
Herman Melvilleren ‘Moby Dick’ nobelaren miresle izan zen haurtzarotik John Huston, eta betidanik zuen buruan bueltaka. Pantailara eraman nahi zuen. Gaur bezalako egun batean estreinatu zuen, baina buruko min handiak eman zizkion aurretik.
Gidoia Ray Bradburyk eta John Hustonek berak idatzi zuten. Gregory Peck protagonista behar zuen, ekoizleek horrela behartuta, baina aktoreak gazteegia ikusten zuen bere burua Ahab kapitain aztoratu eta karismatikoaren azalean sartzeko. 38 urte zituen; Ahabek, eleberriaren arabera, 58 zituenean.
Hustonek denbora asko eta diru anitz gastatu zuen filme honetan. Madeira, Irlanda eta Kanarietako filmaketa oso baldintza gogorretan egin zen, eguraldi txarraren eta zetazeoaren itxura zuten tramankulu mekanikoak hits egin eta gehienak ozeanoan galdu zirelako. Azkena, Kanarietan erabilitakoa, laurogei oin baino gehiagoko gomazko bale bat zen.
John Hustonek beti izan zuen garbi zein zen nobelaren gakoa: «Blasfemia handi bat da. Ahab Jainkoaren iruzurra ulertu duen gizona da, Jainkoaren gizakiaren suntsitzailea delako, eta bere balearen atzetik ibiltze horretan, Jainkoa aurrez aurre izatea du helburu, berari mozorroa kendu ahal izateko. (…) Filma, egia esan, blasfemia handi bat da. Ez dut uste kritikari bakar batek ere blasfemia hitza idatziko zuenik, baina, hala ere, horixe da filmaren gai nagusia. Nik inoiz egin dudan printzipio-adierazpen garrantzitsuena da film hau. Are gehiago, ‘Moby Dick’ nire pelikularik garrantzitsuena dela esango dut. Ahab da Jainkoa gorrotatzen duen gizona».

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»
Pradales ikono feminista
