Ezegonkortasunari etorkizuna emanez

Hollywooden mundu guztiko begiradak erakartzen dituzten Oscar sariak banatu baino egun gutxi batzuk lehenago, mundu mailako arkitektura sari ospetsuenaren garailea ezagutzera eman zen martxoaren 13an. Smiljan Radic (1965, Santiago, Txile) izan da hautatua.
Pritzker saria irabazten duen bosgarren arkitekto latinoamerikarra da, Barragan, Niemeyer, Mendes da Rocha eta Aravenaren ostean, azken hori ere txiletarra. Lehenengo hirurak arkitekturaren historiako maisu handiak dira, haien eraikinak ikasi eta marraztu egiten dira arkitektura fakultateetan eta ibilbide profesional oso luzeen ostean irabazi zuten saria. Barraganek 78 urte zituen, Niemeyerrek 81 eta Mendes da Rochak ere 78. Hitz larriz idazten diren izenak dira, arkitekto klasikoaren pertsonifikazioa; trajez jantzitako gizon serio, jakintsu, autoritario eta, seguru, erretzaileak.
Baina Hego Amerikako arkitektura belaunaldi berriek, haien guraso intelektualen sormen gaitasunari buelta bat eman diote, premia, desio eta garai berriei erantzuteko. Niemeyerrek Brasilia hiriburuko eraikin ofizialak eraiki zituen bitartean, Aravenak, besteak beste, pertsona txiroentzako etxebizitzak sortzeko antolakuntza eta eraikuntza sistemak proposatzeagatik irabazi zuen Pritzker saria. Aravenaren arkitektura soila, errekurtso gutxirekin egina eta erresilientea bazen, Smiljan Radicek ezaugarri horiek hurrengo mailara eraman ditu. Erakusketa pabiloiek, behin-behineko esposizioek eta performance arkitektonikoek eman diote ospea, eta, horregatik, arkitekto arrunta baino, eraikinak ere egiten dituen artista dela esan liteke.
Lehenagotik ere lanak eginak bazituen ere, arreta piztu zuen 2016an Londreseko Serpentine Galery behin-behineko pabiloia diseinatzeko eskatu ziotenean. Beira zuntzez eginiko oskol arin bat landatu zuen harrobitik gordin ekarritako harritzar astun batzuen gainean. Arintasunaren eta masiboaren edo bigunaren eta gogorraren arteko dikotomian jarduten den arkitektura egiten du Radicek, garaien kontraesanak bere eraikinetan irudikatu nahian bezala. Zati batzuk, agian, haizete batek eramango ditu; beste batzuk ordea, betirako geratuko dira.
Ezegonkortasuna proiektuaren genesi bihurtzearen jokoa beste lan askotan ere baliatu du. NAVE kultur etxearen kasuan, literalki zirku karpa gorri bat jarri zion gainean XX. mende hasierako eraikin bati, bertan egingo ziren jarduera artistikoekin guztiz bat datorren ikur probokatzaile modura. Arintasunarekin jarraituz, puxiken arkitektura ere landu izan du, teknika berberarekin atmosfera guztiz ezberdinak sor ditzakeela erakutsiz. Londresen, Alexandre McQueenen modelo desfilea burbuila garden baten barruan egin zen, arropari besteko garrantzia emanez ekitaldia inguratzen zuen etxe orratz paisaiari. Arropa urbanoaren pasarelan hiria ezin ezkutatu. Txileko arkitektura bienalerako, ordea, inguruaren erreflexu apurtua itzultzen zuen puxika metaliko bat diseinatu zuen, barruan, erakusketa, kanpoko mundutik at geratzen zelarik. Bi mundu elkarri bizkar emanda, milimetro bateko oihala muga izanik.
Arina, astuna, opakoa, gardena, gordina, landua… Dikotomiekin jolasten du Radicek, eta mundu dikotomiko gero eta muturreko honetan, agian, egungo garaiak ondo irakurtzen dituen arkitektura bat egiteagatik saritu dute txiletarra.
Baina ezegonkortasuna eta hauskortasuna ez dira gauza bera eta bere lanak ezegonkorrak bai, baina erresilienteak, aldakorrak eta egokitzeko kapazak ere badira, gizakiak zailtasunen aurrean egokitu eta aurrera egiteko duen gaitasunaren isla. Agian badago iluntasun eta zalantza garai hauetan, gauzak bestela eginda, etorkizun eta esperantzarako tokirik. •

