Koldo Sagasti
Giza eskubideen aldeko ekintzailea

CAF auzitara

Pasa den astean Euskal Herriko, Kataluniako, espainiar Estatuko eta Palestinako hainbat erakundek osatutako koalizio batek iragarri zuen CAF konpainiaren aurkako kereila aurkeztu duela Espainiako Auzitegi Nazionalean, enpresak Palestinako kolonizazioaren azpiegituren eraikuntzan duen esku-hartzeagatik. Otsailean jarri zuten salaketa, eta, jakitera eman dutenez, Fiskaltzak auzia onartu eta ikerketa jarri du abian. Konpainia lehenengo Francesca Albanese NBEko kontalari bereziaren txostenean eta gero NBEko datu-basean agertu izana, gainera, berme sendoa da kereila aurrera atera dadin.

Berriak hautsak harrotu zituen hedabide askotan, baina ia oharkabean pasatu zen EAEko telebista publikoko albistegietan. Espainiako telebistako lurraldekako informazio tartean, kasu, luze samar jorratu zuten gaia, eta informazioa hornitzeko, gainera, salaketa eratu duen legelari-taldeko kide baten testigantza jaso zuten. EITBn, aitzitik, oihartzun mediatikoak behartuta, ohar labur bat irakurri baino ez zuten egin, eta, adituen testigantzaren partez, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren adierazpenak jaso zituzten. Albistegian, Eider Mendozak argudiatu zuen «Palestinako genozidioko erantzule bakarra Netanyahu» dela eta ez direla «arerioak etxean bilatu» behar, CAFekiko erreferentzian.

Netanyahu, gaizto psikopatikoa izan arren, ez da Superman; eta baliteke Palestinako genozidioaren erantzulerik gorenenetako bat izatea, baina ez da bakarra; bakarrik ezingo bailuke garbiketa etniko bat gauzatu inongo ondoriorik gabe. Erantzukizuna maila askotako katea da, eta lehenengo mailan Israelgo Gobernuan genozidioa planifikatu duten politikari eta funtzionarioak daude, baina maila horretatik ez oso urrun daude, halaber, erregimen horri babes politikoa ematen dioten nazioarteko estatu, gobernu eta erakundeak. Eta pixka bat harago ekonomikoki sostengatzen duten nazioarteko konpainiak, eta kolonizazioaren azpiegiturak eraikitzen dituztenak. Horiek, bai, horiek etxekoak ditugu. Tira, agian Mendozak berak ditu beste inork baino etxekoago. •