Areta Senosiain, musikaren ur zabaletan igeri
Ororbiako Kultur Etxean Maite irakaslearekin eta egunero amarekin etxean pixka bat praktikatzen ikasi zuen biolina jotzen Areta Senosiainek. Musika Bulegoko proiektuen arduradun teknikoa da gaur egun. Musika egiteaz bizitzea zaila dela dio, baina musikaren munduan jarduteko «zirrikitua» topatu du.

Musikaria, biolin jolea ala musika munduko langilea? Muga lausoak dituen eremuetan zaila da norbere burua kokatzea. Musikaria dela esatea nahiago du, ordea, Areta Senosiainek (Iruñea, 1998). «Nahiz eta egia den gehien ordezkatzen nauena ziur aski nire instrumentua dela, egia da batzuetan saiatzen naizela hortik pixka bat kanpora ateratzen. Gaur egun, gainera, musika sektorearen bueltan dabiltzan beste gauzatxo batzuk egiten ditut». Aipatzen duen musika instrumentu hori, jakina, biolina da. Ziur aski Ibil Bedi taldeak egin du bere bertutea ezagun. Biolinaz gain, abestu eta teklatua ere jotzen du eta bestelako proiektu musikaletan ere parte hartzen ari da, ikus-entzunezko eremuan besteak beste. Gustura moldatzen da ur horien artean, «gehienetan» behintzat.
Zeure instrumentua bidelaguna edo kasik apendize bat ere bihurtu daitekeela pentsa genezake. Soinean eraman beharreko gorputzaren eta buruaren luzapen bat. Baina nola aukeratzen da, bada, zure instrumentua izango dena? «Ba hori ezin dizut erantzun, nik ez nuelako erabaki!». Eta ez, Senosiain ez da premonizio ala patuez ari. Oso txikitatik, lau urte besterik ez zituela, hasi zen biolina jotzen, lerro hauek idazten dabilenarentzat gutxienez, sekula entzun gabekoa zen prozeduraren bitartez: Suzuki metodoa. Shinichi Suzuki biolin jole japoniarrak sortutako metodoa da. Senosiainek azaldutako moduan, nahiz eta ohiko musika eskola batzuetan aplikatzen den, «metodoa lantzen duten eskola espezifikoak ere badaude. Ni Ororbiako eskolan hasi nintzen biolina jotzen Maiterekin. Bera izan da nire irakaslea eta nire erreferente bakarra kontserbatoriora sartu nintzen arte». Kultur Etxeko gela bat alokatzen zuen irakasleak eta biolina erakusten zuen soilik. Amak egin zuen hautua, beraz; «inposizioa izan da!» esan du barre artean, «baina bueltan gauza zoragarriak ekarri dizkit eta gaur egun dudan bizitza hein handi batean horri esker da».
KONEXIOA
Suzuki metodoa bereziki haurrei zuzendutako lan-metodologia eta filosofia da, eta, ama-hizkuntzekin gertatzen den moduan, haurrek entzuten eta imitazioz ikas dezaketen ideia du oinarri. Lengoaia, idaztea eta partiturak irakurtzea alegia, beranduago datorren urratsa da. Azken urteetan musika irakasle moduan aritu da musika eskoletan, eta, azaldu duenez, «asko oroitu naiz metodo honekin. Oinarrian metodo honek bilatzen duena da garrantzitsuena haurraren eta musikaren arteko harremana izan dadila, eta ez hainbeste instrumentua bera. Instrumentua harreman horretarako bide bat da, baina ez da garrantzitsuena». Eguneroko lanak pisu handia du gainera: «Egia da gogorra dela. Agian nire amari galdetu beharko genioke. Metodo honetan diziplina oso-oso presente dago. Egunero etxean egin behar duzu lanketa zure tutorearekin. Nire kasuan nire ama izan zen. Egunero 10-15 minutuz landu behar zenuen. Askotan esaten nion ez nuela jarraitu nahi. Hori bai, inoiz ez ninduen behartu jarraitzera; benetan utzi nahi ote nuen galdetzen zidanean, nik jarraitzeko eskatzen nion. Eta horrela pasa nituen urte edo denboraldi kritikoak». Kontserbatorioak «mundu zabalago bat» ezagutzeko ateak zabaldu zizkion: «jendea ezagutu, orkestran jo... Eta bai, hor ja engantxatu nintzen, eta aurrera!» Mundu berri bat parez pare, baita hiri bat ere: «Topatu nuen ezagutzen ez nuen jende bat, hiria konpartitzeko jende bat».

Horren ondorioz edo horrekin batera etorri zen musika ikasketak egiteko hautua. Kontserbatorioan topatutako giroak eta egindako harremanek erabakia erraztu zioten. «Oso konektatuta sentitzen nintzen eta momentuan ez nuen zalantzarik izan». Gerora, ordea, bestelako hausnarketa batzuk ere garatu ditu: «Goi mailako kontserbatorio ikasketak oso bideratuta daude interpretazio klasikora. Zerbait oso kreatibotzat jotzen dugu, baina, berez, interpretazioa da, eta klasikoa».
Formakuntzako azken urteetan «krisi momentuak» izan zituela aitortu du, «baina uste dut denok izan ditugula, behintzat nire inguruko kontserbatorioko lagun guztiek izan dugu halako momenturen bat». Kanpora joateko hautua egin zuen. Bartzelona edo Musikene (Donostian) ere izan zituen buruan, baina azkenean Zaragozara joan zen erdi mailako ikasketak amaitzean, bertan gustuko zuen irakasle bat baitzegoen. «Musika munduan horrela funtzionatzen du, irakaslearengatik zoaz toki batera edo bestera». Masterra, berriz, Musikenen egin zuen.
MUSIKATIK BIZI
Musikaria afizioz eta formazioz, ofizioz ere musika munduan lan egiten amaitu du Senosiainek. Uneotan Musika Bulegoan dihardu. «Musikatik bizi? Bueno, ‘musika’ zaku hori nola hartzen den arabera. Kontzertuak jotzetik ez naiz inoiz bizi izan, baina egin izan ditudan ia lan guztiek zerikusia dute musikarekin». Egun, kultur bitartekaritza arlokoak dira nagusiki bere eginkizunak Musika Bulegoan. «Ibil Bedirekin hasi nintzenean sentitu nuen lehen aldiz mundu horrekiko erakarpena. Hainbat arrazoi tarteko dena edo ia dena gure kabuz kudeatzea erabaki genuen. Horrek buruhauste batzuk ekarri dizkigu, baina baita ikasketa pilo bat ere. Horri lotuta kudeaketa master bat egin nuen, eta saltsa hori gustuko nuela ikusi nuen».
Musikaren mundua zabala da, eta arraunean ahal duen moduan aurrera egiten ari den ontzia da Musika Bulegoa. «Badu izaera publiko bat, eta jende askok uste du Eusko Jaurlaritzaren parte garela, eta, nahiz eta harreman estua izan, gu elkarte pribatu bat gara, eta iristen gara iristen garen lekuraino». Langile gutxi dira eta «multitasking» asko egitera behartuta daude, nahiz eta geroz eta zabalkunde handiagoa lortzen ari direla azaldu duen.
HELDUTASUNA
Senosiainen alderdi publikoena, «super-publikoa» dio ironikoki berak, Ibil Bedi taldeak eskaini dio akaso. 2018an sortu zuen taldea Amets Aranguren, Eder Escalera, Javier Larrañeta eta Ibai Osinagarekin batera. Boskote nafarrak 2019an argitaratu zuen bere lehen diskoa: “Berandu baina garaiz”, autoekoiztua. 2021ean kaleratu zuten “Beltxarga Beltza”, sona handia lortuz, eta, 2023ko apirilean, “Goldea” izenburupean kaleratu zuten momentuz taldearen azken lan luzea dena. Masentzako talde bat ez izan arren, txikitik handira egin duen taldea da Ibil Bedi. Musikalki zein estetikoki, besteak beste. Laugarren diskoa bidean dute eta, ohiko lez, patxadaz eta mimoz lantzen ari dira.

Garapen horri dagokionez, heldutasunari egin dio azpimarra berezia Senosiainek. Hainbat adiera nabarmendu ditu, alde batetik, taldearen ibilbidearen heldutasuna bera, «eta, beste alde batetik, heldu izatearen mobida guztia». Hots, denbora. Edo hobe esanda, denbora falta eta horren kudeaketa. Erabakiak. «Aurreko diskoarekin alderatuta sentitzen dut ez dudala denbora nahikorik, adibidez, gauzak etxean lantzeko. Norberak ez duela topatzen gauzak garatzeko tarterik. Orduan, hori da, heldutasunaren gauza onak eta txarrak».
Talde dinamikan ere badu horrek isla. «Bosteko matrimonio bat gara, jada nahiko kontsolidatua», aitortu du biolin joleak, «eta onerako eta txarrerako rol asko markatuta» daude. «Zorionez, jada kokatuak gaude eszena batean eta uste dut horri esker hartu dezakegula distantzia apur bat erabaki batzuk hartzeko. Badugu lasaitasun bat, konfiantza bat, taldean. Erabakiak hartzeko uste dut oso buruaskiak garela. Ez dakit hori den hitza, baina ez gara sentitzen inorekin zorretan. Uste dut lehen erabakiak hartzen genituela, onerako zein txarrerako, ilusiotik eta inpazientzia horretatik pixka bat. Gauza batzuk arrapaladan egiten dituzu, bere ondorio onekin ere bai. Orain sentitzen dut moduak eta erak patxadaz egindakoak direla, eta gauza guztiak hitz egiten ditugula». Sorkuntzaren aldetik ere eragina nabarmena da. «Hor ere sumatzen da pila bat heldutasuna. Lehen, beharbada, fletxazo asko zeuden eta orain funtzionatzeko modua ezberdina da. Prozesua aldatu da. Kantuak gutxika joaten gara moldeatzen, ez ditugu zizelkatzen, ertzak bilatzen ditugu... Aldatu da bai».
Egindako zazpi urteko ibilbideak maila kolektiboan zein indibidualean utzi diela arrastoa uste du: «Nire aldetik hitz egingo dut, noski, baina uste dut Ibil Bedik guztioi eman dizkigula gauza pila bat, pertsonalki ere ireki dizkigula mundu pila bat». Autogestioaren hautua du taldeak oinarrian hasieratik. Lanak bizkar gainean jarri eta sumatu dituen taldea da Ibil Bedi. Hautu horren atzean «espektatiba» jakin batzuk ere badaudela deritzo Senosiainek. Boskoteak ez zuen taldeaz bizitzeko hautua egin, eta, horrek, erabaki batzuk hartzeko orduan lasaitasuna ematen diela azaldu du. Baina hartutako erabakiak dakartzan tentsioez hausnarketa ere luzatu du: «Guk lasaitasunez bizi dugu gure egunerokoan ez dugulako dependentzia hori taldearekiko. Baina askotan baduzu arantzatxo bat eta galdetzen diozu zure buruari: ‘hautua egin izan bagenu, gure moduak errespetatuz agian posible izango litzateke honetaz bizitzea?’». Pausoa emateko, ordea, baliabide falta nabarmena da. «Ez dut esan nahi musikatik bizitzeak idilikoa izan behar duenik. Mundua dagoen bezala egonda, gu izan behar garenik ondoen bizi direnak. Baina gauza batzuk benetan denigranteak dira». •


