
Gaur egun planeta osoan edari freskagarri bezala saltzen den arren, XIX. mendean John Stith Pemberton doktoreak Atlantan (Georgia, AEB) asmatutako lehen Coca-Cola jarabe hura digestio-arazoak arindu eta energia ematen lagunduko zuen toniko bezala garatu zen.
Kokaina (koka hostoak) eta kafeina (kola intxaurrak) zituen osagai nagusi eta soda-iturrietako ur karbonatatuarekin nahastuz zerbitzatzen zen. Bost zentabotan saltzen zen eta lehenengo edalontzia 1886ko maiatzaren 8an saldu zen. Urtebetez, egunean bederatzi edalontzi saltzen omen zituzten.
1894ra arte ez zen lehen aldiz botilaratu, formula egokituta. Izena Frank M. Robinsonek jarri zion, Pembertonen kontulariak, eta hark ere diseinatu zuen logoa.
Hortik aurrera, mundu osora zabaldu zen. Gurean ere errotuta dago, eta hortxe dugu Galdakaoko Coca-Cola lantegia: duela zazpi hamarkada 6.000 metro koadroko fabrika izaten hasi zena, erreferentzia industrialeko zentro bihurtu da, 80.000 metro koadro inguru, sei ekoizpen-lerro eta 34.000 palet baino gehiagoko biltegiratze-ahalmena dituena.
Denbora honetan guztietan ez zaizkio kritikak falta izan, esaterako, OMEk aspartamoa, Coca-Cola Zero eta Light markako eztitzaile izarraren eta beste marka batzuetako azukrerik gabeko freskagarrien eta minbiziaren arteko harremanaz ohartarazi zuenean bezala. ‘Washington Post’-eko ikerketa batek jakinarazi zuenez, konpainia horiek modu irregularrean finantzatu zituzten azterketa horien ukatzaileak.


