
Javier Mileiren Gobernuak iragarri berri dituen murrizketak salatzeko, milaka pertsona kalera atera ziren asteartean Buenos Airesen eta Argentinako beste hainbat hiritan. «Hezkuntzaren, unibertsitate publikoaren eta zientziaren alde» lemapean, ikasleak, irakasleak, zentroetako zuzendariak eta irakasleak ez diren langileak batu ziren unibertsitate publikoen finantzaketa legea betetzeko exijituz. Azken urteotan soldatak %40 jaitsi direla eta ehunka irakaslek dimisioa aurkeztu dutela salatu zuten irakasle sindikatuek. «Unibertsitate Sistema Publikoko irakasleek eta langileek beren lanetik duintasunez bizi ahal izatea exijitzen dugu. Unibertsitate publikoa da gure herriak mugikortasun sozialerako duen tresna nagusia. Gobernu hau kalitatezko hezkuntza publikoa husten ari da», adierazi zuen Emiliano Yacobittik, Buenos Aireseko Unibertsitate (UBA) ospetsuaren errektoreordeak. Argentinako unibertsitate handiena da. 2024an eta 2025ean, Kongresuak bi lege onartu zituen, Gobernuari unibertsitateetara funts gehiago bideratzea eskatzen diotenak, baina Mileik betoa jarri zien. Legebiltzarrak 2025eko betoa atzera bota zuen, baina Gobernuak uko egin zion araua aplikatzeari, nahiz eta epai judizialek hori egitera behartzen duten. Gobernuak Gorte Gorenera jo zuen eta bertan erabakiko da auzia.


