
Narkotrafikoaren industria arrakastatsuan leialtasuna luxuzko gauza da, eta iraupen laburrekoa. Inork ez du salataria izan nahi, baina atxilotzean zigorra arintzea bezalako onurak lortzeko aukera badute, denak egiten dira txibato. Aldiz, deskuidua -harrokeriagatik edo betirako zigorgabe sentitzen denaren gehiegizko konfiantzagatik- egunerokoa da eta bukaera hilgarria izan ohi du; are, atsotitzak esaten duen bezala, hormonak neurona hiltzen duenean.
Eta hain zuzen horregatik lokalizatu eta hil zuten Nemesio Oseguera Cervantes El Mencho, Jalisco Nueva Generacion karteleko burua zena. Deskuidatu omen zelako (hainbat narkotrafikatzaile handien kasuan gertatu den bezala), hamarkadetan egindako basakeriengatik inor ez zela bere atzetik ibiliko pentsatuz, horretarako banatzen baitzuen han-hemen nahi beste diru. Jalisco Nueva Generacion kartelaren erantzuna basatia bezain etsia eta alferrekoa izan zen. El Mencho hilda zegoelako jada, eta, berarekin batera, karteleko hainbat buruzagi.
«Borondate politikoa»
El Menchoren heriotzak titularretan jarri zuen Mexiko. Jalisco Nueva Generacion kartelaren biolentzia muturrekoa eta sistematikoa zen. Zenbateko neurrigabeetan hiltzen zituen mexikarrak. Milaka bortxaz desagerrarazi eta hobi klandestinoetan lurperatu dituzte. Kazetariak erregulartasun beldurgarri batez hiltzen dituzte. Kartelaren autoritatea desafiatzen duten tokiko politikariak, edo kartelen arteko gerretan leku okerrean daudenak, desagerrarazi egiten dituzte. Bortxaren menpeko bizi dira komunitate osoak.
Hori guztia ezin da minimizatu. Baina momentuak bai merezi duela analisia. “The New York Times” egunkariarentzat, adibidez, El Mencho hiltzeko operazioa proba bat izan da Mexikorentzat: ardurekin konplitzeko «borondate politikoa» erakusteko modua. AEBko beste ahots batzuen arabera, aurreko saioek ez zuten mexikarren oniritzirik lortu eta oraingoak ondorio erabakigarriak ekar ditzake. Hori ez da errealismoa. Ilusioa da.
Mexikok izan zuelako jada borondate politikozko momentua, Felipe Calderon presidenteak, George W. Bushen erabateko babesarekin, drogen kontrako gerra militarizatu zuenean 2006an. Mexikar indarrentzat milaka milioi dolar bideratu ziren segurtasun arloko asistentzian, armetan eta inteligentzia mailako koordinazioan. Barack Obamarekin laguntza hori handitu egin zen, eta, Mexikoren drogen kontrako gerra, «heroikotzat» hartu.
Emaitzak suntsigarriak izan ziren Mexikorentzat, baina drogen kontsumoari dagokionez ere ez zuten aparteko eraginik izan AEBn. Homizidio tasak izugarri igo ziren Mexikon. Giza eskubideen kontrako abusuak biderkatu egin ziren. Kartelak zatikatu eta berrosatu egin ziren. Eta bitartean, AEBn drogen prezioek behera egin zuten, purutasunak gora egin zuen eta eskuragarritasuna zabaldu egin zen. Debekuaren teoriaren arabera, eskaria murrizteak prezioak igotzen ditu eta kontsumoa ezabatzen du. Baina esperientziak erakusten du debeku legeen aplikazioak lehenbizi etenaldi labur bat sortzen duela, eta, gero, moldatze azkar bat.

Etenik ez merkatuan
Eta droga sintetikoekin, moldaketa are errazagoa da. Fentaniloa ez baita nekazaritza-zikloen menpekoa. Bitarteko kimiko askoren bitartez sintetiza daiteke, globalki oso eskuragarriak direnak. Neurri errepresiboek, eskaintza ezabatu baino, ekoizpen teknikak aldarazten dituzte. Eta fentaniloaz harago, nitazenoak bezalako opioide sintetiko indartsuek aldaketaren muga berria erakusten dute. Espazio kimikoa oso elastikoa delako.
Mexikoren kontrako behar adinako «presioak» merkatua ezabatu egin dezakeela pentsatzeak ez ditu kontuan hartzen azken mende erdiko ebidentziak. Richard Nixonek 1971n drogen kontrako gerra aldarrikatu zuenetik, eskaintzaren kontrako neurri murriztaileek ez dute eskaria ezabatu, ezta eskaintza iraunkorki murriztu ere. Lortu duena, hori bai, ordezkapena, fragmentazioa, biolentziaren gorakada eta berrikuntza dira. Geografia aldatzen da. Aktoreek mutatu egiten dute. Baina merkatuak iraun egiten du.
AEBn droga krisiaren sakoneko arrazoiak besteen bizkar uzten dira. Ondo dokumentatutako auzia da gaindosiek eragindako heriotza kopurua izugarria dela AEBn. Inork ez du zalantzan jartzen. Baina egoera horren baldintza material eta egiturazkoak nazionalak dira, oso nabarmen.
Opioideen epidemia Purdue Pharma bezalako enpresen gehiegizko botika-preskripzio eta komertzializazio erasokorrei esker inkubatu zen. Prekaritatearen, desindustrializazioaren, etxebizitza faltaren eta laguntza familiar eta komunitariorako egituren kolapsoaren ondorioz areagotu egin zen. Eskaria ez zen Mexikon sortu. Drogekiko menpekotasuna, hein handi batean, estatubatuarrek euren buruei egindako kaltea da.
Gainera, gerrarako armen hegoalderanzko fluxuak, kapital ekonomikoa ahalmen militar bihurtzea ahalbidetu die kartelei. Ipar Ameriketako Merkataritza Libreko Itunak narkotrafikatzaileak landa eremutik Mexikoko lurralde osora hedatzea erraztu zuen. Testuinguru horretan eman zen drogen kontrako gerra militarizatua, sarri baliabideen erauzketa eta industria hedapena areagotu zen lurraldeetan gaiztotu zena.
Egun, Claudia Sheinbaumen eta Morena alderdiaren agintaldian, Mexikok garapenerako beste estrategia bat hartu du: programa sozialak hedatuz, ahalmen energetiko publikoa indartuz, erreforma neoliberalak partzialki leheneratuz. Agenda hori ez da kasuala. Azken bi hauteskundeetan Morena alderdiak lortutako bi garaipen eztabaidaezinen arrazoia da. AEBko debekuaren doktrinan baino, Mexikoren lehentasunen inguruan antolatutako mandatu politikoa erakusten du.
Hala ere, Trumpen koertzio-diplomaziari ere erantzuten dio ezinbestean Sheinbaumek. Mexikoren kontrako muga-zerga handiagoak eragozteko amore ematen ari da, eta, are kezkagarriagoa dena, Mexiko barruan kartelen aurkako AEBn operazio militarrak baimentzen. Horrela jokatuz, Sheinbaum kanpo presioaren eta nazionalismo ekonomikoaren arteko oreka-jokoan dabil. Nabarmentzekoa da industria energetikoaren berregituraketan, erregai fosilen eta energia berriztagarrien garapenean planifikazio nazionala berriz martxan jarri duela.
Narkotrafikoaren kalteen inguruan, estatubatuarrek hobe lukete ardurak beti besteen gainean jarri beharrean, kontsumoaren atzean zer dagoen ere aztertuko balute. Drogen krisiari aurre egiteak, nahitaez, debekua soluzio bakar bezala ikustearen engainua begi bistatik kentzea eskatzen du. AEBko kultura politikoak errealitate horri begietara begiratzen ez dion arte, krisi guztiak Mexikoren porrot bezala aurkeztuko dira, eta porrotaren errepikapen oro sorpresa bat balitz bezala tratatuko da.

«Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Beti izango gara jaio ginen herrikoak?»

«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»

