Futbol mundialak baditu bere protagonistak. Badago bat futbolzaleak ez direnen artean arreta deitu duena. Norbegiako selekzioko Erling Haaland bere izaera dibertigarri eta keinu barregarriengatik egin da ospetsu, jolakari ona ere baden arren. Eta bere sonaren gerizpean, beste pertsona bat ari da egiten ospetsu, Anastasia Kostromitina modelo errusiarra.
Berak ere umorea erabiliz, futbolariarekin duen antzekotasun fisikoa indartu du sare sozialetan zabaldutako bideo batean, eta birala egin da. Duela lau urte esan zioten lehen aldiz antza zuela, eta hasieran ulertu ez bazuen ere, orain ondo iruditzen zaio konparaketa. Haaland sare sozialetan birala egin zela ikusi zuenean, bere bideoa egitea erabaki zuen.
«Interesgarria izan zen nire sare sozialen aplikazioak zabaldu eta nire aurpegia edonon ikusi nuenean, nire bideoa asko zabaldu zelako. Hasieran ezin nuen kudeatu gertatzen ari zena. Amets bat bezalakoa zen dena. Orain ohitu naiz pixka bat. Ez nuen uste bideoa hainbeste zabalduko zenik, baina ondo dago», dio modeloak.
Mundialean, Kostromitina Norbegiaren alde egon da, noski, eta eliminatu zutenean triste jarri zen. «Espero dut Erlingek nire bideoa ikustea. Agian barre egingo du. Uste dut sekulako atleta dela eta bere ibilbidean arrakastak besterik ez dizkiot opa. Espero dut orain arte bezalakoa izaten jarraitzea, denek maite dutelako», adierazi du.
Erlingek ez du kamerarentzat posatzen, berari naturalki ateratzen zaio. «Aurpegi-espresio harrigarriak eta emozio erreal eta bortitzak ditu –dio errusiarrak– hori da duen onena, eta segur aski hori da jendeari gustatzen zaiona. Ni nahiko ona naiz bere espresio horiek imitatzen, eta gainera ez naiz asko saiatu behar. Uste dut hori badugula amankomunean».



