Blokeo emozionalak

Agian konturatu zara gertuko norbaitek, zure lagun onenak, senide batek edo bikotekideak, ez duela lehen bezala irribarre egiten, hoztasunez erantzuten duela edo sentitzen duenari buruz hitz egitea saihesten duela. Konfiantza egon arren, bat-batean ematen du harresi ikusezin bat altxatu duela sentitzen duenaren eta munduaren artean.
Ez da beti erraza sentitzen duguna behar bezala adieraztea. Batzuetan, zailtasun horrek prozesatu gabeko emozioak metatzea dakar, eta emozio horiek arazo fisikoak eta/edo blokeoak eragiten dituzte. Harrapatutako emozioak zapatetan pilatutako harri txikiak bezalakoak dira: deserosotasuna, mina eta gure bidea oztopatzen digute, horietatik askatzen garen arte.
Blokeo emozionala une jakin batean geure buruari jartzen diogun oztopo bat da, argi pentsatzea eta sentitzea eragozten diguna. Hau da, bizitzako erronka eta etapa ezberdinetan aurrera egitea eragozten digu. Denok jasan dugu blokeo emozionalen bat uneren batean. Segurtasunik eza da gure helburuak betetzea atzeratzen ari zaigun blokeo baten aurrean gaudela adierazten duen adierazpen nabarmenetako bat.
Askotan, ahaztu egiten zaigu esperimentatzen dugun gauza bakoitzaren ulermenak, lehenik eta behin, gure unibertso emozionalaren fintzea behar duela. Horrela, etsipena pairatzen dugunean, erratzen garenean, min egiten digutenean edo aukera bat galtzen dugunean, ohikoa da blokeo bati bide ematea, horrelako gertaerekin lotuta dagoen emozio negatibo horren mina “bizi” behar ez izateko.
Burua, babesteko ahaleginean, deskonektatu egiten da. Horregatik, pertsonak “hutsa” eman dezake, denbora guztian nekatuta sentitu daiteke, insomnioa, antsietatea edo min fisikoak jasan ditzake, ageriko arrazoirik gabe. Eta hori guztia barrutik gertatzen den bitartean, kanpora distantzia baino ez da agertzen.
Blokeo emozional askok gure autoestimuarekin edo modu jakin batean jardutea eragin duten esperientziekin dute zerikusia. Hau da, imajinatu harreman sexu-afektibo gatazkatsuak izan dituzula. Horrek jarrera jakin batzuk sorrarazi ditu gustuko dituzun pertsonekiko: orain kosta egiten zaizu konfiantza izatea, ez zara oso seguru sentitzen, eta beldur zara berriro min emango dizuten. Kontuan izan estutasun horri jaramonik egiten ez badiozu, eta, gainera, behin eta berriz gertatzen bada, arriskuan jartzen dituzula pertsonen arteko harremanak, osasun mentala eta ongizate orokorra.
Zure baitan korapilatutako emozioak identifikatu ondoren, funtsezkoa da askapen-bideak aurkitzea. Hori bai; arropetako orbanak bezala, batzuk erraz ken daitezke ahalegin pixka batekin, hala nola urarekin eta xaboiarekin garbitzea. Beste batzuk, berriz, iraunkorragoak dira eta nahiko teknika landuak behar dituzte. Blokeo emozionala duen pertsona bati laguntzeak ez du esan nahi gertatzen zaiona “azaltzeko” edo “ulertzeko” presionatu behar denik. Askotan, berak ere ez du esperimentatzen duena deszifratzen: jota, hutsik, nahastuta edo izendatzeko zailak diren sentsazioen nahasketarekin senti daiteke. Norbaitek uste duenean ez dutela epaituko edo zalantzan jarriko, nerbio-sistemak pixkanaka alde batera uzten du alerta-egoera. Lasaitasun horretatik, lotura emozionala pixkanaka berrezartzen da, eta denborarekin lehen eskuraezinak ziren hitzak, ulermenak eta barne-alderdiak sortzeko aukera zabaldu daiteke.
Ekintzekin erakuts dezakegu ez dela beharrezkoa ondo egotea konpainia merezi izateko. Zeren, isilean ere, laguntzea maitasun-ekintza sakona da. •
saioaaginako@gmail.com


