Opa eta oka
Goxokiak ekainean eramaten nituen ikastolara; udan urteak betetzeak esan nahi omen du inor gutxi gogoratzen dela zure egunarekin. Akaso horregatik, neure burua zaildu dut eguzkiari ematen diodan bira bakoitza efusibotasun handiegiz ez ospatzeko. Trukean, zorteko sentitzen naiz ni zoriontzeko tartea hartzen dutenek, urte askotarako bizitza opa didaten modu berean, «udara on» bat opa izaten didatelako.
Pentsatzen jarri naiz hori udarekin bakarrik gertatzen dela; ez diodala inoiz inori entzun «negu on», «udazken ona izan» edo «ondo-ondo pasa udaberria» esaten, hiru urtaro horiek ere gure eguzki-bira alderik alde zeharkatzen duten arren. Uda nabarmen gainbaloratzen dugulako, beharbada. Uda bai baita egun luzeen distira, erlojurik gabeko orduen errenkada luzea, lehen muxuen plaza, bizitza motelago bat gorputzean sentitzearen osasuna. Eta, idealizazio horretan, zaila baita irudikatzea garagardo iragarkietan kabitzen ez diren gauzak ere gertatzen direla udan. Baina, gertatu, gertatzen dira.
Eta, horrela, oporren usainean, atzera-kontu betean, gastroenteritisak bisitatu nau. Eguzkiari eman berri diodan bira honetan, 38. aldiz, gainezka egin didate nola urdailak, hala erraiek. Goitika egin, gonbitoka aritu, bota. Barrenak hustu desesperatuki. Goragaleak abisatu nahi izan balit bezala, eguzkiaren inguruan dantzan jarraitzekotan, gogo eta gorputz hau zainduta izan beharko duela.
Birusaren diosala metaforikoki hartzea izango da uda on bat desio izan didatenei kasu egiteko nire modua. Eta, akaso, udazkenera begira, saiatuko naiz «urtaro on bat opa dizut» maitasuna adierazteko nire lokuzioetara ekartzen; hain zikliko, hain epe-ertaineko, hain urtaro berrien esperantzan, hain ate-zabalik berriz elkartzeko. •



