Nerea Goti
Kazetaria

Auzolan erraldoi batek Berriatuara eramango du festa solidarioa

Berriatuak hartuko du aurten Helmugak Bizipoza Jaia, hilak 24an, igandea. Auzolanean altxatutako hitzordu solidarioan, Helmugak elkarteak kirol erronka bati ere egingo dio aurre hurrengo asteburuan zehar: 24 orduz gelditu gabe bizikletaz ibiltzea.

Ander Txakartegi, Helmugak elkartearen sortzailea. Hurrengo ostiralean abiatuko den 24 orduko erronka solidarioaren protagonista izango da Txakartegi.
Ander Txakartegi, Helmugak elkartearen sortzailea. Hurrengo ostiralean abiatuko den 24 orduko erronka solidarioaren protagonista izango da Txakartegi. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hurrengo asteburuan, maiatzaren 22tik 24ra bitartean zehazki, Berriatua elkartasuna ardatz duen Bizipoza jaiaren epizentroa izango da, prestaketatik jada Lea-Artibaiko herrietan elkarlana irradiatu duen dinamika baten eskutik. Helmugak eta Bizipoza elkarteen ahaleginen eta balioen baturaren emaitza da hiru egunetan zehar hainbat jarduera utziko dituen ekimen solidarioa. Eskualde oso baten bultzada du, aipatu bi elkarteen munduaren ikuskera eta misioa ikur hartuta.

Bizipoza bezalako irabazi-asmorik gabeko gizartegintza egitasmo batek, Euskal Herri mailako komunitate sendo bezain xamurraren indarra emango dio jaiari. Guztira 39 elkarte dira proiektuko kide, tartean minbizia duten haurren eta familien laguntzan eta babesean aritzen den Aspanogi elkartea, Naizen adingabe transexualen elkartea, Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen elkartea, Juneren Hegoak, Inurri kolektiboa, fibrosi kistikoan duten pertsonen babesean aritzen den Arnasa egitasmoa edota saharar haur errefuxiatuen egonaldiak antolatzen dituen Oporrak Bakean kolektiboa. Duela ez asko, gainera, heriotza eta doluaren inguruko elkarteak ere batu dira egitasmora, eta, horrez gain, bazkideak daude, boluntarioak, babesleak....

«Helburua denona eta denontzat beharko lukeen Euskal Herri inklusiboa eraikitzea da, euskaratik eta euskaraz», Leire Elizegi proiektuko kidearen hitzetan. Herrialde guztietan erroak botatzen joan da Bizipoza, askotariko zailtasunak bizi dituzten haurren eta familien ongizatea bilatu eta lortzeko zereginean edota sentsibilizazioan aritzen den egitasmoa, premia bereziei erantzuteko baliabideak eskainiz, maila afektiboan zein materialean, «euskaraz eta bizipozez».

Zeregin horiek jomugan, proiektuko kide diren elkarteen balioen transmisio lana eginez, auzolanean oinarritzen den ekosistema bat joan dira eraikitzen, eta Lea-Artibain bide beetsuetatik hasi eta hazten joan den Helmugak proiektua aurkitu dute, edo aurkitu zuten. Izan ere, ez da berria proiektu bien arteko harremana, eta aspaldi formulatua zegoen Bizipoza Jaia Lea-Artibaira eramateko asmoa.

BEHARREI AURRE EGITEA, AMETS

Haurren gaixotasunei aurre egiteko hainbat erronkaren buruan egon da Helmuga elkartea. 2015ean jaioa, milaka dira diru bilketa solidarioetan egindako kilometroak, berton, Euskal Herrian, zein munduan zehar. Ander Txakartegi Txaka da Helmugak elkarteko sortzailea. Helmugak Bizipoza Jaiaren atarian, datorren ostiralean hasiko duen erronkaren prestaketa betean aurkitu du GAUR8k, botatako desafioa ez delako edonolakoa: 24 ordu egingo ditu bizikletaz gelditu barik, 420 kilometro eta 8.500 metroko desnibela.

Zailtasuna, dioenez, ez dago kilometro kopuruan, aurrez kilometro gehiagoko erronketan parte hartu baitu berriatuarrak. Hala ere, egin beharrekoaren neurria hartzeko zehaztu behar da ostiral gauean abiatu eta larunbat gauera arte luzatuko den hordagoan sei aldiz igaroko dela Lea-Artibaiko hamabi herrietatik. Irakaslea lanbidez, Txakartegik azaldu du desnibel handian dagoela zailtasun handiena, eta 24 orduz bizikletatik jaitsi barik egotearen inguruan, «gorputzak izaten dituen gorabeherak» aipatu ditu: une batetik bestera hel daiteke beherakada txiki bat, berriz bizkortu eta handik denbora batera beste beherakada bat...

Azaldu duenez, egunsentia izaten da une kritikoa, «polita bezain kritikoa». Helmugan, baina, aipatze hutsarekin hunkitzen duen ordainsaria dagoela onartu du, «beharrizana daukan jendeari lagundu ahal izatea eta hor zaudela sentiaraztea». Gaineratu duenez, «maila pertsonalean kristoren satisfazioa da jendeari lagundu ahal izatea, batez ere haurrei, zoritxarrez munduan laguntza behar duen jende piloa dagoelako. Zaila da hitzekin azaltzea horrek pertsonalki ematen dizuna, baina kristoren plazera da beraiek hor nagoela sentitzea».

Laguntzeko desira horrek eraman du Ander Txakartegi munduan zeharreko kirol proba gogorretan parte hartzera azkenengo urteotan. Euskara, kirola, natura eta pertsonak dira Helmugak egitasmoak finkatutako zutabeak, eta egia bilakatu nahi duten amets gisa ere formulatzen dute: «Euskara, kirola, natura eta pertsonaren balioak oinarri hartuta, kirol erronken bidez mundua koloreztatzeko lagun talde baten ametsa da Helmugak».

«Lasterketa eta erronka gogorrak eginez umeen behar bereziei aurre egiteko» bidea aurkitu dutela dio. Baita beste ekimen solidarioak ezagutu eta laguntzeko aukera ere. Nazioartean ibiltzea, gainera, aukera bat da euskara mundutik eraman eta «munduan zehar euskaldunak garela» esateko. Berriatuarrak zehaztu duenez, nazioartera egindako irtenaldi horietan gustuko izaten du ere «bertoko produktuak eta Orbea bezalako babesleen lana ezagutaraztea».

Bizipoza jaiaren aurreko ekitaldi batean ateratako argazkia. (Jon URBE / FOKU)

Proiektuak lotura zuzena du Ager herriko haurraren gaixotasunarekin. Leuzemiaz gaixotu zen hiru urterekin, eta, hala, herriko txikiaren eta familiaren aldekoak izan ziren hasiera batean Helmugak elkarteak planteatutako hainbat erronka. Agertxo Pirata proiektua abiarazi zuen Txakak eta Saudi Arabiara heldu zen kirolari berriatuarra beste 200 txirrindularirekin.

Denboran atzera eginez, gogoratu du hasieran «Txakaren erronkak» zirenak «Helmugak-en erronkak» bilakatu zirela ondoren, baina betiere «Berriatua solidario bat» topatu dutela ondoan. Datorren asteburuan, Berriatuak eta Lea-Artibaik duten izaera solidarioa erakutsi behar dutela adierazi du Txakartegik, eta herritar guztiei dei egin die «mundu hobe bat» eraikitzen laguntzen duen jaian parte hartzera.

 

Ekitaldi nagusia eta «sorpresak», hilak 24an

Galbahe taldearen kontzertuarekin abiatuko da Helmugak Bizipoza Jaiko programazioa datorren maiatzaren 22an, ostirala, Berriatuan, 20.00etan. Erronka handiaren atarian, eskolako umeen abestia entzun ahal izango dute bertaratzen direnek. Ondoren, Intxaurrondorako bidea hartu eta bertatik emango dio hasiera erronkari Ander Txakartegik, Helmugak elkarteko lagunez eta herrikidez inguratuta.

Larunbatean, hilak 23an, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren eta Athletic Club Fundazioaren eskutik hainbat kirol proposamen egongo dira Berriatuan egunean zehar. 24 orduko erronkaren bukaera Lekeitioko Deabruek girotuko dute.

Igandean, hilak 24an, izango da, halere, Bizipoza Jaiaren hitzordu nagusia. Algortako txistulariek emango diote hasiera programazioari 10.30ean, eta dianarekin batera martxan jarriko dute elkarteen gunea eta Bizipoza Jolasa. 11.30ean, Zapotxin, Porrotx eta Marimototsen irri, kantu eta dantza ikuskizuna hasiko da, eta, jarraian, Bizipoza elkarteei eskertza eta aitortza adierazteko ekitaldia egingo dute, 12.45ean. Kalejira bati emango diote hasiera ondoren herriko kaleetan zehar, Berriatua eta Markina-Xemeingo erraldoi, txistulari eta buruhandiekin.

Paella solidarioa prestatu dute bazkaltzeko. Postreen osteko proposamenei dagokienez, Go!azen ikuskizuna, Gora Musika eta Tunantiak taldeen kontzertuak iragarri dituzte. Bukatzeko, txokolatea, Anaitasuna Elkartearen eskutik. Horraino, egitarauak jaso dituen jarduerak, baina «sorpresak» egongo direla ere iragarri dute, baita zeinu hizkuntza interpretea ere.