GAUR8

Mende erdi da Viking 2 ontzia Planeta Gorrian lurreratu zela

Denok gogoan ditugu NASAren ‘Perseverance’ astromobila 2021ean Marten lurreratu zenean iritsi zitzaizkigun irudiak. Baina Planeta Gorria aspaldi dago jomugan. Gaur 50 urte, 1976ko  irailaren 3an hain zuzen ere, Viking 2 zunda lurreratu zen Marten.

NASAren Viking 2 zunda, Marten.
NASAren Viking 2 zunda, Marten. (NASA/JPL-Caltech)

Izan al zen bizitzarik Marten? Galdera hori erantzuten saiatzen ari dira aspaldi zientzialariak. Gaur mende erdi, Viking 2 zunda Planeta Gorrian lehorreratu zen eta ez zuen bizi-aztarnarik aurkitu, baina Lurrean bizitzeko ezinbestekoak diren elementu guztiak aurkitu zituzten: karbonoa, nitrogenoa, hidrogenoa, oxigenoa eta fosforoa.

NASAren Viking programako Marte esploratzeko bi zunda espazialetako bat zen Viking 2; biak Viking Orbiter 2 zunda orbitalean parte ziren. Titan III E/Centaur izeneko espazio ontzi batek jaurti zuen multzoa 1975eko irailaren 9an. Urtebeteko bidaiaren ostean, abuztuaren 9an Viking 2 ontzia Marteren inguruan orbitatzen hasi eta gaur bezalako egun batez lurreratu zen. 1978ko uztailaren 24ra arte utzi zuten orbitatzen, etxerako bidea hartu aurretik.

Ordutik, Marte ez da zientziaren fokutik kendu. Adibidez, EHUko ikertzaileek planetako meteorologia eta lurzorua ikertzen jarraitzen dute, NASAren ‘Perseverance’ ibilgailu esploratzaileak Jezero kraterraren inguruan –misioak aukeratutako azterketa-lekua– jasotako datuei esker.

Eta noiz iritsiko da gizakia bertara? Kalkuluak teknologiaren aurrerapenaren arabera aldatzen dira: NASAk dio datozen bost edo sei urteetan lor daitekeela edo, dena orain arte bezala jarraitzen badu, 2045ean kokatzen du.

Adi, zeren Francisco Anguitak, geologia planetarioko irakaslea dena Unibertsitate Konplutentsean, hauxe dio: «Espezie gisa dugun etorkizuna Marten dugu jokoan».