Erika Lagoma
Bertsolaria

Euskara, kariñoz

"El Requerimiento” gaztelania hutsez idatzitako dokumentua zen, kariñoz eta kuriositate hutsagatik Ameriketako lurrak zapaltzera joan ziren bihotz oneko abenturazaleek indigeneei irakurtzen zietena bizkarrean kolpetxo bat eman aurretik. Aita santuaren eta Errege-Erregina Katolikoen autoritatea onartzera behartzen zituzten, behartu pixka bat, eta tutik ulertzen ez zuten testuarekin ez bazuten bat egiten, gerra, kokotekoa, justifikatuta zegoen.

Legeak, epaiketak, baina, oso gutxi egiten ziren, indigenak oso pozik bizi baitziren dantzan eta kantuan bisitari berriekin, eta izendapenak castellano-z izaten ziren esklusiboki. Horrela, bertakoak erabakiguneetatik baztertu egin zituzten eta antzinako tokiko sistema juridikoak deuseztatu, eskuzabal, inposiziorik gabe.

Idazketaren monopolioak indigenen ahozko tradizioa zapaldu zuen. Zanpatu ez, zetazko izara arin batekin estali zuen, eta, ondorioz, jakintzaren kontrola eta errelatoa bera kruzero enpresa familiar kolonialaren esku geratu ziren. Natiboak isilik eta irribarretsu, konprometituta eta ilusionatuta.

Frantziako Iraultzan ere, hautu estetiko bat izan zen herri xehearen hizkuntza ziren bretoiera, okzitaniera, euskara… koloretsu eta anitz haiek ezabatzen hastea. Zertarako mila kolore denak izan bagaitezke bat? Urdin, adibidez. Ez dago urdina bezain kolore ederrik, nork ez du bleu izan nahi? “Rapport Grégoire” txostena aurkeztu zuten 1794ko ekainaren 4an Frantziako Konbentzio Nazionalean; Errepublika bat, banaezina eta hizkuntza bat, aldaezina, askatasunaren hizkuntza: frantsesa. Eskola publikoa frantsesez, soldaduska hainbat lekutatik etorritako gazteek frantsesa ongi ikas zezaten, epaitegiak, hedabideak, ofiziala zen oro, oro, frantsesez, eta gehiena dohainik, a zer pagotxa!

Euskarari lotutako emozio positiboen bilduma egin zuen Joan Mari Torrealdaik 1998an, “El libro negro del euskera” liburuan, eta 2018an osatu zuen “Asedio al euskera. Más allá del libro negro” argitalpenarekin. XVIII. mendetik hasita dokumentatu zuen euskararen, gaztelaniaren eta frantsesaren arteko polimaitasuna, maitasun parekoa, botere harremanik gabea, sortzez garbia: izan itzazu zaindu ditzakezun beste harreman.

Eta horrela sartu dira, besteak beste, maitekiro, gaztelania eta frantsesa munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen Top 5-ean, inposaketarik gabe. Ingelesa, mandarina, arabiera estandarra ere berdin.

Eta zein gaizki egiten duzun euskara lubakietan sartuta, gatazkaren eremuan, polemikaz polemika; hori ez da ona. Patxada eta sosegua behar dituzu. Ez molestatu, entzun inposatzaile ikusten zaituztenen kritikak eta ulertzen saiatu. Badaukazu D eredua, utzi lasai A eta B, badaukazu ETB1; zer axola dizu ETB2ren aurrekontuak? Euskara eskakizunak, gehiegizkoak, unibertsitatean sartzeko probako Euskara eta Literaturako aztertzaileak zorrotzegiak, begira zeinen ongi egin duten Fisikakoek… Nahikoa da. Kariñoarekin lortuko duzu «euskaraz dakitenek euskara elkarren artean erabiltzea; espazio berrietan presentzia handiagoa izatea; gero eta jende gehiagok berezko sentitzea, ama-hizkuntza edozein dutelarik ere; atxikimendu emozional positiboak sustatzea; edo migratzaileak gure hizkuntzara hurbiltzea, euskararen biziberritzean funtsezko papera dutela barneratuz» (Imanol Pradales).

“Jauzia Gara”; agian, noizbait, ausardiaz eta konplexurik gabe, “Euskara Gara” aldarrikatuko dugu. •