
Familiarekin batera Pakistandik Euskal Herrira etorri zenean bost-sei urteko umea zen Toheed Ghulam Kouser. «Justu Antzuolara joan ginen. Herri txikia da eta euskara egiten da. Egunero lagunekin ibiltzen ginen eskolan eta kalean. Afaltzeko orduan iristen ginen etxera eta egun osoa jolasten emanda barrura sartu zitzaigun euskara. Niri, adibidez, ahaztu egin zitzaidan Pakistango gure hizkuntza. Oraintxe badakit. Hitz egiten dut eta dena ulertzen dut, baina ez dut %100 menderatzen, %80 baizik. Euskara, berriz, %100», deskribatu du 26 urteko gazteak Londres ingurutik, Luton Towndik, GAUR8rekin izan duen elkarrizketan. Han bizi da orain eta hagitz atsegin erantzun ditu gure galderak, motorra piztu eta eguneko banaketa lanari ekin aitzinetik.
Pakistanen bi hizkuntza daude, punjabera, kaleko hizkuntza, eta urdua, eskolan erakusten dena. «Bat baldin badakizu, bestea erraz ikasten duzu», adierazi du. «Nik urdua egiten dut, baina ez hain ondo. Punjabera askoz hobeto egiten dut».
Gaur egun, nahiz eta Lutonen bizi, anai-arreben artean euskaraz egiten dute. Senide guztiek ez dute euskaraz egiten. Anaia handia 18 urterekin etorri zen Euskal Herrira. «Lanean hasi zen eta Bergaran egoten zen. Hango lagunak egin zituen eta han euskaraz jakin arren erdaraz asko egiten da. Anaiak kuadrilla dauka Bergaran. Nik euskaraz egiten diet eta euskaraz erantzuten didate, baina haien artean erdaraz aritzen dira. Anaiak ere ulertzen du euskara, baina ez da mintzatzen».
Toheedek geroago ikasi zuen erdara, anaia handiarekin, Zumarragara bizitzera joan zirenean, eta batez ere Londresen, lagun andaluziarrak, extremadurarrak eta madrildarrak egin zituenean.
ANTZUOLAREKIKO LOTURA
Antzuolarekin harreman handia du Toheed Ghulamek. «Urtero joaten gara bisitan. Jaietara joaten naiz, baita lagunekin egotera ere. Nonbaitera ateratzeko plana egiten badute ni ere animatzen naiz. Antzuola hain da txikia, zuk zure kuadrilla daukazula, baina, zure kuadrillakorik ez badabil kalean, beste lagun batzuekin gelditzen zarela».
2016an Lutonera aldatu zen sendiarekin batera. «Hemen bizitzea diferentea da. Gehiago bizitzen zara etxean kanpoan baino, baina ez dago gaizki ere. Familiarekin ondo bizi naiz».

EZUSTEKO EDER BAT
Euskalduna ez ezik, realzale amorratua ere bada Toheed, eta apirilaren 20ko astelehenean, justu larunbatean Sevillan Kopako garaipena gozatu eta gero, ezusteko eder bat izan zuen. Motorrarekin hara eta hona ibiltzen da janaria eta bertze banatzen, eta igande gauean bueltatu, eta astelehenean lanari ekin zion.
«Ez dut Lutonen lan egiten, beste herri batera joaten naiz, han hobeto dagoelako lana. Ez dago urrun, etxetik 20-25 minutura motorrean. 11.30ak aldera hasi nintzen banaketa lanetan, ohi bezala, eta lehendabiziko bi eskaerak ondo egin nituen. Eskaera onartzen duzunean ez zaizu agertzen eskatzailearen izenik, jatetxearen izena eta kokapena agertzen zaizkizu bakarrik. Horra joaten zara, eskaera hartzen duzu eta aplikazioan ipintzen duzu hartu duzula. Hori markatzen duzunean, pertsonaren izen-abizenak eta helbidea azaltzen zaizkizu. Halako batean, ‘Martin Zubimendi Ibañez’ agertu zen aplikazioan. A zer sorpresa hartu nuen!».
«Justu finala eta gero izan zen. Hori da kasualitatea: finala ikusi eta gero Realeko jokalari ohi baten etxera joatea [orain Arsenalen dabil], bera ere realzalea azkenean», kontatu du ilusioz beterik.
Antzuolako gazteak Realaren kamiseta zuen soinean, partidaren aurretik, egunean bertan eta biharamunean janzten baitu. Ikara txiki bat eman omen zion Zubimendiri. «Euskaraz egin nion berba. ‘Zapatuan Sevillan Reala ikusten egon nintzen eta orain hemen zurekin’, esan nion. ‘¡No jodas!’, atera zitzaion. Nongoa nintzen galdetu zidan eta esan nion Antzuolakoa naizela. Ezagutzen zuen herria. Lehen, Realeko bigarren taldean, Sansen, jokatzen zuen Peru Rodriguez gure herrikideak. Lagun oso ona dut. Txikitan futbolean jokatzen genuen elkarrekin. Makina bat aldiz egona naiz bere etxean jolasean. Perurengatik ezagutzen zuen Antzuola Martinek».
Ilusio handia egin zien biei ezusteko topaketa horrek.
EGUN APARTA
Aitzineko larunbatean, futbolarekin lotuta inoiz igarotako egunik ederrena bizi izan zuen Toheedek. «Reala Lehen Mailara igo zenean oraindik txikia nintzen. Hor jada Realekoa nintzen eta partidak ikusten nituen, baina ez nekien asko futbolaz». Orduan, Sevillakoa da bizi izan duen lehen garaipen handia, bertatik gainera.
Toheedek hegazkina hartu zuen Londresetik Sevillara joateko, eta, bertan, Antzuolako kuadrillakoekin elkartu zen. «Egun osoa egon ginen batera. Zumarragan ere bizi izan nintzen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Bergaran egin nuen. Orduan, Bergarako eta Zumarragako jende pila etortzen zitzaidan agurtzera. ‘Toheed, etorri’, esaten zidaten. Eta nik, ‘ez, gaur kuadrillakoekin’. Batzuei bakarrik esan nien Sevillara nindoala. Denei ez, ze jende denak esaten zidan: ‘Toheed, etorri alde honetara, hemen gaude!’».
«Parrandara ateratzen bagara beti saiatzen naiz lagunekin egoten, despistatzen banaiz haiek topatzea pila bat kostatzen zaidalako. Eurek aurkitu beharko nindukete ni. Horregatik, ez naiz asko banatzen», azaldu digu barrezka.
Cartuja estadioraino oinez joan ziren. «Desastre bat da nola antolatua dagoen estadioa. Ez dago bertara joateko garraio publikorik eta autoa ere ezin da sartu. Fan Zonetik estadioraino 40 minutu egin genituen oinez, eta, estadiotik etxera, 35 minutu».
Lagun batek hartu zuen etxea, isil-gordeka. «Reala-Osasuna partidan, atsedenaldian 0-2 zihoan Reala galtzen, eta gure lagunak, inori abisatu barik, etxea hartu zuen. Baina kantzelazioarekin, behar izatekotan dirua bueltatzeko aukerarekin. Gero, partida irabazi genuen, pasatu ginen, eta Whatsapp bidez abisatu zigun: ‘Etxea hartuta dago!’. Urtero horrela egiten du. Final-laurdenetara ailegatzen garenean jada etxea hartzen du kantzelazioarekin. Horri esker, prezio onean atera zitzaigun. Zortzi ginen eta bakoitzak 100 euro ordaindu genituen».
Gauean, ordu txikiak arte partidaren errepikapenak ikusten eta komentatzen aritu ziren etxean.

TENTSIOA ETA POZA
Partidaren hasiera tentsio handiarekin bizi izan zuen. «Arbitroak falta adierazten zuen Realaren kontra eta ni oihuka hasten nintzen. Realzale pila bat neuzkan ondoan, baina Athleticokoak ere bai. Justu erdian nengoen eta hor pixka bat nahastu egiten dira zaleak. Lehen ordu erdia garrasika eman ondoren, lasaitu eta partida gozatu nuen. Bigarren gola iritsi zenean lasaitu nintzen. Goazen penaltietara, esaten nuen, irabaziko dugu».
«Realak bihotzeko asko ematen ditu. Ni ere zaharragoa banintz, agian aurten...», aitortu du.
Lehenengo zatia lagun batekin bakarrik ikusi zuen. Atsedenaldian ura erostera joan zenean bertze lagun bat ikusi eta ondoko harmailan zeudela eta joateko erran zion, leku pila bat libre zegoela-eta. «Bigarren parte dena haiekin ikusi nuen eta hunkigarria izan zen. Pare bat lagun negarrez hasi ginen, saltoka, ezin sinistu: ‘Irabazi dugu, irabazi dugu!’».
Ondoren, akidurak hartu zituen. Ez zuten ospatzeko energiarik ere. «Etxera heldu, zapatilak kendu eta hanketan sumatu nuen nekea. Segituan hartu nuen lo».
Lagunek goizeko hamaiketan hartu zuten furgoneta, Antzuola aldera. Toheedek, berriz, arratsaldeko zortzietan zuen Londreserako hegaldia. «Zerbait jan eta Giraldari argazki bat ateratzen, kasualitatez, Antzuolako batzuk pasatu ziren eta haiekin elkartu nintzen. Trago bat eta izozki bat hartu genituen».
PAKISTANERA BIDAIA
Aste honetan Pakistanera joatekoa da eta bueltan, uztailean, Euskal Herrira etorri nahiko luke. «Uztail bukaeran bazkari bat daukagu lagunen artean eta, ahal badut, joango naiz». Toheed ezkonduta dago eta emaztea Pakistanen du. «Etorriko da, baina oraindik hor dago eta alaba bat izan berri dugu. Bost hilabete dauzka. Beraiengana joango naiz. Gero paperak egingo ditugu eta urte bukaera baino lehenago denak etortzen saiatuko gara. Momentuz Lutonen bizitzeko asmoa dugu, baina Antzuolan erosteko etxe bat bilatzen ari gara ama eta anai-arrebon artean. Nik Antzuolara bueltatu nahi dut».
Beti abioiak hartzen ari direla onartu du. «Aitarengandik datorkigu anai-arreba denoi bidaiatzeko zaletasuna. Lautik hirutan nonbaitera joateko gogoa edukitzen dugu. Bidaiatzen dugun aldiro imana erosten dugu hozkailuan jartzeko eta ia beteta dago». Banatzaile lana ongi dagoela dio. «Oraintxe giro ona dugu eta ondo dago. Hemen, neguan, fabriketan jende pila hartzen dute hiru edo lau hilabeterako. Normalean ordua 12 euro ordaintzen badute, neguan 16-18 euro ordaintzen dute. Nik askotan egin izan dut hori: lau hilabete horietan gogor lan egin eta aurrezki horiekin bi hilabete lanik egin barik bizi».
Toheed Ghulamen ametsa pozik bizitzea da. Familia osoa Antzuolara bueltatzea ere bai, ongi bizi izan zirelako bertan. Baina badaki zaila dela, batzuk gustura daudelako Lutonen. Anai-arrebak ezkonduta daude eta bertan jaio dira beren umeak. Lutonen, Antzuolan edo nomada gisa, bizi ona opa dizugu, Toheed!



