Itxaropena

Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA

Kontatzen digutenaren arabera, hirien tamaina handitzen eta handitzen joango da tenperaturen igoerekin batera. Ematen du ekohirietan pentsatzea ezinbestekoa dela. Biztanle gehienen bizilekuak beroaldi eta eurite egoera bortitzei aurre egiteko prestatzen joan beharko dugu, eta horrek hiriaren eremua aldatzea behartzen du. Hiriak berde egitea ez da moda bat, gure bizilekuen norabide aldaketa bat baizik. Eraikinak energia gutxi kontsumitzera egokitzeko prozesuan dauden bezala, kaleak eta bideak euri xurgatzaile izateko eta freskatzeko funtzioa betetzeko bideratuta daude. Orain arte “parke” zirenak orain “azpiegitura berde” izena hartuko dute, baina, izen aldaketarekin batera, parkea beste parkeekin jarraitutasunean jartzeko ideia barneratu nahi da. “Azpiegitura berde” oximorona eta “zerbitzu ekosistemikoak” dira hirietan txertatu nahi diren ideiak. Izendapen egokiena ote den alde batera utzita, hirietan dauden birika berdeak elkarrekin lanean jarri nahi dira, erabilera funtzional biologiko gehiago ezarri nahi zaizkio eta azalera berde gehiago gaineratu nahi dira sare berdera. Gainera, sare berde hori hirien mugaz gaindiko beste espazio berdeekin batera loturan jarri nahi da. Bada zeozer.

Landaredia eta basoak ere hirietako ekipamenduak dira, funtzio bat betetzen dutelako, osasun zentro edo haurtzaindegi baten pareko. “Zerbitzu ekosistemikoak” esaten zaio begetazioak hirietan ematen dizkigun onuren paketeari. Airea garbitzen dute, karbono dioxidoa xurgatzen dute, uraren zikloa orekatzen dute, kutsadura gutxitzen dute, tenperatura jaisten laguntzen dute, osasun mentalean eragin positiboa dute... Iturri amaigabea dira, onura eragile bonba bat. Zuhaitzak dira zerbitzu ekosistemikoetan erreginak, baina landaredia dibertsitate aberats batek animalia eta intsektu aberastasuna ekartzen du, ekosistemaren desorekak orekatzen dituena (plagak adibidez). Eta berdea dena jangarri egiten badugu, beste oinarrizko funtzio bat gaineratuko dugu.

Aurreko paragrafoetan idatzitakoak etorkizuneko begirada katastrofistari ihes egin nahi dio, eraldatzailea izan nahi duelako. Hain dira ilunak batzuetan iristen zaizkigun iragarpenak, beldurrak hartzen gaituela. Eta beldurraren emozioa ez da lagungarria, geldiarazten gaituelako, ezer egiterik ez dagoela sinetsarazi arte, edo bunker klimatikoak eraikitzera bultzatu ziztu bizian.

«Izuaren aurrean, itxaropen militantea aktiba dezagun», defendatzen du Santiago Beruete iruindar idazleak. Gizakiaren joera naturala landatzea da; betidanik, ongizatea bilatu eta beste narratibak aurkitzeko garaian, landatzea salbazioa izan da. Joera horrek ez du positibismo komertzial, hutsal eta naifarekin zerikusirik. Gizakia naturalki den “horrekin” konektatzeko deialdia da, eta ingurune natural eta urbanoak sortzeko gonbit aktiboa. Landaketa kolektiboaren prozesuan azaleratu daitezke klasearen materializazioa, plazer nartzisista eta lotura espirituala, koktelera kontraesankor eta eder batean.