
Euskaltzaindiak erabiltzaileen esku jarri du bere webgunean Norbert Tauer euskalari eta ohorezko euskaltzain txekiarraren dokumentu-bilduma.
Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, Norbert Tauerren funtsak hiru atal ditu: ‘Gutuneria’, gutunak eta oro har Tauerrekin zerikusia duen korrespondentzia; ‘Prentsa-lanak’, euskal kulturari buruzko prentsa ebakin zein testuak; ‘Bestelako material’, euskal munduarekin lotutako osterantzeko idazlan eta dokumentuak.
XX. mende hasierako Txekoslovakiak (egun Txekiako Errepublika eta Eslovakiako Errepublika) Madrilen zuen enbaxadan lan egin zuen Norbert Tauerrek (Pilsen, 1898-Praga, 1983), merkataritza arloko arduradun, hamar bat urtean (1927-1939). Haren bitartez, Euskal Herria ezagutu zuen, eta lurrak eta hizkuntzak «liluraturik» geratu omen zen.
Pragan bizi zelarik, batik bat, hamarkada luzez, euskal kultura mintzagai zuten prentsa berri eta artikuluak biltzeaz gain, gutun harreman handia izan zuen orduko euskal eragile askorekin, euskaraz, gehien-gehienean. ‘Euzko Deya’, ‘Karmel’, ‘Egan’ edota ‘Gernika’ aldizkarietarako ere hainbat artikulu idatzi zuen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1954an, eta ohorezko 1973an.

