
Euskaren normalizazioren bidean aro berria zabaldu zen UEMAren sorrerarekin. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991ko gaurko egunez Aizarnazabalen jaio zen, Udalerri Euskaldunen Egunaren harira. Hasiera hartan 19 udaletxetako hautetsiek egin zuten UEMAren sorrerako batzarra. Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia ziren udal aitzindari haiek.
Sorrera baino urte bi lehenago, herri euskalduna izatea erabaki zuen Aizarnazabalek. Mari Jose Korta alkateak herrian emandako pausoak azaldu zituen ‘Egin’-en. Sortu berri zen UEMAko kidea zen, «argi daukagun gauza baita. Gure herrian euskara ez da desagertuko, baina ikuspegi handiagoa eduki behar dugu gure hizkuntza zabaldu eta bultzatzeko, eta errealitatea hau da: euskarak bizitzeko behar ditu orain herri euskaldunak, bestela bere etorkizuna zintzilik egongo da», zioen.
Egun, 120 udalek parte hartzen dute UEMAn eta eta 350.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatzen du. Baina 35 urteren buruan, euskararen egoera ez da xamurra. Orain gutxi, ‘Esnatu’ ekimena abiarazi du UEMAk eremu euskaldunen «gainbeherari» aurre egiteko, ikerketa soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten «gainbeherari» aurre egin ahal izateko.


