
Francisco Bienzobas Okariz (Donostia, 1909ko martxoaren 26a - 1981eko apirilaren 30a) 1920ko, 1930eko eta 1940ko hamarkadetan aritu zen euskal futbolari aparta izan zen. Erasoko jokalaria, hegalari bezala jokatzen zuen, bai eskuinean eta bai ezkerrean, eta, aurrelaria izan ez arren, sarritan egiten zuen gola. Are gehiago, penaltiak jaurtitzen espezialista zen: diotenez, 75 penalti jaurti omen zituen bere kirol ibilbidean eta bakarra huts egin omen zuen.
Bienzobas aitzindaria izan zen hainbat gauzetan: Espainiako Ligaren inaugurazioko denboraldiko golegile nagusia izan zen eta egun talde donostiarrak Lehen Mailan izan duen ‘Pitxitxi’ bakarra izaten jarraitzen du.
Donostiako Amara auzoan jaio eta hazi zen, bere beste bi anaia futbolariak bezala, Custodio (1906) eta Anastasio, ‘Cuqui’ ezizenez (1913). Hirurak Realetik eta Osasunatik pasa ziren. Azken honetan, guraso nafarrak zituztelako.
17 urte baino ez zituen Realarekin debuta egin zuenean. Hurrengo bost denboraldietan funtsezko jokalaria bihurtu zen. Txuri urdin bezala bizi izan zuen estatuko Ligaren lehen edizioa (1929) eta, bere ibilbidean, 109 tanto egin zituen 196 partida ofizialetan, horietatik 39 gol Lehen Mailan. Realaren historian Lehen Mailako goleatzaile nagusi gisa denboraldi bat amaitu duen jokalari bakarra izan da.
1932an, Harry Lowe entrenatzaile ingelesarekin tirabirak izan zituenez, hiru Bienzobas anaiek Osasunara lekualdatu zituzten. Garai hartan Osasuna Bigarren Mailan zegoen eta Pacok, bere hirugarren denboraldian, ospatu ahal izan zuen gorritxoen igoera. 36. Gerra piztu zenean, Liga bertan behera geratu eta Donostia eta Realera itzuli zen, une horretan zilarrezko mailara jaitsi zen arren.
Futbolari izateari utzitakoan, epaile lanetan aritu zen Lehen Mailan. Onenetarikoenen artean zegoen. Garaiko futbola ez zen gaur egungoa bezala. Paco Bienzobasek lanbide desberdin izan zituen, esaterako, Beteluko bainuetxean piano-jotzaile eta Donostiako Tabakalerako langilea.

