Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

«Ibaitik itsasora» edo «genozidio» hitza aipatu ezin direnean

Ane Irazabal eta Olga Rodriguez kazetariak luze aritu dira kazetaritzaren ofizioaz EHUk Donostiako campusean antolatutako mahai-inguruan eta, batez ere, Gazako genozidioa nola kontatu aztertu dute «Ibaitik itsasora. Nola jardun kazetaritzan bonbapean» izenburupean.

Bego Yebra kazetariaren gidaritzapean, Ane Irazabal eta Olga Rodriguez genozidio baten aurrean kazetaritza neutrala izan ote daitekeen galderari erantzuten saiatu dira  EHUk antolatutako mahai-inguruan.
Bego Yebra kazetariaren gidaritzapean, Ane Irazabal eta Olga Rodriguez genozidio baten aurrean kazetaritza neutrala izan ote daitekeen galderari erantzuten saiatu dira EHUk antolatutako mahai-inguruan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Berlinen korrespontsala izanik, Ane Irazabal Alemanian bizi da, non genozidioa Israelen betaurrekoekin ikusten den. «Alemaniak osotasunean erosi du Israelen errelatoa. Europako lehen potentzia, hau da, Bruselan agintzen dutenak eta edozein erabaki politiko blokeatzeko gai direnak, Europan erabakitzen denaren gaineko benetako boterea dutenak, zergatik ez diren gertatzen ari denari buruzko ikuspegi kritikoa izateko gai ulertzeko saiakera egiten ari naiz ia hiru urteotan. Ulertu nahi dut zergatik ez diren gai palestinarrekin enpatizatzeko. Asko kostatzen ari zait eta maila emozionalean eragina izan du nigan. 2012ko eta 2014ko gerren berri eman nuen, oraindik nazioarteko kazetariak Gazan sartzerik genuenean. Niretzat 2014koa oso gogorra izan zen; bi hilabete iraun zituen eta hori izugarria iruditu zitzaidan orduan. Hortik aurrera, Israel gero eta traba gehiago jartzen joan zen kazetariei Gazako Zerrendan sartzeko, erabateko debekua ezarri arte. Jada momentu horretan gure buruari galdetzen genion nola ote zen posible Alemaniak edo Frantziak hartutako jarrera. Orain, Berlinen nagoenetik, gauza gehiago ulertzen ditut, baina gehiago kostatzen zait horiek onartzea», adierazi zuen EHUko Donostiako campusean.

Kazetaritzaren ikuspuntutik, «zentsura eta autozentsura asko» ikusten ari dela nabarmendu zuen Irazabalek. «Jerusalemen bizi nintzenean baino autozentsura gehiago ikusten ari naiz. Jerusalemen korrespontsal bezala lan egiteko baimena lortzeko zentsura militarra onartu behar duzu, eta oso kontrolatuta zaude; agian kazetari eta medio estatubatuarrak gehiago, baina, oro har, kazetari guztiak etengabeko kontrolpean dituzte. Horregatik, hedabideek sionismoarekin bat egiten duten edo sionismotik gertu dauden kazetariak hautatu ohi dituzte Jerusalemen lan egiteko, zeren bestela inork ez du bertan aguantatzen. Alemanian zentsura adibide oso larriak ikusten ari naiz. Adierazpen askatasuna ziurtzat ematen zen Alemanian. Deutsche Welle (DW) Alemaniako agentzia publikoan, esaterako, antisemitismoa aztertzeko batzorde bat dago. Bertan lan egiten duten lagunek esan didate ‘genozidio’ hitza ezin dutela aipatu ere egin. Nominatiboa ere ezin dute erabili. Adibidez, esan dezakete Espainiak Eurokopa irabazi duela, baina ez Israelek Gaza bonbardatu duela. Zaila egiten ari zait, bene-benetan. Une batez pentsatu nuen gauzak aldatzen ari zirela, iritzi publikoak gertatzen ari zenaren ikuspegi errealistagoa hartu zuela. Baina berriz ere oso ezkor nago gai honekin, are gehiago foku mediatikoa beste gatazka batzuetara bideratu denean. Gazako eta, oro har, Palestinako egoeraz pixka bat ahazten ari gara», plazaratu zuen.

Erru sentimendutik haratago, «Ameriketako Estatu Batuen atzetik, Israelera arma gehien esportatzen dituen herrialdea da Alemania, eta Israelgo inteligentzia militarraren inportatzailea ere bada. Askotan esportazioez hitz egiten dugu, baina ez inportazioez. Alemaniako industria-birmoldaketaren barruan -automobilgintzaren erraldoia, batez ere, sektore elektrikoa, krisian dago-, Volkswagen bezalako marka handiak arma-industriarantz biratzen ari dira; pentsa, Israelgo Rafael Advanced Defence Systems enpresarekin hitzarmen bat negoziatzen ari da Volkswagen, Osnabrücken duen lantegian Iron Dome misilen aurkako ezkutuaren osagaiak fabrikatzeko. Beraz, ez da soilik Bigarren Mundu Gerran juduen aurka egindako genozidioagatik duten erru sentimendua. Interes ekonomiko eta komertzial handiak daude tartean, eta, horregatik, Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Akordioa eteteko saiakera guztiak blokeatu ditu Alemaniak», adierazi zuen.

Olga Rodriguezek bat egin zuen Irazabalen hausnarketarekin. Nazioarteko informazioan aditua, Ekialde Hurbileko hainbat gatazkatan izan da Rodriguez, tartean, Palestinan, Iraken, Yemenen eta Egipton, eta hainbat libururen egilea ere bada -“El hombre mojado no teme la lluvia. Voces de Oriente Medio” (Debate, 2009), “Yo muero hoy. Las revueltas árabes” (Debate, 2012), besteak beste-.

ALEMANIAREN JARRERA

«Alemaniak hartu duen jarrera apustu politiko argia da Europaren berrarmatze testuinguruan; material militarra erosten da erabiltzeko edo birsaltzeko. Alemania giltzarri da, militarismo hori gidatzen ari delako. Israel Europak asmatutako proiektu koloniala da, Erresuma Batuak eta Alemaniak bultzatu eta babesten dutena. Interes asko daude jokoan. Gerra handi bat saihesteko bidea ez da erdigunean taula militarista jartzea. Tertulietan hitz egiteko deitzen didatenean, askotan asko frustratzen nau ikuspegi belizistatik bakarrik azaleratzeak. Bada gauza bat ‘politika’ deitzen dena; bada beste gauza bat ‘nazioarteko zuzenbidea’ deitzen dena; beste bat ‘mobilizazioa eta gizarte antolakuntza’ deitzen dena... Tresna horien bidez, gure betebeharra da indarkeriaren gorakada gelditzen saiatzea, gerra gelditzen saiatzea», nabarmendu zuen Rodriguezek.

Israelek hildako kazetari gazatarrak gogoratzeko 2025eko urtarrilaren 8an Deir al-Balah hiriko Al Aksako Martiriak ospitalearen parean egindako elkarretaratzea. (Omar ASHTAWY / DPA-EUROPA PRESS)

Gogora ekarri zituen Naomi Klein pentsalari kanadar juduaren hitzak. «Gazaren kontrako erasoaldiaren hasieran, genozidioari ‘giro-genozidio’ deitu zion ‘The Zone of Interest’ filmari aipamen eginez. Pelikula horretan Rudolf Höss Auschwitzeko komandantea eta haren emazte Hedwig euren familiarentzako ametsezko bizitza bat eraikitzen ahalegintzen dira etxe lorategidun batean, kontzentrazio eta deuseztatze esparrutik gertu. Bigarren plano batean, Auschwitzetik datozen soinuak etengabe entzuten dira. Naziek egindako genozidioa entzuten da, baina ez da ikusten, giroko hari musikala balitz bezala. 2024an Jonathan Glazer zuzendariak bi Oscar irabazi zituen pelikula horrekin. Saria jaso zuenean, bere judaismoa norbaitek bahitzeari uko egiten ziola adierazi zuen. Hori esate hutsagatik antisemitatzat jo zuten, ‘nire izenean ez’ esaten saiatu diren beste hainbat pentsalari eta artista judurekin gertatu den bezala. Horregatik, Kleinek ‘giro-genozidio’ terminoa sortu zuen eta oso egokia iruditzen zait. Jada garai horretan pertsona askok ohartarazi genuen genozidioa normalizatu egingo zela; helburuetariko bat, ikusgaitza egitea zen, eta hala gertatu da, zeren, fase berri honetan, genozidioak jarraitu egiten du».

Gazarekiko jarreran gobernuen eta gizarteen artean dagoen aldea izugarria dela ere nabarmendu zuen Rodriguezek. «Genozidioaren hasieran, Irene Khanek, Nazio Batuen Erakundeko Iritzi eta Adierazpen Askatasuneko kontalari bereziak, gertatzen ari zenak adierazpen, protesta eta informazio askatasunari kalte larria eragingo ziola ohartarazi zuen jada. Ez zebilen oker. Garai hartan Ameriketako Estatu Batuetan errepresioa izugarria zen Palestinaren alde unibertsitateetan kanpaldiak eta protestak egin zituzten ikasleen aurka. Protesta horietan judu askok parte hartu zuten ‘nire izenean ez’ aldarrikatuz. Geroztik protesta, iritzi eta adierazpen eskubidearen egikaritzean atzerakada handia ikusten ari gara. Benetan kezkagarria da. Khanen azken txostenek atzerakada hori jasotzen dute, baina atzerakada ez da soilik Ameriketako Estatu Batuetan eman, Alemanian eta Britainia Handian ere eman da. Ken Loachen gidoilariari, Paul Laverty, terrorista izatea leporatu diote. Laverty laguna dut eta esan dezaket ezagutzen dudan bakezale amorratuena dela. Zer egin zuen akusazio hori jasotzeko? Ba, protesta batean parte hartu eta kamiseta bat soinean eraman. Isunak, kaleratzeak, kriminalizazioak, giza eskubideen defentsan mobilizatzeagatik kartzela zigor eskaerak... ikusten ari gara. Hori uneotan Europan gertatzen ari da. Hori guztia genozidioa eta Europar Batasunak Israelekin dituen aliantzak babesteko gertatzen ari da. Brusela da Israelen bazkide komertzial handiena», salatu zuen.

Testuinguru horretan, kazetaritza lana behar bezala egitea zaila dela gaineratu zuen Rodriguezek, are gehiago nazioarteko kazetariek Gazan sartzea debekatuta dutenean. «Orain arte ez genuen horrelakorik ezagutzen. 2003an, Iraken egon ahal izan nintzen Ameriketako Estatu Batuen legez kanpoko inbasioari buruz berri ematen bonben artean. Ez zen erraza izan Iraken sartzea, baina kazetari askok sartzeko aukera izan genuen, bilatu genuen hori egiteko modua. Gauza bera Afganistanen. Libian, Libanon, Sirian egon gara. Ipar Korean sartzea lortu dutenak ere badaude. Genozidioa hasi eta bi urte eta zazpi hilabete geroago, Israelek nazioarteko kazetarien sarbidea ukatzen jarraitzen du. Gazan gertatutakoaren berri jaso badugu, kazetari palestinarren lan bikainari esker izan da; horregatik hil ditu Israelek Gazan, Zisjordanian eta Libanon 300 kazetaritik gora. Eta ez da deus gertatu! Israelekin dituen harremanak mantendu ditu eta Europar Batasunean zentsura gero eta handiagoa da, komunikabideen jabetzatik hasita eta tokian egoteko ezintasunera. Zorionez, pertsona askok Gazan egoteko aukera izan dugu eta bertan informazio iturri propioak genituen. Horietako lagun eta lankide asko hil dizkigute».

Zentsuraren beste adibide gordin bat aipatu zuen Irazabalek. Alemanian, «ibaitik itsasora» esatea debekatuta dago. «Manifestazio batean hori esaten baduzu, atxilotua izan zaitezke eta antisemita izateaz akusatu zaitzakete».

Giza eskubideetan eta mundu arabiarrean aditua, Olga Rodriguezek hainbat liburu idatzi ditu. (Gorka RUBIO / FOKU)

Kazetaritza egiteko moduari dagokionez, Rodriguezek gogora ekarri zuen bera lanean hasi zen lehen urteetan, oraindik tokietara denborarekin joateko aukera zegoela. «1975. urtean jaio nintzen. Lanean hasi nintzenean oraindik hedabideek korrespontsaliak zituzten herrialde askotan. Bestelako kazetaritza bat ezagutzeko aukera izan nuen. Soldata on batekin eta lan-kontratu mugagabe batekin, korrespontsala izan zintezkeen edo hiruzpalau hilabetez leku batera bidaltzen zintuzten berriemaile berezi bezala. Beraz, denbora zenuen lekuetan egoteko, herrialde horri buruz janzteko, informazio iturriak bilatzeko. Hitz egiteko, ikusteko, ulertzeko, kontrastatzeko eta prozesuaren amaieran kontatzeko denbora zenuen. David Simon kazetari eta gidoilariak esaten du Ameriketako Estatu Batuetan kazetaritza egiteko modua errotik aldatu zela komunikabide askoren akziodunen artean finantza-botereak sartu zirenean. Hori 1990eko hamarkadan gertatu zen Ameriketako Estatu Batuetan; Europan mende hasieran hasi zen gertatzen. Egia da gauzak aldatu egin direla. Ez dut aurreko etapa mitifikatu nahi, baina egia da komunikabideetan funts putreak, inbertsio funtsak, bankuak, enpresa transnazionalak sartu ziren momentuan amildegirantz pauso bat eman zela, informazioa gizarte askeen oinarrizko zutabe gisa ulertzen ez duen jendea sartu baitzen zuzendaritza taldeetan. Informazioa merkantzia hutsa gisa ikusteak enplegu-erregulazioko espedienteak, korrespontsalien itxierak eta beste ekarri zituen. Zertarako eduki nazioarteko korrespontsalen sare bat albiste-agentziak badaude? Zertarako berriemaile bereziak? ‘Boston Globe’ egunkariak bere korrespontsal-sarea itxi zuen, bere nortasunaren ezaugarria zena. Horrexek ematen zion ospea egunkariari eta itxi egin zuen. Ez dut sekula ahaztuko Yemenera egin nuen bidaietako bat, ez beti bezala hiruzpalau hilabetez egoteko, baizik eta hiru egunez egoteko. Yemengo hiriburuko aireportura iristearekin bat, une horretan bertan lehen kronika batekin sartuko nintzela esan zidaten! Oraindik aireportutik atera gabe nengoela erantzun nien. Bada, azken teletipoa irakurriko zidatela esan zidaten! Hura zantarkeriaren gailurra iruditu zitzaidan. Beste mota bateko kazetaritza bat egiten jarraitu ahal izateko, askok hedabideetatik alde egiteko hautua hartu genuen, soldata on bati uko eginez baina freelance gisa lekuetara joan eta kazetaritza egin ahal izateko. Nik ez dut esaten Estatuan dauden bi komunikazio agentzia handiek lan txarra egiten dutenik nazioarteko informazioari dagokionez, baina soilik horietara jotzeak informazioaren uniformetasunera garamatza; mundua bi begi handiren bidez ikustea da. Eta horrek arrisku itzela du».

Irazabalen hitzetan, «olatu atzerakoi» baten erdian gaude. «‘Mendebaldea’ deitzen diogun horri guztiari eragiten dio. Geratzeko etorri den olatu atzerakoia da. Oso ondo antolatuta dago. Olatu erreakzionario horren adierazleak sare sozialetan gero eta pisu handiagoa hartzen hasi zirenean hasi nintzen konturatzen, baina hortik hedabide tradizionaletara pasatu dira. Edo erreakzionatzen hasten gara edo denok jango gaitu. Olgak lehengoa eta gerokoa aipatu ditu, baina nik gerokoa bakarrik ezagutu dut, karrera amaitu eta 2011n hasi nintzelako lanean, komunikabideetan kaleratzeak nagusi zirela. Palestinara freelance moduan joan nintzen, nire buruari esanez ‘ondo ateratzen bada, bikain, eta, bestela, itzuli eta beste zerbait bilatuko dut’».

Azken urteetan, nazioarteko politikarekiko sentsibilitate gabezia izugarria sumatu duela gaineratu zuen Arrasateko kazetariak. «Nazio mailako interesak jokoan daudenean soilik pizten du interesa». Rodriguezen aburuz, «oso maila baxua» dago nagusi diren ikus-entzunezko mahai-inguruetan. «Zuzenean horrela galdetzen ez badute ere, oinarrian dagoen galdera da ea nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak onak diren edo ez. Kazetaritza laugarren boterea dela esaten da, eta zerbaitengatik da hori, azken batean, iritzi publikoan zertaz eta nola hitz egiten den markatzen du. Hitzen erabilera erabakigarria da, hitzak oso tranpatiak izan daitezke eta. Gazakoari ‘su-eten’ deitzen zaio benetako su-etenik ez dagoenean, egunero hiltzen dituztelako gazatarrak; Trumpek Gazarentzat abian ipini zuen batzordeari ‘Bake Batzordea’ esaten zaio, bakerik ez dagonean. Hori erabat orwelliarra da».

Ane Irazabal kazetariak Gazako genozidioa Alemaniatik nola jorratzen den azaldu du Donostiako EHUko campusean, eta bere ibilbide profesionalaz ere aritu da. (Gorka RUBIO / FOKU)

Irazabalek gaineratu zuenez, «objektibotasuna ez da existitzen, zintzotasuna bai ordea. Ikusten ari garenarekin zintzoak izan behar dugu. Baina, noski, 40 segundoko kronika batean ezin duzu honi guztiari buruz hausnartu; pare bat gako ematen edo irakurlearen jakin-nahia pizten saiatu behar dugu».

«Ezin diozu datu bati eta kontrakoari garrantzia bera eman. Kazetariak garen heinean, bien artean zein den zuzena egiaztatu behar dugu; hori da gure betebeharra. Horregatik, oso garrantzitsua da tokian bertan egotea, bai Gazan, bai gure auzoetan ere. Kazetariok informazioak kontrastatu egin behar ditugu. Era berean, ezin diozu sinesgarritasun bera eman okupatzailearen bertsioari eta okupatuarenari», nabarmendu zuen arrasatearrak. Horren harira, Irazabalek gogora ekarri zuen genozidioaren hasieran eta «egoera jasangaitza egin arte», kazetari askok «Hamasen kontrako gerra» deitzen ziotela Israelen erasoaldiari.