
1996ko maiatzaren 1ean, emakume batek eta bederatzi gizonek osatutako talde batek Bizkaiko Garai herria ‘hartu’ egin zuen. Horien artean Javier Zumalde ‘El cabra’ zegoen. ETAko lehen buruzagi militartzat jotzen da, zehazki 1965 eta 1976 urte artean, baina, berez, 1966an utzi zuen erakundea. Desadostasunen ondorioz, ‘ETAko Talde Autonomoa’ eratu zuen, ‘Los Cabras’ bezala ezagutzen zena. 25 bat militantek osatzen zuten komandoa, horietako batzuek hasiera batean ETAtik kanpo jarduten zutela jakin ez zekiten arren.
Mendi-gerrillako prestakuntzatik, goi-tentsioko zutoinetan ikurrina handiak jartzeko kanpaina bultzatu zuten. Beraien ekintzarik ikusgarriena Garaikoa izan zen: gerrilla-jantziekin hornituta –besokoetan ikurrinak eta ETAren siglak zeramatzatela–, pintadak egin eta panfletoak bota zituzten. Guardia Zibila iritsi orduko ihes egin zuten.
Uztailaren 18an –frankistentzat data enblematikoa– Eubako La Granja okupatu zuten. Frankismoaren operazio-base bat zen. Mugarraren magaleko koba batean ezarri zuten garai hartan euren ‘kuartel nagusia’ eta Arrasateko, Oñatiko eta Durangaldeko mendiak operazioen eszenatoki bihurtu ziren.
1968. urtearen amaieran bukatu zen beraien jarduera, taldekideak kartzelan edo erbestean zeudelako. Zumalde Donibane Lohizunen finkatu zen, Francoren heriotzarekin aldarrikatutako amnistia legera arte. Zornotzara itzuli eta EAJn afiliatu zen.
Xabier Mendiguren Elizegi idazle beasaindarrak antzerkiaren Kutxa Fundazioaren Donostia Hiria saria lortu zuen 1993an ‘Garai(a) da Euskadi’ testuarekin. Eta hau dio sarreran: «Mila bederatziehun eta hirurogeita seiko maiatzaren batean ETA-ko zuzendaritzak Jabier Zumalde ‘El Cabra’ eta bere taldekoei Erandiora joateko agindua eman zien, bertan panfletoak eta bestelako propaganda botatzeko. Cabrari gustatu ez, nonbait, eginkizun hori eta beste ekintza mota bat burutzea pentsatu zuen. Zumalakarregik bezala, Santa Kruz apaizak bezala, gerrilaren sistemaz menditik jaitsi eta herri bat hartzea, askatzea izan zen bere ideia. Horrek beste neurri bat emango baitzion euskaldunen borrokari, eragin sinboliko nabarmena izango zuen eta... Bueno, gehiegi aurreratzen ari naiz akaso, eta kontatzea baino hobe izango da ikustea...».


