Josu Ozaita
Antropologoa

Itsas herria arnastea

Saregile kuadrilla, sareak konpontzen Getarian. «Zuloa sarean, antxoak jolasean», dio esaera berriak.
Saregile kuadrilla, sareak konpontzen Getarian. «Zuloa sarean, antxoak jolasean», dio esaera berriak. (Josu OZAITA)

Iltzatuta geratu zitzaidan, duela urte asko, Pio Perez antropologoak klase batean bota ziguna: «Euskal identitatea baserriaren eta nekazaritzaren inguruan eraiki da. Zer gertatuko litzateke itsasoaren eta herri arrantzaleen gainean sortu izan balitz?». Galdera hark jakin-mina sortu zidan, eta itsas mundu horretara hurbiltzeko gogoa piztu. Itsasoa ezezaguna da barrualdean bizi garenontzat, baita kostaldeko askorentzat ere, baina sortzen du zerbait berezia, agian, gutxi dakigulako mundu horri buruz, nahiz eta munduko %71 ura izan, eta, lurra, % 29.

Bost egunez bederen, Getariako bizitzan barneratzeko aukera izan dut bertako Udalak eta Uxue Alberdik sorturiko “idazle egonaldiak” ekimen ederrari esker, herriko hotelekin elkarlanean. Saiaz Hotela izan dut kanpamentu nagusi, itsasoa nire bulego berriaren inspirazio. Eta, luxuzko ikuspegiekin, etxean bezala sentiarazi naute Mikel eta Boubacarrek.

MOILAKO BIZIA

Parrilla eta itsasoa dira nire etnografiaren oinarri Getarian, itsasoaren eta suaren arteko harreman hori. Egonaldi hau bizi arte, turistak izan gara gu ere Getarian; erdiguneko bi kaleetan gora eta behera ibili, portura hurbildu eta herri polita dela esan. «Portua ez, moila deitzen diogu hemen», esan zidan behin Elkanoko Aitorrek. Bost eguneko etnografian, bestelako Getaria bat ezagutu dut, errealitatera gehiago hurbiltzen dena. Moilara hurbildu nahiz behin eta berriz, eta, Artzapeko Katrapunatik behera, beste herri bat deskubritzea bezala izan da, Elkanoren begiradapean.

Arrantzaleek egunak emango dienaren ziurgabetasunetik prestatzen dituzte itsasontziak. Tailer edo fabrikan, aurretik jakiten dute eguneko produkzioa zein izango den. Itsasoan, aldiz, egun guztiak ez dira berdinak: ez dakite zenbat arrantzatuko duten. Antzekoak izaten direnean ere, arrantzatukoaren prezioak aldatuko du eguna. «Arrantzatu ez, harrapatu esaten dugu hemen», esan zidan duela urtebete Justo Silbetik, 90 urteko arrantzaleak.

Sareak konpontzen ari da kuadrilla bat, arrantza itsasontziaren alboan, eguzkitakoen itzalpean. Esaera berriak dioen bezala: «Zuloa sarean, antxoak jolasean». Ezinbesteko jarduna, harrapatu nahi bada. Arrantzale gazte bat, itsasontzian dator moilara. Bertaratu egin naiz, herriko adinekoak gerturatu diren bezala: berdelak, barbarinak, lupia... Pozik dago, arrantzak izaten dituen gorabehera horietan, gaur goran egotea tokatzen delako. Bazterreko arrantza egiten du, eta, hala, inguruan dabiltzan arrain desberdinak harrapatzen ditu, itsasoko aberastasuna dastatzeko aukera baliatuz. 25 urte soilik ditu, eta arrantza bizi luzea aurretik, bai behintzat marea alde badu. Beste egun baterako utziko dugu bere istorioa, atal osoa merezi du eta.

Itsasontzi bat lanera bidean. (Josu OZAITA)

Moila bizirik dago oraindik ere, bertako eraikin batzuek kontrakoa badiote ere. Kofradia zaharra, garai bateko sare tindategia, onenak emanda dagoen erretegi baten irudi eroria... moilako pareta asko sarez eta hesiz inguratuta daude. Tristura sortzen du, hiltzear, agonian, dagoen toki baten azken marruak balira bezala. Edo, esperantzaren irudia ere izan daiteke, hilda baino, lozorroan dagoen eremu batena: bizi berri baten aukeraren esperantzarena. Arrantzaleak beti baitu esperantza, bestela ez litzateke itsasora joango. Nolako moila topatuko ote dugu hemendik hogei urtera etortzen bagara? Pareta horiek ze arima babestuko dute? Itsas herri izaerari eutsiko al diote ala beste lilura batek engainatuko ditu? Ederra litzateke moila horrek bizi berri bat hastea, XXI. mendeko galderei erantzunez, betiere, jakina, herriaren izaera diren arrantza eta parrillaren kultura hori harrapatzeko bada.

GAUPASA EGINDAKO ANTXOA

Arratsaldean mugimendua dago moilan: antxoatara doaz itsasontziak, eguzki amandrea bere amarengana doan bitartean. Sarea botako dute gauean zehar, teknologia oinarri hartuta. Hiru aldiz agian, egunsentiarekin batera, Kofradian sartzeko; kargatuta ahal bada. «Egunsentia ez, ‘alba’ esaten diogu hemen», esan dit itsas lanak utzita dagoen arrantzale batek.

Festa modukoa da moilan bizia ikustea lurrean gaudenontzat. Adineko batek oroitu du lehen begiekin arrantzatzen zutela, ez makinekin. Izurdeek itsaspetik antxoak altxatzen dituzte, eta ur azalean dirdira ikusten da. Antxoak beti eguzkira egiten omen du ihesi. Gauean ardora egiten omen du antxoak, argi berezia utziz ur gainean. Ilargia zenean, berriz, danba-harria botatzen zuten lehen txikot batekin lotuta. Harria botatzean, danba egitean, arraina badago, mugitu egiten omen da eta argia egin. Edo bestela, “estraperloan” aritzen ziren. Hau da, intuizioaren bidez sarea botata. Batzuetan asmatu egiten omen zen. Lehen dena ingurua interpretatuz egiten zen, orain pantailari begira; gaurko bizitza bezala. «Adelantuak dena izorratu dik», esan du.

Itsasoari begira bizi da Getariako herria. (Josu OZAITA)

Antxoa azkar saltzea garrantzitsua da, freskoak beste bizi bat duelako. Italiatik etorrita, antxoak kontserba bilakatzeko fabrikak sortu ziren herrian, eta Getariako bodega gehienetan, emakume eta haurrak lan egiten zuten antxoak garbituz. Asko zenean, baserriz baserri saltzera joaten ziren arrantzaleak, edota, kasu txarrenetan, baratzeetako ongarri bezala erabili behar, lurrari jaten emateko. Idi eta gurdiekin hurbiltzen ziren moilara goiko baserritarrak.

Hurrengo goizean, moilara joan naiz, ez dago ia inor. Kaioak, adi, beti bezala. Ez dela ezer gertatzen dirudi, itsasontzi batzuk bertan daude: Mater II, Kantauri, Kaximirona, Gure Gogoa, Berriz Irigoien...Furgoneta bat gelditu zait parean, Elkanoko Koldo da, arrain bila omen doa, eta berarekin joateko gonbita egin diot nire buruari. Kofradian sartu eta pareten barruko herri bizi bat topatu dut, nire harridurarako. Eskorgetan kaxak hara eta hona, kamioiak betetzen, koadernoekin batzuk apunteak hartzen, antxoa kaxak lagin bezala... Lo egin gabe dagoen arrantzalea urduri, gaueko lana zenbat kobratuko duen ez dakiela. Salmenta egingo da, “burtsa” balitz bezala, prezio batetik abiatu eta beherantz doala. Beste barku bat iritsi da, salto egin eta korrika doaz salmenta puntura antxoa kaxen laginak hartuta. Antxoa garaian, denbora ere jokoan sartzen da.

Antxoaren tamainak garrantzia du, geroz eta handiagoa hobe; haragitsuagoa. Antxoaren freskotasunak beste prezio bat izango du, «lo egindako antxoak» gutxiago balioko duelarik, eta, azkenak, ia alban harrapaturikoak, berriz, gehiago. Gaueko lehen orduan harrapatutako antxoak, jada ordu batzuk daramatza “lo”. Eta azken arrantzakoak, aldiz, oraindik oso fresko daude, gorputzean eta kolorean nabari zaielarik. Gaupasa egin duen antxoa, txapeldun. Kamioiak martxan dira, Getariako antxoa saltzera eramateko prest.

ITSASOAREN XARMA

Getariako sagura joan naiz, zaintza lanak egin eta baleak begiztatzen zituzten talaia hartatik itsas zabala gozatzera. Begiekin ehizatzen da bertan. Donibane Lohizune eta Larhun ikusten dira albo batera, Bermeoko Matxitxako bestera. Jorge Oteizak ez zuen sagua ikusten, baizik eta moilan sartzen ari zen balea, eta haserretu egiten zen jendeak sagua ikusten zuelako. Balea harri bilakatuta, itsasoaren eta euskaldunen harremanaren eskultura. «Sagua ez, San Anton deitzen diogu hemen», beste batek. Arrantzale gehienek partea omen zuten San Antonen, alokairuan. Arrantza familiek baratzea zuten bertan, eta denetik egoten bazen ere, patata zen gehien lantzen zena. Marmitakoak patata behar du, hegaluzeari laguntzeko.

Itsaso hotsa izan dut bost egunetan lagun, entzumenak paisaian sartzen zaitu, bere parte bilakatzen. Itsasoa zakar egon da batzuetan, bare besteetan. Pertsonak bezala. Badu zerbait berezia itsasoak, errespetua sortzen duena, gizakia txiki bilakatzen duena, nahiz eta hura menperatzeko fantasia izan batzuek. Itsasoa beti izango da nagusi, hala ere. Miretsia, inspiratzaile, lanbide, bizimodu... Lagun batek esan zidan: «itsasoak zauri guztiak sendatzen ditu». Eta hala da, itsasoan barneratzen garenean, itsasoan sartzen garenean, arima garbitzen zaigu. Eta pertsona berri bat ateratzen da uretatik.

Saiaz Hoteleko nire logela. (Josu OZAITA)

Arrantzale izan denak moilara egiten du bisita, ia egunero. Itsasontzia duenak, ez du inoiz lana utziko, nahiz eta itsasora ez joan. Elkanoko Aitorrek esaten duen moduan, «itsasora joaten denak, itsasoa behar dik».

Arduratuta nago, egun hauetan ez dudalako Justo topatzen, eta hara non, urrunean non ikusi dudan txapeldun aitona bat. Justo ote? Gerturatu ahala, bioi irribarrea atera zaigu, ardora begietan. Iaz hainbat elkarrizketa egin nizkion, eta antropologiak ematen dizkidan opari horietako bat da bera ezagutzea. «Justo, non ibili zera, arduratzen hasita nengoen jada!», esan diot, 90 urte eta burua ni baino argiago duen gizonari. «Oporretan, Josu, Galizian. Duela hamarkada batzuk arrantzara joaten ginen tokietan ibili gara, eta dena aldatuta dago». Barrea eta miresmena nahastu zaizkit, oraintxe sinatuko nuke 90 urterekin oporretara joateko aukera izatea. Apiril amaiera edo maiatz hasiera arte itxarongo du Justok antxoak erosteko, orduan mardulagoak izaten direlako. Gatzetan egingo ditu, ostera, bizi guztian egin dituen bezala. Itsasoa lurretik ere bizi daitekeelako.

Eta Justorekin batera, tertulian moila igaro dut, lanpernetan ibiltzen ziren gazte garaiko istorio zirraragarriak kontatzen dizkidan bitartean, itsasotik parrilletarako tartean. Baina parrillen kultura hurrengoan kontatuko dizuet...