Gorka Julio
Euskal Herria Digitaleko kidea

Desiraren arkitektura digitala

Ilustrazioa: YERAY GASCON
Ilustrazioa: YERAY GASCON

Sare sozialak, streaming plataformak edo mezularitza aplikazioak komunikatzeko, informatzeko eta entretenitzeko erabiltzen ditugu. Hala ere, gero eta argiago ikusten da ez direla kanal neutroak. Gure arreta, ohiturak eta desioak antolatzeko diseinatutako sistemak ere badira.

Sarritan entzuten dugu teknologia tresna hutsa dela, neutraltasuna omen duela bere ezaugarri nagusi. Baina baieztapen horren atzean, konturatu edo ez, apustu ideologiko bat dago. Milaka aldiz errepikatu arren, egiatik gutxi dauka. Izan ere, gaur egun egunerokoan erabiltzen ditugun teknologia asko ez dira tresna soilak. Eguneroko praktikarekin gure gorputzarekin sinbiosi moduko harremana osatzen dute. Telefono mugikorra ez da jada gailu bat bakarrik; gure memoriaren, orientazioaren edo komunikazioaren luzapen bihurtu da. Ildo horretan, teknologia hauek gure gaitasunak zabaltzen dituzte. Baina, aldi berean, gure arreta eta gure denbora antolatzeko gaitasuna ere badute.

Teknologia hauek gure onerako edo txarrerako erabil ditzakegun tresnak dira. Baina askotan ez ditugu kontrolatzen atzean duten diseinu logika eta gidatzen dituzten interesak. Eta, horregatik, neurri batean, guk kontrolatu ordez haiek antolatzen dute gure jarduera.

Horrek ez du esan nahi teknologia guztiak kaltegarriak direnik. Sare digitalek komunikazioa erraztu dute, ezagutza partekatzeko aukerak zabaldu dituzte eta komunitate berriak sortzeko bideak ireki dituzte. Baina ezin da ukatu teknologia horiek gure gorputzean eta gure bizipen afektiboetan eragin zuzena dutela.

Eragin hori ez da soilik teknologia berrien inguruan askotan aipatzen diren efektu fisikoen ondorioa. Askoz sakonagoa da: gure arreta, gure ohiturak eta, batez ere, gure desioaren antolaketa moldatzen dituzte.

SCROLL INFINITUA, AUTOPLAY ETA NOTIFIKAZIOAK

Horregatik ulertu behar dira plataforma digitalek erabiltzen dituzten diseinu mekanismo batzuk: scroll infinitua, autoplay funtzioa edo etengabeko notifikazioak. Xehetasun tekniko hutsak dirudite, baina funtsean arreta ekonomian oinarritutako diseinu estrategiak dira.

Scroll infinitua sare sozialetan ohiko bihurtu den mekanismoa da. Edukia amaitu ordez, pantailak automatikoki kargatzen jarraitzen du erabiltzaileak beherantz mugitzen duen bitartean. Diseinu horrek esperientzia jarraitua sortzen du: informazioa arakatzea errazten du eta edukien aurkikuntza sustatzen du. Baina badu ondorio nabarmen bat ere: amaiera naturalaren desagerpena.

Liburu batean edo egunkari batean badago azken orrialde bat. Scroll infinituan, ordea, ez dago amaierarik. Horrek denboraren pertzepzioa lausotzen du eta kontsumoa luzatzen du. Neurozientziaren ikuspegitik, mekanismoak sari txiki eta irregularren logikan funtzionatzen du. Eduki interesgarri bat agertzen denean dopamina askatzen da, eta horrek erabiltzailea jarraitzera bultzatzen du.

Antzeko zerbait gertatzen da streaming plataformen autoplay mekanismoarekin. Kapitulu bat amaitzen denean, hurrengoa automatikoki hasten da. Sistemak frikzioa kentzen du, erabiltzaileak ez du erabaki beharrik jarraitu nahi duen ala ez. Erabakirik gabeko erabaki bat; sumisio onartua. Horrek kontsumo jarraitua errazten du, baina gelditzeko momentua ere desagerrarazten du.

Notifikazioek ere logika bera dute. Telefono mugikorrak alerta txikiak bidaltzen ditu erabiltzailearen arreta berreskuratzeko. Batzuetan beharrezkoak dira, komunikazioa azkartzen dutelako. Baina gehiegizko notifikazioek arreta eteten dute, kontzentrazioa zaildu eta antsietatea areagotu dezakete.

DESIRAREN MOLDAKETA

Mekanismo hauek guztiak gorputzarekin lotuta daude: dopaminaren ziklo laburrak, arreta etengabe zatitzea edo neke kognitiboa. Baina dimentsio fisiologikotik harago, badute beste ondorio bat ere: desioaren egitura bera moldatzen dute.

Zenbait pentsalariren pentsamendua baliagarria izan daiteke honetan guztian gidatzeko. Horietako batzuk zaharrak dira, baina badira gai honetan orain eta hemen pentsatzen ari direnak ere. Jarraian aztertuko ditugu horietako batzuk.

Baruch Spinozak desioa izakiaren potentzia gisa ulertzen zuen: bizitzeko eta munduan jarduteko indarra. Gilles Deleuze eta Félix Guattariren irakurketan, desioa ez da hutsune bat, baizik eta ekoizpen fluxu bat. Baina gaur egungo ekonomia digitalak fluxu horiek algoritmoen bidez kanalizatzen eta monetizatzen ditu.

Franco “Bifo” Berardik dio gaur egungo kapitalismoak ez duela soilik lanaren indarra ustiatzen; arreta eta irudimena ere ustiatzen ditu. Informazio fluxu etengabeak arreta zatitzen du eta esperientzia sakonaren gaitasuna ahultzen du. Horren ondorioz, desioa bera ere mikro-estimuluetara egokitzen da.

Byung-Chul Hanek antzeko diagnostikoa egiten du. Bere ustez, gaur egungo boterea ez da debekuan oinarritzen, baizik eta estimuluen gehiegizko eskaintzan. Ez digute zer egin debekatzen; etengabe zerbait gehiago eskaintzen digute. Horrela sortzen da psikopolitika: subjektuak bere kabuz konektatuta egotera bultzatzen dituen botere forma.

Shoshana Zuboffek beste ikuspegi batetik aztertzen du fenomenoa. Bere arabera, plataforma handiek kapitalismo zelatari bat garatu dute, erabiltzaileen datuak eta portaerak etengabe aztertzen dituena. Helburua ez da soilik erabiltzailearen portaera aurreikustea; neurri batean portaera bera moldatzea da.

McKenzie Warkek, berriz, azaltzen du nola sortu den informazio fluxuak kontrolatzen dituen klase bektorialista. Plataforma handiek gure komunikatzeko eta partekatzeko joera aprobetxatzen dute. Gure eguneroko harremanak, neurri batean, merkantilizatutako datu bihurtzeko.

ETA ORDUAN ZER?

Testuinguru horretan, scroll infinitua, autoplay-a edo notifikazioak ez dira interfazearen xehetasun hutsak. Desioa gidatzeko arkitektura teknologikoak dira. Horrek ez du esan nahi teknologia baztertu behar denik. Sare digitalek aukera berriak sortu dituzte komunikazioan, ezagutzaren zirkulazioan eta sormen kolektiboan. Baina fenomeno hauek ulertzea funtsezkoa da.

Azken batean, galdera ez da soilik zenbat denbora pasatzen dugun pantailen aurrean. Galdera sakonagoa da: nork antolatzen ditu gure arreta eta gure desioa. Teknologia digitalak gure bizitzaren sinbionte bihurtu badira, beharrezkoa da haien logika ulertzea. Horrek bakarrik ahalbidetuko du teknologiarekin harreman kontzienteago eta autonomoago bat eraikitzea.

Azken batean, auzia ez da teknologia erabiltzea ala ez. Auzia da nola diseinatzen diren eta zer egiten duten gure desioarekin. Hor dago gaur egungo borroka kultural eta politikoetako bat.



Jakinarazpena

I. Dopamina: Pantailak dardara egiten du. Txinparta goxo batek zeharkatzen du garuna. Dopamina hutsa, berehalakoa; nork idatzi duen jakin aurretik ere, hatza bere kabuz mugitzen da.

II. Kortisola: Iruzkin bat. Anbiguoa. Bihotza azeleratzen da, masailezurra tenkatzen. Gorputzak ez du bereizten. Borroka edo ihesa. Erantzun edo ez ikusiarena egin. Biak batera gertatzen dira.

III. Antsietatea: Bizitza perfektuen argazkiak igarotzen dira. Irudi bakoitza konparaketa isil bat, ziztada txiki bat. Autoestimuaren higadura txiki bat da scrollak aurrera jarraitzen duen bitartean.

IV. Erorketa: Hogeita hamar minutu igaro dira. Garunak gehiago eskatzen du. Asperdura ia desagertu da, estimuluek kolpeka ezabatu zuten. Orain, baina, edozein eten hutsune mingarri bihurtzen da.

V. Gorputzak hitz egiten du: Lepoak protesta egiten du. Begiek erretzen dute. Presio bero bat nabaritzen hasia zara soinean. Eskuak, kristalaren gainean uzkurtu dituzu, ia ahazteraino hor direla, zureak direla, zu zarela.

VI. Argi urdina: Berandu da, baina zure gorputzak ez daki hori, gezurra ari du, ez dago gaurik, ez melatoninarik, ez loaren arrastorik... Soilik distira hotz hori, beste jakinarazpen bat, beste deskarga bat, hurrengo kapitulua...

VII. Isiltasuna: Azkenean, hatzak alboko botoia sakatzen du. Zure gorputza izan da, zu izan zara, automatismo defentsibo batez akaso. Pantaila itzali egiten da. Iluntasuna arrotza da, ia deserosoa. Garunak hurrengo pultsua itxaroten du oraindik. Baina oraingoan, ez da iristen.

Eta bat-batean mundua bere tamaina errealera bueltatzen da.