Korrika eta adimen artifiziala
Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa… Nork ez luke Korrika amaigabe batean bizi nahi! Hau da giroa eta indarra, hau da harrotasuna! AEK-ko antolatzaileek gogorarazi izan dutenez, baina, Korrika desagertzeko jaio zen: helduen euskalduntze-alfabetatzea bururaino eramateko, alegia. 46 urte hauetan urrats esanguratsuak eman badira ere, oztopoak eta mugak nabarmenak dira oraindik. Hori aski ez, eta azken boladan kezka bat urgaineratu da: adimen artifizialarekin aldibereko itzulpenak eskura edota belarrira izango baditugu, zertarako ikasiko du jendeak euskara? Itxura denez, legeez gain, arrazoiak ere findu beharrean gaude.
Maria Leok azaltzen duen bezala, galdera horren atzean egiturazko diglosia egoera ezkutatzen da: zergatik planteatzen da hori euskararekin eta ez gaztelera eta frantsesarekin? Beharrezkoa ez delako. Hori salatuz, bada beste kontraargudio bat: hizkuntza batetik bestera itzultzean, hain zuzen, ez al gara ohartzen hizkuntza bakoitzaren singulartasun eta osotasunaz? “Maite zaitut” itxuraz “te quiero” baita, baina ez guztiz (horregatik «Batzuetan I love U idazten diogu elkarri, maite zaitut batek ikaratzen gaitu…»); “lana” ustez “trabajo”, nahiz eta “auzolanerako” deialdiak “trabajo de barrio” edo “action de quartier” baino zertxobait gehiago mugiarazten gaituen; “aberria” “patria” omen… edo justu kontrakoa, bereziki “todo” edo “dana emon biar (ba)yako”! Hizkuntza bat, gramatikaz eta hitzez harago, harremanen, emozioen eta esanahien ekosistema oso bat baita. Hizkuntza batek, denotatu ez ezik, konnotatu ere egiten baitu.
Horrek ez du esan nahi hizkuntzak ezin direnik itzuli, baizik eta ezin dela osoki egin, itzulpenak egitean beti zerbait bidean geratzen dela: hitz horri lotutako bizipenak, esaldi horrek duen karga historiko eta politikoa, hitz-jokoaren atzeko ironia ikusezina, munduaren antolaketa sinbolikoa… Eta jakina, hitz egin ahala unibertso hori etengabe birsortzen duen komunitatea. «Hitzek beti naramate norbaitengana», dio Jose Luis Otamendik. Korrikak erakutsi eta sentiarazten digunez, hortxe datza hizkuntza bakoitzaren potentzial komunitarioa: elkarren arteko hizketan jartzen gaitu, hartu-emanean, abstraktuki beharrean nonbaitera eta norbaitzuengana lotuz. Harreman oro bezala, hori osatzen edo ordezkatzen saia gaitezke, baina ezin da transferitu, bakarra baita.
Itzulpenen aitzakian, nola elikatu itzuli ezin den horrekiko guztiarekiko gosea? Eta hori nola bilakatu euskara ikasteko akuilu? Egiturazko aldaketa politiko, juridiko eta sozialen baitan, itzulpenerako aukerak orokortzeak euskara ikasteko arrazoiak gutxitu beharrean areagotu egin ditzakeela iruditzen zait.
Bide batez, baita ikasteko baliabideak ere. Alde horretatik, zergatik ez bilakatu adimen artifiziala bera bidelagun? Jada egiten ari denean sakonduz, xuxurlari lana egiteko treba dezakegu, are hitzaldi, bilera edota formakuntza gehiago euskaraz egin ahal izateko. Edo mintzalagunen figurak biderkatzeko –ez ordezkatzeko– balio dezake: mintzapraktiken kasuan, zergatik ez hitz egin euskaraz adimen artifizialarekin ere? Jakina, ez du inoiz Nerea Azurmendiren edo Maialen Lujanbioren ahozkotasunik izango, baina Duolingo baino erabilgarriagoa izan liteke, gutxienez. Edo klasetik klasera idatzitako testuak hobetzeko. Edo oraindik irudikatu ere egin ezin ditugun tresna berriak asmatzeko.
Hortaz, hizkuntza politika ausartak bultzatzeaz batera, jar dezagun galdera atzekoz aurrera: aldibereko itzulpenak eskura edota belarrira izango baditugu, nola ez du ba jendeak euskara ikasiko? Bitartean, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Ko-rri-ka! •


