Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Hide DOHINO

«Euskal Herriak eta euskarak harrapatu egin naute»

Yokohaman jaio zen 1994. urtean. Badira zortzi urte euskara ikasten hasi zela eta Euskal Herrira lotu zela. Geroztik, urtean behin edo bitan etortzen da Euskal Herrira, aitortu duenez, «gorputzak eskatzen didalako». «Japonian lau bat hilabete ematen ditudanean, dagoeneko gorputzak eskatzen dit Euskal Herrira etortzeko. Yokohamak lau milioi biztanle ditu eta hango bizitza bakartiagoa da: irakurri, lan egin, ikertu... Oso bizitza lasaia da, kontzentrazio handikoa. Biak behar ditut, lasaitasuna eta jendearekin harremanak izatea. Euskal Herrian lagunartea topatzen dut. Gizarte kapitalista honetan Euskal Herriak asko laguntzen dit, arnasa hartzen laguntzen dit».

Oraintxe Euskal Herrian dago, hiru asteko egonaldia egitera etorri da. Historialaria da Dohino eta bereziki interesatzen zaizkio Euskal Herriari lotutako ikergaiak. Hortaz, hiru asteotan, lana, turismoa, lagunak, aisialdia... nahastuko ditu. Eta, tartean, Korrika, bere bizitzako laugarrena.

«Espainiako Historia eta gaztelania ikasten ari nintzela, oporretan askotan joaten nintzen Espainiara eta Euskal Herrira. Egun batean Gernikako Bakearen Museotik pasa nintzen eta euskara deskubritu nuen. Orduan nahiko lan neukan gaztelaniarekin, baina erabaki nuen behin gaztelania menderatuta, euskara ikasi behar nuela. Zortzi urte daramatzat euskararekin».

Euskal Herrira etorri zen lehen aldian ez zekien euskara. Gerora, euskara jantzita etortzen denetik, oso herri desberdina topatzen du Dohinok. «Oso desberdina da. Hasieran kalean apenas entzuten nuen euskara. Gainera, ni bezalako turista asiar bati, inork ez dio euskaraz egiten. Gerora deskubritu dut beti badela euskaraz egiten den espazio txikiren bat herrietan eta hirietan. Orain beti saiatzen naiz espazio horietara gerturatzen euskaraz hitz egiteko. Orain badakit nora joan behar dudan euskaraz bizitzeko».

Artxiboko lana eta kalekoa uztartzea gustatzen zaio. «Bertako jendearekin hitz egin, festetara joan, museo etnografikoak bisitatu, liburutegietan bertako gaien inguruko liburuak miatu, unibertsitatera joan, nolako ikerketak egin diren ikusi, aurretik toki horri buruz irakurritakoak bertako jendearekin kontrastatu, bati eta besteari galdetu...». Dohino bada artxiboko satorra, liburuetan murgiltzen den historialaria, baina antropologia ere maite du, herrien eta herritarren behatzailea ere bada. «Liburuekin bakarrik ezin da herri bat ulertu. Liburuek ez dute herri baten historia osoa kontatzen. Horregatik gustatzen zait jendearekin egotea».

Euskalki desberdinak menderatzen ditu. «Tokion hasi nintzen euskara ikasten. Gero, Madrilen masterra egiten ari nintzela, bertako euskal etxean jarraitu nuen euskararekin. Hilabetean behin Madrildik Lekeitiora etortzen nintzen, bertako kuadrillarekin asteburu pasa egiteko. Orduan Lekeitioko euskalkia erabiltzen nuen gehiago. Gero bi urte Oñatin bizi izan nintzen, bertako euskalkitik edan nuen eta hori daukat barneratuta nagusiki».

Euskal Herrira egiten dituen bidaiek lana eta aisialdia tartekatzen dituzte. «Nire helburu nagusia beti da ikerketa, historialaria naizelako. Aro modernoko Gipuzkoako historia ikertzen ari naiz eta artxiboetan aritzen naiz. Oñatin bizitzen aritu nintzen bi urteetan ikergai gehiago sortu zitzaizkidan eta horiekin ere ari naiz ahal dudanean».

(Jon URBE / FOKU)

Ikergai horietako bat bertsolaritza da, bereziki arreta ematen dion alorra. «Azkenean, Oñatin bi urte bizi ondoren, gehien erakartzen nauen alorra bertsolaritza da. Ez dakit nolako ikerketa egingo dudan, baina bertsoaren mundua gehiago ezagutzeko ikerketaren bat egin nahiko nuke. Hori daukat buruan». Bertsotan ere zeozer egiten du. «Japoniatik astero ‘Hitzetik hortzera’ saioa ikusten dut, euskararekin eta bertsoarekin ez ahazteko. Lagunen urtebetetzeetan ere bertsoren bat bidaltzen diet. Eta denbora pasarako ere erabiltzen dut; trenaren edo autobusaren zain nagoenean bertsoak idazten ditut».

Japoniar bat euskaraz. Parez pare askotariko aurpegiak ikusi ditu Dohinok. «Hasieran jendea oso harrituta geratzen zen. Baina dagoeneko zortzi urte daramatzat Euskal Herritik bueltaka eta toki askotan dagoeneko ezagutzen naute. Orain toki askotan ez dira harritzen, baina poztu beti egiten dira euskaraz egiten diedanean. Eta batzuek eskertu ere egiten didate. Nik ere eskerrak eman behar dizkiet euskaraz egiten didatenei, nik euskaraz egiteko beharra dudalako».

Euskara hizkuntza txikia den jakitun den arren, Dohinori ez zaio hain txikia iruditzen. «Euskal Herrira etortzen naizenean, apenas entzuten dudan gaztelaniarik. Nik badakit nora joan behar dudan euskaraz hitz egiteko eta euskara entzuteko. Adibidez, literaturan konturatzen naiz euskara hizkuntza gutxitua dela. Euskal idazle batek mila liburu saltzea arrakastatsua izateak, merkatua oso txikia dela esan nahi du».

Euskal Herrian kuadrilla dauka Dohinok. «Herri ezezagun batera joaten zarenean, kuadrillak funtzio oso garrantzitsua dauka. Euskal Herrian ere horrela sentitu dut».

Laugarren Korrika

Laugarrenez parte hartuko du aurten Dohinok Korrikan. «Lehen aldiz ikusi nuenean, gauza eroa iruditu zitzaidan. ‘Euskaldun hauek erotuta daude’, pentsatu nuen. Hamar egun, goizetik gauera, geratu gabe, Euskal Herri osotik zehar... Oso hunkigarria iruditu zitzaidan era berean; herritarrek bere hizkuntzarekin duten maitasuna ikustea izugarria da». Korrika Baionan amaitu zenean, txosnan aritu zen lanean. Festa ezagutzeko beste toki bat. «Oso ondo pasatu nuen».
Aurtengorako planaz galdetuta, Oñatin, Zumarraga inguruan eta Zugarramurdin korrika egitea gustatuko litzaioke. Eta Korrikaren amaieran ere egongo da ziur aski.

Orain Yokohaman unibertsitateko irakasle agregatua da. «Oraindik ezin dut, baina agian hiruzpalau urte barru askatasun gehiago izango dut Euskal Herriari lotutako gaiak sakonago ikertzeko. Euskal Herrira bidaiatzen ere jarraituko dut, urtean behin edo bitan. Euskal Herriak eta euskarak harrapatu egin naute».

Oraingoan hiru aste emango ditu Euskal Herrian, «denboraren erdia antolatuta, eta, beste erdia, inprobisatzeko prest». Antolatuta dakarren denbora tarte horretan hitzaldiak emango ditu eskola desberdinetan. «Ikasleei nire esperientzia azaltzen diet, nola ikasi nuen euskara, nola lotu naizen Euskal Herrira, zer-nolako esperientzia izan den...». Batzuetan, kanpotik datorrenaren begiradak lagundu dezake norberak bereari begi diferentez begiratzeko.