
Max Ernst (Brühl, Alemania, 1891ko apirilaren 2 - Paris, 1976ko apirilaren 1) margolaria, eskultorea, marrazkilaria, artista grafikoa, poeta eta artearen teorikoa izan zen.
Irrazionaltasunaren, ametsen eta subkontzientearen pintoretzat hartu izan da eta arte garaikideko pertsona nabarmenetako bat izan zen, funtsezkoa mugimendu surrealistaren sorreran eta garapenean. Are gehiago, Europako abangoardiaren maisu handienetakotzat jotzen da.
Bonnen filosofia ikasketak egin zituen eta 1917az geroztik hasi zen margotzen. 1919. urtean Koloniako taldea sortu zuen Jean Arp pintore frantsesarekin batera. Azken joerei jarraituz, teknika neorrealistak sortu zituen: collage-a (erantsitako apaingarri eta paper partikulen bidez fantasiazko mundu bat itxuratuz) eta frottage-a (azalera lakar eta zimurren gainean igurtziz lorturiko irudiak erabilita).
1941-1949 urteetan Estatu Batuetan egon zen eta eskulturari ekin zion eta, Europara itzultzean, aurreko molde surrealistek ez zuten halako eraginik izan bere margolanean.
Inoiz ez zuen esperimentatzeari utzi. Azken urteotan, mundu osoko komisarioek bere lan eta sorkuntza ezezagunetan sakondu dute, ikuspegi historiko zein teoriko berriak agerian utziz.
Margolari honek diziplinarteko intelektual gisa hartu zuen bere burua, iraganeko maisu handietan etengabe inspiratuta, baina baita bere garaiko artearen aukerak zabaldu zituen sortzaile berritzaile gisa ere. Zinemagintzan, esaterako, etengabeko eragina izan zuen.

