
Gure kantagintzaren diskografiarik zintzoena eta sakonena du Ruper Ordorika Ezkurdiak. Musikan egin duen bidea luzea eta oparoa da, bizitza askoren soinu-banda.
Oñatin jaio zen 1956ko abuztuaren 16an eta musika zalea izan da betidanik. 12 urterekin Gasteizera joan zen bizi izatera. Gasteizen ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat ekimenetan, horien artean nagusiena Pott Bandaren sorreran, gerora kantariaren ibilbidean garrantzi handia edukiko zuena. Bertan elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde.
‘Hautsi da anphora ’(Xoxoa-Elkar, 1980) lehen diskoak dagoeneko oso kritika onak lortu zituen, euskal kantuaren ordura arteko munduarekin alderatuz molde berriak jorratzen bazituen ere. Atxagaren ‘Etiopia’ (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen disko hau.
Ordutik diskografia zabala eta anitza ondu du Ordorikak, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat musikarirekin elkarlanean. 2024an Abadia Saria jaso zuen Ordorikak, euskal kulturari egindako «ekarpen agortezinagatik». Esker onaren unean, eta bere esperientziatik tiraka, musiko honek gogora ekarri nahi izan zuen euskal sortzaileen egoera: «Sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan», aipatu zuen.
Euskarazko sorkuntzaren munduari begira jarrita, piramidearen oinarrian egon beharrean, «euskaraz sortu nahian duinki iraun ezinik dabilen egilea» piramidearen goiko bertizean kokatzen dela azaldu zuen.
Hamaika abestik osatzen dute Ruper Ordorikaren azken diskoa, ‘Lurra ikutu barik’ (2025), izenekoa. Erabat gomendagarria,. Musiko honen hurrengo kontzertuak, bere webean kontsulta daitezke

