Londreseko Kew Gardens lorategien bisita azkar bat izan dute egun hauetan. Titan arum landarea, euskaraz ‘aro erraldoi’ bezala ezaguna, loratu egin da. Landare honen loraldia oso arraroa da, 3 eta 10 urtetik behin gertatzen baita, eta ematen duen lore bakarra oso handia da, pertsona bat baino altuagoa. Horrez gain, lorearen berezitasuna da kiratsa dariola. Loreak 48 ordu besterik ez ditu iraungo.
«Gorpu-lorea deitzen diote duen usai txarragatik; ezizena ondo jarri diote zeren benetan gaizki usaintzen du. Haragi ustela eta komuneko hodiak gaizki dabiltzanean dagoen usainaren nahasketa bat da. Loratzen denean, negutegi osoan zehar zabaltzen da usaina. Naturan, oihan tropikal osoan zehar zabaltzen da, polinizatzaileak erakartzeko», azaldu du Solene Dequiret Kew Gardens-eko berotegiko arduradunak.
Lau astetan bi metro eta erdi inguru hazi zen, eta gau batean loratu. Bi egunez soilik egon da zabalik, gero erortzeko. «Hainbeste itxaron behar da gero 48 ordutan desagertzeko!», damu da. Bere esanetan, jendeak beti du landare honetan interesa, loratuta ikusi nahi duelako, nahiko zaila baita harrapatzea. Ezin dugu aurreikusi noiz irekiko den.
Batzuek diote galtzerdi usaina duela, beste batzuk ustel usaina, edo txakurren arnasarena. Usaina hainbesterako ez dela dioten ausartak ere badaude. Edonola ere, halako lore erraldoi bat aurrez aurre ikustea sekulako ikuskizuna da.

