Garen partikulaz

Zaplazteko handi samarra izan zen; ia-ia Argitxo iratxoa edo Olentzero benetan noren mozorro ziren jakin nuen egunekoaren parekoa. Plast!

Ikastolako pasilloan nengoen, azkarregi iritsita, zain. Hantxe pasatu zen ingeleseko irakaslea -demagun «Miren teacher» deitzen geniola-, beste irakasle batekin hizketan, euskaraz barra-barra, txor-txor, tar-tar-tar. Jota geratu nintzen: «nola, ingeleseko irakasleak euskaraz ere badakiela?».

Horrela funtzionatzen baitu haurraren garun zoragarriki xaloak: bizitzen eta ikusten duena bakarrik existitzen dela sinesten du. Nahiz eta, gero, urteak bete ahala, haur hori bere kabuz konturatuko den ikaskideen artean euskaraz diotenari Miren teacher-ek ingelesez erantzuten diola eta, ondorioz, biak ulertzen dituela.

Gurasoak, atzerriko hizkuntzaren unibertsoan sartu dituen irakaslearen magiari eustearren, haurraren jakin-minari «ikasten ari da» esanez erantzungo dio akaso, eta bizitzako gezur txiki eta eder horietako bat luzatzen saiatuko da, pixka baterako kontua baino izango ez den arren. Alegia, haurra ere jabetzen dela bizitzan gure begiekin ikusten dugunaz harago dagoen guztiaz: asko da, izugarri da, gehiena da igual.

Guk ere, helduok, egin beharko genuke pauso bat atzera, agian. Analitikoegiak diren begirada horiei planoa zabaldu; existentzia aitortzeko prest egon niniarekin ikusten ez dugunari ere. Saiakera hori egin ordez, batzuek nahiago dute “sinetsi” aditza erabili, hautu pertsonal eta espiritualei erreferentzia egin, beldur-gaitzaketen-baina-zientziaren-adar-diren diziplinak bidelagun izatea izendatzeko. Baina, ai, hain gara hondar ale, hain atomo, hain partikula… Ahaztu egiten zaigu. •