
Tabakaleran obratu zen miraria, ofizio honek dituen sorpresa ederren artean, niretzat ederrenetakoa. Helen Hester filosofo, idazle eta ikertzaile britainiarra gonbidatu zuten hitzaldia ematera, “Siliziozko dinastiak: elite teknologikoak eta haurtxoen etorkizuna” izenburupean. Eta hurrengo egunean harekin solasaldi bat lotuta nuenez, eta hortik ateratakoarekin egunkarian elkarrizketa bat ontzeko aurreikuspena ere bai, bada Hesterren hitzak aditzera bertaratu nintzen, ideia bat egiteko, lauzpabost ohar hartzeko, interes osoz. Eta han aditutakoak eta handik ateratako oharretatik hausnartutakoak -funtsean, analisi honen oinarria- barne munduaren astinketa sortu didatela aitortu behar dut, kaskarra majo eragin dudala, alegia.
Xenofeminismoaren berri ez nuen. Hesterrez noiz edo noiz aipamen lausoren bat entzuna nuen, asko jota. “The Xenofeminist Manifesto: A politics for Alienation” duela gutxi orriztatu dut, baita bere lan eta elkarrizketa ugari irakurri ere. Eta atrapatu naute. Makinek arnasten eta gorputzek taupadak ematen dituzten bazterretan bizi dela iruditu zait, kablearen eta azalaren arteko mugak desitxuratuz. Ulertu dut bere pentsamenduan ez daudela dogmak: prozesuak daude, interferentziak. Iparrorratza eskaintzen duela, ez mapa bat.
Ez ditu segurtasunak ematen, bakarrik gonbidapenak, keinuak, ez doktrina bat. Bere xenofeminismoak potentzia bat dirudi: gorputzak eta maitasunak birpentsatzen ditu, baita makinak borrokarako lurralde bezala irudikatu ere. Ez gaitu kontsolatzen, ezezaguna, “xeno” dena edo oraindik izenik ez duena, bizitzera gonbidatzen gaitu; Hesterrentzat, etorkizuna, feminista bada, nahitaez arraroa izango delako, teknologikoki haragitua.
NATALISMOAK, BI ADAR
Tabakalerako antolatzaileek aurreratu ziguten Hesterrek teoria natalistei eta ugalketa ingeniaritzari buruzko bere ikerketarik berrienak partekatuko zituela, hala nola jaiotza ratio baxuek eragindako kezkei nola erantzuten zaien, eta erantzun horiek ez direla bazterreko kapritxo edo eszentrikotasunak, baizik eta Silicon Valleyren ekonomia politikoaren hedapena: bizitzaren muga berriak pribatizatu, bereizi eta balio iturri gisa bereganatzeko interesarekin. Imajinario teknosoluzionista horren aurrean, beste etorkizun posible bat marraztuko zigula Hesterrek: aktiboen metaketa dinastikoan oinarrituta ez dagoena, zaintza komunitarioan baizik.
Tradizionalki pribatutasunaren, intimitatearen eta sentimentalismoaren esparruan kokatuta, ugalketa gero eta gehiago birkontzeptualizatzen ari da elite teknologikoen berrikuntza eta logistika arazo gisa. Arrisku-kapitalen, bioingeniaritzaren eta optimizazio teknologikoaren bidez jaiotza tasak handitzeko konpromisoa sustatzen omen dute. Haientzat, haurdunaldiaren prozesu konplexu eta aurreikusezina ingeniaritzaren bidez konpondu beharreko arazoa da, laborategian landutako enbrioien, in vitro ernalketen eta umetoki sintetikoen bidez.
Eta Hester hizketan hasi zen, eta lauzpabost ohar izan behar zutenak letra parrastada kontrolaezin eta gustagarri bilakatu ziren. Hura poza! Sekulako hitzaldia eman zuen.
Populazioaren hazkuntza, ugalketa eta familia ugariak bultzatzen dituen natalismoak AEBko politikan duen eragin handia azpimarratzen hasi zen. Ugalketa statu quo-a babestea dela uste dutelako. Haurtxo gutxiago etorkizuneko ekonomia, prestakuntza militarra eta familia berriak sortzen lagunduko duten heldu gutxiago direlako. Beraz, adoretu egin behar da jendea, lehengai bihur dadin, langileak, soldaduak, herritarrak, gurasoak sortzeko. Ikuspegi tradizionala da hori, nazioaren, familiaren eta betebehar moralaren ideia zehatz batean oinarritzen dena.
Baina ez da natalismoaren aldeko indar bakarra. Mugimendu kontrakultural baten forman joera berri bat agertzen ari delako, gero eta indar handiagoz: osagai biologikoen erabilera konbinatzea, hala nola zelulak hartzea organo eta erabiltzaileengandik, ugalketaren prozesua optimizatu ahal izateko.
IDEOLOGIA KALIFORNIARRA
Joera berri hori, maila askotan, pentsamendu kontserbadore konbentzionalari kontrajartzen zaio; izan ere, bioteknologiaren erabileraren kasuan, adibidez, ordena naturalaren sakratutasunaren defendatzaileen aurrean, espeziaren malgutasun mugagabea eta ahalik eta esku hartze handiena aldarrikatzen du. Bestela esanda, eskuineko biokontserbadoreen eta transhumanista libertarioen arteko tentsioa.
Teknologiak ezberdintzen ditu biak. Batzuentzat, zibilizazioak, modu bakar eta zentzu oso erreal batean bakarrik iraun dezake bizirik: familiak sortuz eta ugalketa guztiaren aurretik jarriz. Teknologia gaiztoen eta bidegabeen aurrean babestu behar da ugalketa. Baina, alderdi horretan, ideia kontserbadore tradizional horien etsaiak ez dira queer pertsonak, familiaren instituzioaren abolizionistak edo katu asko dituzten umerik gabeko emakumeak. Ez. Silicon Valleyko eliteak dira. Kontserbadore horien aburuz, elite horiek nahi dutena da «umeak bizi estilo propiora molda daitezkeen luxuzko ondasun edo merkantzia bezala» ikus ditzala jendeak.
Silicon Valley San Frantziskoko hegoaldean kokatutako sakonune geologikoa da, baina, horrez gain, berrikuntza, kapital inbertsio eta indibidualismo ekintzaile baten kultura zabalago bati deitzeko forma laburtua ere bada, eta hori da, hain zuzen, “ideologia kaliforniar” famatua. Baina zer dauka ideologia horrek ugaltzearen gaiarekin hain interesatua egoteko?
DIRUAREN ARRASTOA
Masiboki ugaltzeko desira hori jaiotze tasa baxuei egotz diezaiekegu? Benetan? Elon Muskek mehatxu existentzialetan populazioaren jaitsiera klima aldaketaren aurretik jartzen du. Hamalau seme-alaba dauzka eta, aitortu duenez, askoz gehiago izan nahi ditu. Eta Pavel Durov Telegram plataformaren sortzaileak, hamabi herrialdetan, ehun seme-alaba biologiko baino gehiago ditu. Eta sei bakarrik kontzebitu ziren modu tradizionalean. Natalismoaren aldeko pertsona porrokatua, ugalkortasun tasen jaitsierarekin kezkatuta, arazoa proaktiboki lantzearen alde egin du, bere hazia erabiliko duten emakumeentzako in vitro ernalketen tratamenduak finantzatuz. Indartzen ari den joeraren adibide ona da: esperma emaileen elitea.

Natalismoaren aldekoen arazoa ez da jaiotze tasen jaitsiera. Afrikara begiratu besterik ez dute. Txad eta Somalian, adibidez, ugalkortasun tasa lau eta sei seme-alaba artekoa da emakume bakoitzeko. Ume horiek etorkizunean zeregin garrantzitsua jokatuko dutela pentsatzea, baina, lekuz kanpokoa da haientzat. Natalismoaren aldekoak immigrazioaren etsaiak dira, hobe da populazioa bertan sortzea beste herrialdeetakoak hartzea baino. Baina nola lotzen da hori elite teknologiko horren kultura, ikuspegi eta negozio nagusiekin? Erantzunaren zati handi bat Silicon Valleyren eta ugalketarako bioekonomiaren arteko loturan datza.
Diruaren arrastoari segitu behar zaio, finantzaketarenari. Ugalkortasuna babestera, ugalketa lagunduen teknologietara eta enbrioien ikerketara bideratzen ari da, eta Silicon Valleyko famatuenak daude inbertsoreen artean: Elon Musk, Peter Thiel, Sam Altman, Brian Armstrong, Jack Abraham, Nicole Shanahan eta Vitalik Buterin, besteak beste. Teknosoluzioen zale amorratu horiek zahartzaroan ugalketa posible egin, antzutasuna gainditu eta seme-alaben hautaketa optimizatzeko moduak bilatzen ari dira.
EUGENESIAREN ITZALA
Arrisku-kapitalek ugalketa lagunduen teknologiak finantzatzeak galderak sortzen ditu, etorkizunean izango den ugalkortasunaren ekonomia politikoaren inguruko galderak. Influentzien, harremanen eta finantzen sare konplexu horrek, bestalde, elite teknologiko horiek bizitzaren sorreranola ulertzen duten erakusten du: ez hainbeste praktika pertsonal bezala, baizik eta pribatizatu den prozesua gisa, bere ugalkortasun klinika, esperma banku, proba genetikoetarako laborategi, haurdunaldi subrogatuetarako agentzia eta abarrekin.
Umetokia makina gisara ulertzen zuen aspaldiko metafora hura, egun, gorputza arazo eta soluzio gisara ulertzen duten diskurtso alternatiboek zeharkatzen dute. Gorputzak (emakumearenak) garaiz kontzebitu behar du, eta horri begira kudeaketa bioteknologiko bat behar da, komertzializatzen diren obulu izoztuen eta in vitro ernalketen soluzioekin. Ildo horretan, hezigaitza den eta ihesak dituen emakumearen gorputzak ugalketarako makina hori ezeztatzen du, metafora zaharra arrakalatuz.
Natalismo teknologikoak eta ugalketa masiboen ideiak aldakortasun biologikorekin eta berrikuntzan egindako inbertsio itzelekin kontaktuan jartzen direnean, erne! In vitro ernalketek eta haurdunaldi subrogatuek (hautuz edo beharrez) elite teknologikoaren ugalketen eta bizitzen narratibetan hartzen duten zentraltasuna ikusi besterik ez dago; edo proba genetikoekin harremana duten inbertsioetan. Badira elite horretan enbrioi poligenikoak bahetzeko beharraren inguruan espekulatu dutenak, adibidez, gaixotasunak, inteligentzia potentziala edo osasun mentaleko arazoak detektatzeko. Eugenesiaren itzala ageri da hemen, oso nabarmen, demografiaren proiektu eta giza perfektutasunaren aspirazio guztietan bezala.
AZKAR, ERRAZ, MERKE
Umetoki artifizialen teknologia futuristak arrisku-kapitaleko inbertsoreen radarrean daude. Teknologia hori garatzeko, hainbat enpresak Silicon Valleytik milioi askoko inbertsioak lortu dituzte. Haurdunaldi subrogatutik harago doaz umetoki artifizialak, ez bakarrik sortzaile genetiko gisara gorputzaren mugak urratzen dituztelako, haurtxoak sortzeko teknologia bezala haurdunaldiak ere gainditzen ditu: haurdunaldiko gorputza muntatze teknikotik erabat ezabatua izango dela imajinatzen duelako.
Jaiotze tasaren jaitsieraren inguruan Musken txio bati erantzunez, Ethereum-en kofundatzaile Vitalik Buterinek, honela esan zuen: «Umetoki sintetikoek haurdunaldiaren zama handia arinduko dute». Eta Sahil Lavingia inbertsore teknologikoak hau iradoki zuen: «Umeak izatea askoz azkarragoa, errazagoa, merkeagoa eta eskuragarriagoa izateko teknologian inbertitu behar dugu».
Naturari bere bidea egiten utzi gabe, sexurik gabeko ugalketara jauzi egitea da, ugalketan ikuspegi interbentzionistetara jotzea. Hor praktika ugari daude, besteak beste, bahetze genetikoa, obuluen izozketa, in vitro ernalketa eta Pavel Durovek egiten dituen bezalako esperma donazio masiboak.
DAGOENA ERREPLIKATU
Ugalketa postnaturalen imajinarioen baitakoa da hau: harreman sexuala ernalketatik banatzen da; eta ernalketa haurdunalditik; eta haurdunaldia jaiotzatik, eta jaiotza edoskitzetik, eta edoskitzea hazkuntzatik... Azken buruan, horniketa kate «azkar eta malguaren» metafora teknomaterialaren bidezko bizitzaren sorkuntzan gauzatzen da.
Hesterrentzat, baina, sexurik gabeko ugalketaren arazoa ez da bioteknikoki landutako haurdunaldiaren desnaturalizazioa. Beste hitzetan esanda, problematikoa egiten zaiona, desegiten duena baino, defendatzen duena da.
Haurtxoa ez delako bakarrik gizartearen kide produktibo bat, etorkizuneko «langile-soldadu-herritar-aita»; baizik eta zuria da, heterosexuala, inteligentea, desgaitasunik gabea eta abar. Beste hitz batzuetan esanda, estandar normatibo idealetatik ez desbideratzea irudikatzen da hemen: alegia, orainaren aldagaia baino ez den etorkizun bat irudikatzen du. Erreproduzitu egiten du, dagoenaren luzapen amaigabea da, bereziki egiturazko zapalkuntzari, klase balioari eta espeziearen chauvinismoari dagokienez.
Ez hain aspaldi, Silicon Valley «etika progresista» lantzen zuen leku bat zela uste zen. Baina azken aldiotan gerra kulturaletan buru-belarri sartua da. Ideologia kaliforniarra beti izan delako oso moldakorra. Eta orain bere sen ikonoklasta hori arau sozial progresisten (berdintasuna eta inklusioa, woke posizioak, trans eskubideak…) kontra zuzendu du, desestabilizatu behar den botere baten kontrako matxinada baten forman birformulatuta.
GAMETO SINTETIKOAK
In vitro gametogenesi deituriko ugalketa teknologia esperimentala aztertzean -azal edo odoleko zeluletatik espermatozoide eta obuluak sortzea-, adibidez, argi ikusten da. Open AI-ko Sam Altmanek eta Skypeko sortzaile Jaan Tallinek izugarri inbertitu dute teknologia horretan, espermatozoide eta obulu bizigaiak sortzerik ez duten pertsonek (antzutasuna dela eta, adinean oso aurrera doazen gurasoak, sexu bereko bikoteak) beste zeluletatik sortutako gametoen bitartez genetikoki ahaidetuak diren haurrak izateko.
Alde batetik, giza ahaidetasunaren sorkuntzan harreman biogenetikoak lehenestea da, ugalketa dinamiken nolabaiteko birnaturalizazioa. Baina, bestalde, guztiz desnaturalizatzailea (eta antiesentzialista) den mugimendua da. Obulu eta espermatozoideen ingeniaritzarekin, eta askoz gehiago hozi-zelulen sexu aldaketak posible bihurtuko balira, in vitro ernalketek ez lituzkete bakarrik ernalketa eta haren kontrola berritxuratuko, baita sexuaren eta generoaren gaineko gure ideiak ere. Eta, hain zuzen, horregatik, natalismoaren aldeko eliteek -hein batean- ukatzen duten genero osteko etorkizun queer hori seinalatzen da.
Izan ere, elite horiek hobeto molda daitezke gameto sintetiko eta umetoki artifizialen mundu batera sexu binario finkorik gabeko mundu batera baino; lehenengoak kontrol teknikorako proiektu bati erantzuten diolako eta bigarrenak, aldiz, mehatxatu egiten duelako: generoaren aldakortasuna historikoki leinua ikusgarri egin eta transmisio genetikoari esanahia eman dioten koordenatuak disolbatzeko mehatxua da.
AITATU ETA AMATU
Elite teknologiko horiek hazkuntza jaio aurreko diseinu batera mugatu dezakete, ia erabat. Goi mailako geneen bitartez -nahierara hautatuak edo ausaz emanak-, pertsona bikainak sortzeko kodifikatuak diren heinean, ez da hain urgentea maitasunaren eragina, atentzioa edo haurraren garapenarekin konexioa kontuan hartzea. Ez behintzat enbrioia ezarri aurreko diagnosi genetikoa baino urgenteagoa, ezta enbrioi poligenikoen baheketa baino urgenteagoa ere.

Naturaren eta hazkuntzaren arteko desoreka hori ondo jasoa da elite horien «eskuzabaltasun» genetikoan. Umeak haztearen konplexutasunik gabeko nartzizismoa eta hilezkortasun ametsen arteko nahasketa bat da. Beren geneak besteenak baino baliotsuagoak direla uste dute eta bikaintasuna transmititu ahal eta behar dela.
Kontuok hobeki uler daitezke aita eta ama izatearen konnotazio bereizgarriekin. Aita material genetikoaren ekarpena da, eta ama ez da hainbeste ugaltzearen lana, baizik eta lan horren ondorioa epe luzean gordetzearen praktika. Umetxoen hazkuntza lan konplexua eta neketsua izan baino produktu baten fabrikazio diskretua den heinean, eliteok umeak, hazteaz baino, sortzeaz kezkatzen dira.
Elite teknologikoen bizimoduetan ikuspegi horiek abantaila argiak dauzkate. Muskek 14 seme-alaba ditu eta horien eguneroko hazkuntzan denbora inbertitzea desafioa edo galera izango litzateke bere enpresa, anbizio politiko eta bideojoko zaletasunerako. Hazkuntzan eragin presentzialetik (zaindu, lagundu, umearen behar emozionalei erantzun…) aita urruntze hori ugaltze masiboaren ikuspegi horren ageriko ondorioa da.
«ADARBAKARRA»
Kuriosoa da ume gehiago izaten saiatzen den mugimendu batek aitatasuna esperientzia atsegina izan daitekeela ulertzeko daukan ezin hori. Itxuran, ez dago konplexuak eta gaitasun askotarikoak diren seme-alabekin harreman eder bat sortzerik, gizaki bezala haiekin konektatzeko interesik. Badirudi, umea gutxiago dela gizabanakoa, bere desirekin eta duintasunarekin, eta gehiago proiektu bati begirako bitartekoa.
Elite teknologikoek eskala handiko ugalketaren alde egiteko duten joera horrek bi eta hiru digituko ondorengo kopuruak izatea ekar lezake. 34 seme-alaba, edo 134. Legioak sortzeko ahalegin horrek gero eta antza handiagoa du arrisku-kapitaleko inbertsioen estrategiekin. Arrisku-kapitaleko funtsek banku eta inbertsore instituzionalek bultzatzen ez dituzten enpresa emergente askoren alde egiten dute. Esperantza hori dutelako: inbertsioak ahalik eta gehien ugarituz, azkenean, galerak orekatuko dituen “adarbakarra” aurkitzea. Horrek prozesu guztiak merezi izan duela esan nahiko luke. Eta logika bera dago ugalketaren ikuspegian. Umeen legioa izateak, beti bilatu den ondorengo arrakastatsua eta ideologikoki lerratua izateko aukerak ugaritzen ditu. Apustuak dibertsifikatuz agian azalduko delako zure antzera eta irudira egindako dinastia eraikiko duen “adarbakarra”.
Biologiaren sistemek akatsak ere badituzte; eta hornikuntza kateak ere puskatzen dira. Herentzia genetikoari ere uko egiten zaio. Azken buruan, etorkizunean, alteritatearekin aurrez aurre bildu beharko dugu. Eta Hesterrentzat hor has daiteke ugalketa ezberdin baten politika: ez eskala handian oraina erreplikatuz, ezta etorkizuna leinuaren bidez ziurtatzearen fantasiatik ere, baizik eta aitorpen sinple batetik: arrisku-kapitalek jabegoa ulertzen duten moduan, etorkizuna ez da gurea izango.

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»
Pradales ikono feminista

