Gorka Zozaia
Kimikaria

Pozez hil

Tako Tsubo kardiomiopatiak eragiten duen bihotzaren deformazioa.
Tako Tsubo kardiomiopatiak eragiten duen bihotzaren deformazioa. (WIKIPEDIA-G. ZOZAIA)

Kostako zait lerrook idaztea, gertutik bizi izan baitut heriotza azken hilabeteotan, azken asteotan bereziki. Horregatik egin nuen kale pasa den hilean, lehendabizikoz, 2011tik zutabe honekin dudan zitan. Konpromisoari eusteko programatuta egon arren, beharra bera izan denean maiz behar nuen bultzada, doluak hezurretaraino hartu zuen nire gogoa, eta ezin izan nituen hatzak teklatuan ganoraz dantzan jarri. Hurrengo zita hurbiltzen ari zela, Marjene Satrapi egilearen heriotzak jarri du gaia, eta han-hemenka, penaren penaz, tristuraz edota malenkoniaz hiltzeaz idatzi dira karaktere erreka batzuk. Begoña del Teso edo Iñigo Aranbarriren hitzak neure egin nitzake, baina zutabeari fidel, tristuraz hiltzearen ikuspuntu zientifikoaz bi hitz egingo ditut hemen.

Abiapuntu bat jartzearren, estatistika medikuaren aitzindari William Farr britainiarrak, alargunek ezkonduek baina heriotza-tasa nabarmen handiagoa zutela behatu zuen. Ikerketa epidemiologikoaren ildotik, hainbat izan dira dolua, bereziki alarguntasuna, heriotza-arrisku handiagoarekin lotu duten ikerketak, baita big data-ren garaian ere. Danimarkan, duela pare bat urte, lau milioiko laginaren gainean, fibrilazio aurikularra (arritmia mota bat) pairatzeko arrisku nabarmen handiagoa neurtu zen bikotekidea galdu zutenen artean, batez ere bat-bateko heriotzen kasuan. Beste ikerketa batzuek heriotza-arriskua lehen hilabeteetan altuagoa dela behatu dute (%20-40 artekoa ikerketa finlandiar baten kasuan), eta alargundu osteko lehen 30 egunetan bikoiztu ere egin daitekeela behatu zuten ia 100.000 bikote britainiarren datuak aztertuz.

Tristuraren eta heriotzaren arteko korrelazio deigarri horien zergatiak askotarikoak dira. Suizidio edo istripuak badira, baita tristurak gorputza gaixotzeko mekanismo biologikoak ere. Gerta liteke galera sozialak garuneko hantura-prozesuak aktibatu eta depresio zein galera kognitiboen eraginez jokabide osasungarriak kaltetzea. Baita gorputzak estresaren aurrean egokitzeko duen gaitasuna higatzea dolua bezalako estres kroniko batez, kortisol maila altuak, hantura sistemikoa eta funtzio immunearen murrizketa eraginez. Baina ziur aski hoberen deskribatu den mekanismoa Bihotz Hautsiaren Sindromea da. “Tako Tsubo kardiomiopatia” gisa ezagutzen da, bihotzaren ezker bentrikuluak olagarroak harrapatzeko ontzi baten forma hartzen duelako, bere ponpatze-ahalmena nabarmen gutxituz. Infartuaren antzerako sintomak ditu (aire falta, mina bularrean), baina berau ez du arteria koronarioen blokeoak eragiten, baizik eta estres hormonen jario masiboak. Sindromea pairatzen duten gehienak, menopausia osteko emakumeak dira.

Baina penaz hil daitekeen bezala, hiltzen ahal da bat pozez ere. Hala joan zait azkena, eta hori berreskuratu nahi dut utzi digunaz; alaitasuna eta ezagutza kokatuaren garrantzia. Lerrook ez baititut idatzi nahi bizi dugun malenkonian, tristuran edota beldurrean sakontzeko. Alderantziz baizik, putzu sakon eta ilunetatik ere ur gaziak ateratzen ahal direlako, behar direlako, eta finean, guk denok, nekez baina pozez egin behar dugulako! •