GAUR8

Duela 90 urte jaio zen Robert Redford aktore ospetsua

Urte askoan Hollywoodeko izar nagusia izateaz gain, eragin handia izan zuen zuzendari eta zinema independenteko eszenaren sustatzaile gisa, 1978an Sundance-eko zinema jaialdia sortu baitzuen.

Robert Redford, 1973an, "The Sting" filmaren grabaketan.
Robert Redford, 1973an, "The Sting" filmaren grabaketan. (Ken DARE | LA TIMES - UCLA - WIKIPEDIA)

Robert Redford aktore ospetsua 1936ko abuztuaren 18an jaio zen Santa Monican, Kaliforniako estatuan, eta AEBetako zinemako izarrik ospetsuenetako bat bilakatu zen bere ibilbide luzean. Hollywooden eragin handia izan zuen aktore, zuzendari eta zinema independenteko eszenaren sustatzaile gisa, 1978an Sundance-eko zinema jaialdia sortu baitzuen, urtarrilaren amaieran Utahn ospatzen dena.

Hiru Oscar sari irabazi zituen, besteak beste, Hollywoodeko Akademiak bere ibilbide osoari emandako ohorezko saria, 2022an jaso zuena. Eta beste hainbat aldiz estatuatxoa jasotzeko hautagaia izan zen. Redforden filmografiak hainbat film eta arrakasta handi biltzen ditu, hala nola "The Chase" (1966), "Butch Cassidy and the Sundance Kid" (1969), "The Candidate" (1972), "Jeremiah Johnson" (1972), "The Sting" (1973), "The Great Gatsby" (1974), "The way we were" (1973), "Three days of the condor" (1975), "All the president's men" (1976) edota "Ordenary people" (1980), Oscar saria film onenari eta zuzendaritza onenari irabaziz zuzendari gisa egin zuen debuta. "Out of Africa" (1985) ere aipatu daiteke.

Zuzendari gisa egindako ibilbidea laburra izan zen, hamar bat filmekoa, eta ez zen aktorearena bezain distiratsua izan, nahiz eta harro egon Timothy Hutton gazte bat "Ordinary People" filmean edo Scarlet Johansson nerabe bat "The horse whisperer" (1998) filmean deskubritu izanaz. 

Robert Redford 2018an erretiratu zen ofizialki zinema mundutik eta 89 urte zituela hil zen Utah estatuko bere etxean 2025eko irailaren 16an.