Normaltasunerantz
Kostaldeko nire ohiko oporlekuan nago, jolas-parke baten ondoan estrategikoki kokatutako terraza batean, seme-alaben olgeta urrunetik zaintzen. Ondoko mahaian bi lagun hizketan ari dira, futbolaz. Barkatu aurreiritzia, baina solaskideen itxuragatik ezingo nukeen haiengandik beste hizpiderik espero. Gorputz sendo gihartsuak, proteina-irabiatuez elikatuak eta gimnasioan landuak, eta eskumuturrean xingola gorri-horia. Nire harridurarako mahaikideen elkarrizketatik ondorioztatu dut Bilbo ingurukoak direla. Eta harritu nau, halaber, xehetasun horretaz harritu izanak; izan ere, futbolaren aitzakian, ikur espainolak gero eta normalizatuago daude gure artean.
Inor gutxi asaldatzen da gaur egun eskola euskaldun bateko patioan Espainiako futbol taldearen elastikoa ikustean. Ume-kontuak dira. Kalean lasai asko ibiltzen dira gaztetxoak, inori kalterik egingo ez baliote bezala, erresumaren armarria paparrean. Gure auzoko jatetxe batek piperpoto itxuradun pizza berezia atera du munduko txapelketa dela-eta, eta behinola suminduko gintuzkeen keinuak irribarretxoa ere aterarazi digu, maleziarik gabeko xelebrekeria besterik ez delakoan. Lerrook idazten ari naizela, ez dakit, egiari zor, mundialeko finalera nor iritsi den, eta axola ere gutxi axola dit, baina badakit Gasteizko Udalak pantaila erraldoi bat jarriko duela erdialdeko plaza batean, EH Bilduren egoitzaren parean bide batez, “talde nazionalari” hauspoa emateko, eta bandera gorri-horiak eramatera animatu dituela hiritarrak, ikur horrek hertsiki lotuta dakarren samin- eta jazarpen-historiari ezaxola. Garai batean gatazkatsuak izango ziratekeen egoera hauek normaltasun osoz onartzea behin betiko kolonizazio kulturalaren lehen urratsa da.
Ezinbestean, terrazako futbolzaleen kalakari jarri diot arreta, eta haietako batek aitortu du, Espainiak munduko txapelketa irabaziz gero, ospatzekotan, «Santanderrera» joateko asmotan zegoela, «lasaiago ospatzeko», gizarte-onespena oraindik erabatekoa ez den seinale. Ikur kolonialak anormaltasunez hartzen ditugun bitartean, itxaropen apur bat geratzen da. •




