gazteekin batzeko ausardia eta gaitasuna izan zuen Telesforo Monzonek. Gauza asko izan zen Monzon pertsona bakarrean: politika gizon, jeltzale sutsu, kristau peto-peto, Euskal Herriaren maitale, hizlari aparta, antzerkigile eta zale, kantu egile, idazle. Jelkide gisa hasi zuen bere ibilbidea, eta Herri Batasunaren sortzaile gisa amaitu.
Joan den mendeko euskal lider politiko handienetarikoa, gaur bezalako egun batean zendu zen duela 45 urte. Baionako Grenet klinikan zendu zen bihotzeko baten eraginez, 77 urte zituenean. Kardiopatia arazoak zituen aurretik, bere bihotzak kolpe latzak jaso baitzituen bere bizitzan zehar.
Hil kapera Monzonen Donibane Lohizuneko Mende Berri izeneko etxean jarri eta, egun batzuen buruan, Bergarako panteoian hobiratuko zutela aipatu zion ‘Egin’-i Monzonen sendiak. Herri honetan, tamalez, behin baino gehiagotan gertatu den legez, martxoaren 12an bere jaioterrian egin zitzaion hileta latza gertatu zen: Polizia espainiarrak hilkutxa senideei kendu egin zien eta tanketen artean eraman zuten, herriaren omenaldia saihesteko.
Toronton bizi den Jesús Murueta Goikoetxea bizkaitarrak orduan San Pedro elizan grabatu zituen irudiak NAIZi eman zizkion eta, lau hamarkadaren buruan, ikusi ahal izan genituen.
2018an argitaratu zuen Txertoak ‘Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea’, Pako Sudupek idatzi zuen biografia.

«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»

«Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Beti izango gara jaio ginen herrikoak?»
