Kaxkoa, azeria eta soka

Urtero, inauterietan eta San Joan (edo Udako Solstizio) jaietan, Hernanik Azeri Dantza ospatzen du. Leku askotan ohitura hori galdu egin da eta, beste batzuetan (Andoainen eta Adunan, nik dakidala) -izenak aditzera ematen duen moduan- dantza bezala gorde den arren, Hernanik jolas gisa bizi du. Jolas horretan hiru pertsonaiak hartzen dute parte, “dantzariek”, ikusleek, eta hiriguneko kaxkoak. Azken honek aldi berean pertsonaia eta eszenatoki eran esku hartzen du; bera gabe ez legoke Azeri Dantzarik.
Jolas honetan kalejira antzeko batek kaxkoko kaleak zeharkatzen ditu: aurretik diana doa, segidan Azeria eta, honen atzetik, esku batekin sokari eutsita eta bestean maskuria daukatela, “dantzariak”; eta haien guztien inguruan ikusleak. Musikaren erritmoan aurrera egiten du kalejirak, eta Azeria dantzan ari dela -satorrak lur azpian dabiltzan bezala- sokari eutsitako dantzariak kaxkoko zirrikituetan barrena gordetzen dira, ikusleen begiradatik kanpo. Bat-batean, musika aldatzearekin batera, “dantzarien” soka, atari, denda edo artekaren batetik atera, ikusleak hormaren aurka jarri eta maskuriekin kolpatzen hasten da. Musika hasierako (berezko) erritmora itzultzean soka korrika ihesi joaten da eta berriz ezkutatzen da eraikinen artean, azeria dantzan ari den bitartean.
Han zaudela antzematen zaila izan arren, jolas honen protagonista ez da azeria edo “dantzarien” soka, hiriguneko kaxkoa baizik. Hango harrizko hormak eta kaleak dira sokaren dinamika, joan-etorria, ahalbidetzen dutenak.
Hernaniko alde zaharrak edo “kaxkoak” Erdi Aroko almendra trazatua du: muturretan topo egiten duten bi kale paralelo, haiek lotzen dituzten kale perpendikularrak eta eraikinen arteko karkabak edo artekak. Erdi Aroko partzelako eraikinek dituzten sarrera eta irteera ezberdinak dira gakoa, haietariko asko azpitik zeharkatzea ahalbidetzen baitute (kaletik karkabara eta, beste eraikin batean barrena, ondoko kaleraino). Permeagarritasun horrek ahalbidetzen du, hain zuzen ere, soka batetik bestera mugitzea eta ezustean ezkutatzea, non dabilen jakitea ezinezkoa eginez. Hori guztia gerta dadin ezinbestekoa da jendearen parte hartzea, hau da, bizilagunek eta dendariek ateak irekita utzi behar dituzte mugimendu (lekualdatze) aske hori ahalbidetzeko.
Violet Alford eta Rodney Gallop britainiarrak aspaldi jabetu ziren esaten ari naizenaz, Euskal Herrian eta Hernanin bertan ibili eta gero, 1935ean argitaratutako “The Traditional Dance” izeneko Europako dantzei buruzko liburuan hurrengoa baitiote: «Euskal Herrian, kaleko dantzak ez dira plaza batera mugatutako ikuskizun estatikoak. Dantzarien katea organismo bakar gisa mugitzen da herriko kaleetan zehar, kantoietako birak eta kalezuloak jokoaren ezusteko elementu gisa erabiliz».
Mintzagai dudan festak aldaketa deigarri bat ekartzen du: goiz batez, Azeri Dantza ospatzen den egunetan, espazio publikoen eta pribatuaren arteko muga lausotu egiten da, inork garrantzi berezirik ematen ez badio ere. Beste edozein egunetan arraroa litzateke ate eta karkaba horiek guztiak irekita egotea, segurtasun falta pertzepzioagatik, baina Azeri Dantzan, inork hitzik esan gabe, herria ados jartzen da “arrisku” horri garrantzirik ez emateko. Hori bai, dantza amaitzean ateak eta artekak berriz itxi eta normaltasunera bueltatzen da hiriguneko kaxkoa. Zoritxarrez, urtea joan urtea etorri, jokoa ahalbidetzen duten ate eta pasabide horiek desagertzen ari dira. Etxebizitzetan eta lokal komertzialetan egindako obrek eta zaharberritzeek ate horietako asko ixtea ekarri dute; karkabak, etxeen arteko kalexkak, teorian espazio publikoa diren arren, aspaldi jasan zuten pribatizazio informala.
Hernaniz idatzi arren, zuetako bakoitzak bizi zareten herriari begiratzea, hari erreparatzea, nahi nuke. Azter itzazue hiriguneetako kaxkoak eta bestelako kaleak begirada kritikoz. Lehen begiratuan konturatu ez arren, ziur badirela herriaren trazatuak ahalbidetzen dituen jokoak eta erritualak zuenean. Agian ez dira Azeri Dantza bezain agerikoak; baliteke, besterik gabe, lagunekin egoten zareten txokoak edo bikotekidearekin ezkutuan ibiltzeko eta aritzeko pasabideak izatea. Alabaina, guztiak dira herriak eta komunitateak harilkatzen eta ehuntzen dituzten tokiak. Espazio horiek gure egunerokotasunaren eszenatokiak dira eta haiek gabe ez legoke inolako joko edo antzerkirik.
Agian, utopikoa da eta zentzu handirik ez du, gizarte indibidualista eta pribatu honetan, gure herri eta hiriei beren permeabilitatea itzultzen saiatzeak, baina are zentzugabeagoa litzateke, seguruenera, Azeri Dantza bezalako altxorrak galtzea herriak berak ateak ixteagatik. •
Kasketa euskarafoboak
Erabileraren obsesioa

«Langile batek urtean egiten dituen orduak guk sei hilabetetan egiten ditugu»

«Abesti-omenaldi hau grabatzea niretzat zirkulu bat ixtea bezalakoa izan da»

