GAUR8

Sudango gerra, gero era krudelagoa

Sudango gerra geroz eta krudelagoa da. Herritarrak bataren eta bestearen erasoen artean harrapatuta daude, behartutako desplazamenduak geroz eta gehiago dira eta krisi humanitarioa okertzen ari da. Emakumeen kontrako sexu indarkeria ere areagotzen ari da.

Urtea hasi denetik 500 lagun hil dira droneen erasoen ondorioz Sudanen, eta martxoan soilik 277 heriotza zenbatu dituzte. Azken egunetako erasorik gordinena El Daein erietxe unibertsitarioaren kontra Darfurren egindako erasoa izan da. 70 hildako eragin dituzte, tartean 13 haur. Merkatu baten kontrako bonbardaketa batean, berriz, 28 hildako izan dira, eta Darfurreko beste eramuetan 114 hildako zibil zenbatu dituzte. 2023An hasi zen gerran milaka lagun hil dira, zenbait hedabidek 150 mila direla diote. 13 milioi pertsonek euren etxebizitzak utzi behar izan dituzte, eta gaur egun dagoen krisi humanitariorik larriena dela diote Gobernuz Kanpoko Erakundeek.

Boterea hartzeko demaren gainetik, indarkeria martxista beste behin isilean pasatzen ari den gerra krimena ari da izaten. Mugarik Gabeko Medikuek diotenez, Darfur eskualdean, alegia gatazka gordinenen ari den eremuan, bizirik atera diren bortxatutako emakumeen %20 adin txikikoak dira. Txostenean jasotzen denez, Al Fasher herria hartzerakoan, pasa den urrian, bortxatu zituzten 140 emakume artatu zituzten, eta erasotzaileak gehienetan militarrak izan ziren.

Arabiarrak ez diren komunitateak izan dira gehien kolpatuak, askotan gizonezko batek baino gehiagok bere familiaren aurrean bortxatu dituzte emakumeak.

Sudango armadaren eta Babes Azkarreko Indar Armatuen arteko gerra 2023ko apirilean hasi zen eta herritarren egoera geroz eta okerragoa da. Hauetaz gain, Errusia edota Arabiar Emirerri Batuen presentzia ere badago, eskualdean biek euren eragina handitu nahi baitute.

Sudango armadak ekialdearen kontrola du, eta Babes Azkarreko Indar Armatuek mendebaldea. Gerra ez aurrera ez atzera dago, eta inguruko herrialdetara gatazka zabaldu daiteke. Pasa den martxoaren 18an Chaden 17 lagun hil zituzten Sudandik bidalitako droneek Tiné izeneko hiria erasotu ondotik. Chadek muga itxi du eta Etiopiari askok matxinatueak armaz hornitzea egozten diote.