GAUR8

Juan Crisostomo de Arriagaren omenezko webgunea sortu dute bere heriotzaren 200. urteurrenean

Juan Crisostomo de Arriaga konpositore bilbotarraren inguruko webgunea sortu dute haren heriotzaren bigarren mendeurrenean. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak garatu du proiektua Bilboko Udalaren laguntzarekin, musikagile bilbotarraren figura eta ondarea zabaltzeko.

Juan Crisostomo de Arriagaren omenezko eskultura, irudian.
Juan Crisostomo de Arriagaren omenezko eskultura, irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak webgune berri bat garatu du Bilboko Udalaren laguntzarekin, Juan Crisostomo de Arriaga (1806-1826) konpositore bilbotarra oroitzeko bere heriotzaren bigarren mendeurrenean: https://www.eresbil.eus/sites/arriaga/eu/.

Bilboko Udaletik gogorarazi dutenez, Arriaga 1826ko urtarrilaren 16an hil zen Parisen. Oso gazte hil zen arren, pieza ugari sortu zuen eta bere musikak bizirik dirau mende bi geroago. Izan ere, bertako zein nazioarteko talde ugarik interpretatzen jarraitzen dute bere lana, «euskal konpositore unibertsalenetako bat» baita.

Webgunearen helburua da musikagile bilbotarraren figura eta ondarea herritar guztiengana hurbiltzea, eta espazio irisgarri eta erreferentziazkoa eskaintzea bere bizitzan eta musika ekoizpenean sakondu nahi duten guztiei.

Web berria konpositorearen ibilbidea eta ondarea xehetasunez ezagutzeko aukera ematen duten zenbait ataletan antolatuta dago. Hasteko, Arriagaren biografian, testuinguruan kokatzen dira bere bizitza eta prestakuntza musikala. ‘Kontserbatutako obren eta musika-iturrien errepertorioaren katalogoa’ ere bildu da, Bilboko Udal Liburutegien Sareko liburutegi digitalean eskuragarri dauden eskuizkribuen esteka zuzenekin batera.

Gainera, konpositoreari buruz Eresbilen kontserbatutako partituretara, soinu grabazioetara eta bibliografiara iristeko bidea gaitu da, eta eskubiderik gabeko materialetan, objektu digitaletarako zuzeneko irispidea ere sartu da. Azkenik, Musikasteren programazioan musikariaren obrekin lotuta dauden soinu grabazioen hautaketa bat jaso da.