«Herri eraikuntza, herrigintza eta euskara dira benetan gure lurraldetasuna»
Hamaika Telebistan ikusi ahal izango da irailaren zortzitik aurrera «Mugari begira» saioa. Aritz Ganboak eramango du gogoetaren haria, pagoz egindako bizikleta baten gainean pedalkadaka, Arruazutik Izabara. Marraztuko duen hausnarketarako plazak Euskal Herri osoa interpelatzeko asmoa du.

Arruazutik Izabara, hamaika eguneko hamaika etapa, mugen inguruan gogoetarako lursail eder bat prestatzeko. Horiexek dira “Mugari begira” telebista saioaren zutoinak. Aritz Ganboak gidatuko du Hamaika Telebistako programa eta irailaren zortzian hasiko dira emisioak.
«Mugari begira» izena du zure abentura berriak.
Izenburuak esaten duen bezala, Euskal Herrian mugari begira jartzeko ariketa bat egiten dut. Azken finean, mugaren kontzeptu horren oinarrian subjektu bat jartzen dut, Euskal Herria; eta, beraz, horrek zehazten du mugaren begirada zer markotan eta zer subjekturi lotuta egiten dudan. Abiapuntua da guk gure artzaintza ereduan lantzen ditugun oinarrizko natura baliabideak gobernantza komunaleko sistema batean oinarrituak direla, eta horiek derrigorrez mugatuak behar dute izan.
Bi muga daude oinarrian. Batetik, natur baliabideek dauzkaten mugak daude; alegia, iraunkortasuna bermatzeko muga horiek ulertzetik gure kudeaketari dagozkionak. Bestetik, muga sozialak daude: elkarrekin bizi behar dugun toki honetan, bizi garen gizartearen errealitatean oinarrituta, gure arteko harremanetan eta gobernantza sistemetan sortzen diren mugak. Horri lotuta, bizi jarduera bat sortzen da, kosmobisio bat, hizkuntzaren erabilera bat… Beraz, muga horietatik abiatuta bidean zehar topatuko ditudan muga ezberdinen inguruko gogoetak egingo ditut.
Arruazutik Izabara egurrezko bizikleta batean. Hori da abenturaren forma.
Bai, hari bat egongo da. Aitzakia hartuta, batetik, Arruazutik Izabara dagoen bidea, aitak Arruazutik, sortetxetik, artzaintzarekin daukan lotura; eta, bestetik, amak Erronkaritik, Izaban eta Uztarrotzen, artzaintzarekin daukan lotura. Jentil harriak, trikuharriak… Euskal Herri guztian eratutako elementu zaharrenetatik abiatuta, gaur egungo muga berrienetaraino. Muga horiek dauzkaten eraginak aztertzeko gogoeta espazio bat izango da.
Egurrez egindako bizikleta bat baliatuko dut bidea egiteko, Aralarren, gure ardiak larratzen ditugun eremu berdinetik sortutako pagoz eginda dago bizikleta hori. Zeraingo enpresa batek egin du, Axalko markapean. Gure natur baliabideek eskaintzen duten teknologia horrek lagunduta egingo dut ibilbide guztia.
Natur baliabideen mugak aipatu dituzu. Nolako uda izan da zuretzat artzain gisa?
Gu naturaren eta ingurugiroaren mende gauden errealitate bat gara; gizaki gisa, baina, bereziki, eta are zuzenago, artzain gisa. Eta, beraz, klima aldaketa honen testuinguruan gertatzen ari diren uda bero hauetan argi ikusten da errealitatea: aldaketa guk hartara egokitzeko dugun gaitasuna baino azkarrago doa. Eta gure kasuan gure ardi, gure abere, gure ekoizpen sistema eta horri lotuta dagoen eredu guztiari buruz ari gara. Eta hori da aurten topatzen ari garena.
Azken finean, bero bolada honek ekarri duena da ur iturriak agortu egin direla eta, bestetik, jana ere -belarra eta landaredia- asko eskastu dela. Horrek dakarrena da udaberrian edo uda aldean belar gutxiago bildu genuela, negua pasatzeko belar kantitate gutxiago izango dugula, eta, gainera, bildu genituen belar horiek lehenago ematen hasi beharra daukagula. Orduan hor burujabetza arazo handi bat daukagu. Alegia, gure esku dauden baliabide horien erabilera urritzen bada, intsumoak -kanpotik ekarri beharreko hori- behar ditugula edo horren mendeko bihurtzen garela; izan ere, gure eredua oso oinarritua dago gure natur baliabideetan, ez hainbeste kanpotik heldu diren intsumoetan.
Errentagarritasuna hor mantentzen dugu, eta, beraz, aurten oso urte gogorra da, bereziki, nekazaritza estentsiboa egiten ari garen abeltzainentzat, eta, bereziki, nekazaritza estentsibo horren parte handiena gure inguruko natur baliabideen kudeaketan oinarrituta dutenentzat.

Aurtengo uda oso gogorra izan da, baina segur aski datozenak ere bide beretik joango dira. Hori buruan dauka artzainak etengabe?
Ez horrenbeste aurtengoagatik. Azken hamasei urtean bizi izan ditugun bero boladak edo estres garaiak bi izan dira, eta bi horiek oso gertu daude bata bestetik, hiru urteko aldearekin. Orduan, hamasei urtean bat-batean azken bi bero bolada hiru urteko segida horretan izan badira, beldurra dugu ez ote den hau nolabait ere ziklo errepikakor bat bihurtuko, eta horrek eskatzen digu gure ingurunea kudeatzeko sistemak birpentsatu behar direla.
Baina, era berean, horrek esan nahi du gureak bezalako aktibitateak aldaketa horien aurrean freno garrantzitsu bat direla. Azken finean, gure aktibitateak ingurune horretan dauden kondizioak laguntzen ditu, horrelako bero boladak gertatzen direnean jasangarriagoak izan daitezen. Eta hor daukagu dilema, ezta? Batetik, horrelako egoera drastikoetan bertan gaudenok ari gara ekosistema hori zaintzen eta ekosistema aberats horri eusten. Eta, neurri berean, gu gara aldaketa horien ondorioak gehien pairatzen ditugunak.
Eta uste dugu, aurrera begira errepikatuko den eskema bat baldin bada, Euskal Herria ataka batean dagoela eta erabaki behar duela bere elikadura nondik lortu behar duen, eta, bertatik baldin bada, erabaki behar duela nola jarriko ditugun baliabideak gure elikadura burujabetzaren zerbitzura. Ildo horretan, nekazaritza estentsiboa garrantzitsua izango da eta erdigunean kokatu beharko da.
Ikusi dugu suteak kontrolatzeko, gure inguruko biomasaren oreka horiek kontrolatzeko, gure belarjaleek zein funtzio inportantea duten eta nola mosaiko-paisaia deituriko ekosistema aberats hori galtzen doan, landa eremua husten eta nekazaritza estentsiboa husten doan bitartean. Hor irtenbide bat badaukagu, Euskal Herrian oso bideragarria dena, baina irtenbide hori eman behar duten ustiategiak dira hain justu kalte gordinena jasaten dutenak. Txikiak gara, familiarrak, normalean ustiategiak ez gaude produktibitatean oinarrituta, baizik eta errentagarritasunean, eta landa eremuari oso atxikiak gaude; alegia, mendialdean bizi gara edo, gutxienez, natur baliabide horiek gertu dauden tokietan, eta hori da erronka nagusi bat.
Ikusten ez diren mugei ere begiratu diezu proiektu berrian.
Bai, eta lotura dauka aurretik esan dudanarekin. Aurrera begirako erronka nagusietariko bat izango da zein mailako burujabetza edukiko dugun inguruan ditugun baliabide horien gainean gure politika propioa egiteko. Eta orduan hor beste muga batzuk agertzen dira.
Adibidez, oso adibide garbia da gure herri lurrena. Euskal Herriko luze-zabalean dauzkagun herri lurrak eta izaera komunala duten gobernantza sistema horiek beren gainetik dagoen teilatu baten pean daude, eta teilatupe hori izaten da askotan oztopo hemen hartu behar ditugun erabakiak hartu ahal izateko. Orduan, hor erronka bat daukagu; gure gainetik dauden muga batzuk eta muga horiek ezartzen dizkiguten legeekiko mendekotasuna. Hori alde batetik. Eta, gero, bestetik, muga batzuk pairatzen ditugu guk, baina ez guk bakarrik euskal herritar gisa, guk ere pairarazten dizkiegu beste herri batzuei. Hain zuzen ere, egoera klimatiko eta sozial oker hau sustatzen duten sistemek guregan badaukate eragin bat, baina beste herri batzuengan hamar bider handiagoa da eragina Eta egoera horietatik ihesean eta bizi aukera baten bila dabiltzan herritarrei muga horiek ere jartzen zaizkie oztopo bezala. Ez zaie gizatasunez erantzuten eta, hain zuzen, haiek hirugarren mailako gizaki bezala tratatzen ari gara. Kasu honetan ez ditugu gure esku pertsona horiei harrera eta ongietorri egokia egiteko tresnak. Egin behar dugun harreman hori euskal herritar gisa egin dezagun.
Noski, mugak bakarrik ez dira oztopo, herritar gisa gainontzeko herriekin harremanak izateko paradigma ere garrantzitsua da, nola kokatzen ditugun gizartea, kultura, ekonomia… Muga horiek marra bat izatetik gure buruetara, gure gizartera, gure politiketara iristen den errealitate bat izatera pasatu beharko lukete; badaukagu zer pentsatu hor.

Arruazutik Izabara, hamaika egun, hamaika etapa eta, batez ere, hamaika gogoeta pizteko intentzioa.
Bai, eta mugez hitz egiteko, erpin ezberdinetatik hurbildu naiz. Horrek lagundu dit niri pertsonalki nire kezken inguruan hausnarketa egiten. Hiru kontzeptu ikusi ditut nik elkarrekin lotuta agertzen direla gogoeta espazio horretan. Bat izango litzateke lurraldetasunaren ikuspegia komunalaren ikuspuntutik: lurraldetasun dinamiko bat, irekia, baliabidez hornituz gizakien beharrak eta tokikoen burujabetza gaitasunak onartzen dituena, baina ez dizkiona ateak ixten tokira datorrenari. Hor uste dut gogoeta interesgarri bat dagoela; lurraldetasunaz asko hitz egiten da Euskal Herrian eta askotan ez ote dugun lurraldetasun hori ulertzen forma hertsi eta XIX. mendeko estatu nazioen izaera zurrun horretatik. Eta agian Euskal Herriari begiratu behar diogu beste ikuspuntu edo lurraldetasun ikuspegi batetik.
Bigarrenik, “itsasotasuna”, eta lotuta dago aurrenetik egin dudan gogoeta horrekin. Itsasoa Euskal Herriaren baliabide eta bizibide ezinbestekoa da, gure herria ulertzeko eta garatzeko ezinbesteko espazio bat. Itsasoa ez da lurra bezain solidoa eta materiala, eta, beraz, lurraldetasunaren kontzeptu horretatik askoz askeagoa den kontzeptu ireki batera goaz. Iruditzen zait gogoeta hori ere interesgarria dela.
Eta badago hirugarren elementu bat: jendetasuna. Izan ere, jendetasuna da jendearen arteko harremana gizabidez ulertua eta berdintasunean oinarritua. Bere lurraldetasuna, bere itsasotasuna eta bere jendetasuna ordezkatzen duen gogoeta espazio batean kokatu beharko genuke Euskal Herria.
Hiru elementu horiek atera dira, eta oso eremu ezberdinetatik, gainera: kulturatik, arlo sozioekonomikotik, zientzia eta historiaren ikerketatik, etorkinei ematen diegun erantzunetik, herri mugimenduen antolaketatik… Ariketa polita izan da alde horretatik.
Eta azken gogoeta bat. Jendetasun horren ikuspegitik, ea eraikitzen dugun gizarteak ez ote dituen oztopoak eta mugak eraikitzen genero ikuspegiagatik, genero identitateagatik, aniztasun funtzionalagatik, azal koloreagatik edota jatorri edo kulturagatik. Ez ote zaizkion oztopoak jartzen jende gehiegiri, ez ote dugun mugaz beteriko gizarte bat eta horiei ere begiratu behar ez ote diegun. Nik garbi daukat baietz, eta ariketa bada hori ere.
Muga hitz polisemiko bat da Euskal Herrian, muga bat izan daiteke frontera bat, izan daiteke oztopo bat, baina izan daiteke ate bat ere. Ateak ireki egin daitezke eta balio dezakete ongi etorria egiteko, eta aukerak izan daitezke, baita zubiak ere.
Gogoeta hori josteko bidelagunak apropos aukeratu dituzu. Zein izan dira ahots horiek?
Parte hartu dute begirada honetan nire ustez ikuspegi kualifikatu bat daukaten pertsonek, eta parte hartu dute, halaber, bidean topatu ditudan herritarrek. Bereziki, presentzia edukiko dute artzainek, etapa bakoitzean artzain baten etxolan edo inguruan lo egin dudalako eta beraiekin gogoeta partekatu dudalako.
Bestetik, eduki ditut elkarrizketak hainbat pertsona adierazgarrirekin, hala nola Hodei Barroso kantariarekin; Amets Arzallus bertsolariarekin; Xabier Irujo historialariarekin; Xabier Alberdi euskal itsas museoko zuzendariarekin; Xabier Agote Albaola itsas faktoriako zuzendariarekin; Aizpea Leizaola antropologoarekin; Rosa Arburua EHUko irakaslearekin, zeinak kontrabandoaren inguruan dokumentazio lan itzela egin baitu. Era berean, bertan agertuko dira Jean Louis Davant euskaltzaina; Eñaut Etxamendi Ez Dok Amairuko kidea, euskal kulturaren pizkunde garai horretan parte hartu zuen abeslaria. Baditugu pertsona oso esanguratsuak eta beraien esperientziatik hitz egiten digutenak.
Herrigintza, kulturgintza, arlo akademikoa… jakintzak traje asko ditu, ezta? Eta tartean artzainena ere jaso duzu.
Bai, nik hor adibide bat jartzen dut, badago hemen figura bat aztergai edukiko duguna, on Joxemiel Barandiaranen figura. Ulertu behar dugu ikerketa zientifikoaren oinarrietariko bat izaten dela herri jakintza eta herri ezagutza. Eta, adibidez, jentil harriei begira jartzen bagara, horren inguruan egin diren ikerketa zientifiko askoren atzean eta abiapuntuan artzainen informazioa egon da. Beraien ezagutzan gordeta zeuden kondaira, istorio eta tokien berezitasun horiek baliagarriak izan dira kasik GPS bat bezala erabiltzeko, jakiteko non zulatu lurrean; eta bertan topatu ditugu gure antzinakoen eta arbasoen istorioak.
Oinarrizko herri jakintza bat dago, artzaintzarekin ordezkatzen dena nolabait, lurretik eta lurrari begira lanean ari dena eta askotan galdu duguna. Gure hiri kulturak begiratzen dio beste jakintza eredu eta mota batzuei eta bizkarra ematen die guretzat oinarri-oinarrizko kultura ordezkatzen duten horiei. Eta, orduan, askotan ikusi gaituzte “ez-kultu” bezala, ezta? Ez-kulturaren eremuan. Eta nik kokatu nahi izan dut pixka bat, sinbolikoki bada ere, bada kulturaren eremu horretan. Eta kultura hitzari erreparatzen badiogu kultura hitza cultivare-tik dator. Cultivare da lurra lantzea, elikagaia sortzeko egin behar den lana. Eta gure ezagutzaren oinarrian hori dago: nola elikatu egiten duguna, daukagun hizkuntza, erabiltzen ditugun espresio bideak, erabiltzen ditugun baliabideak sinbolizatzeko eta horren atzean dauden balio guztiak transmititzeko. Herri bezala abiapuntu hori erabiltzea oso interesgarria iruditzen zait eta modu sinbolikoan hori ere sartzea garrantzitsua zen niretzat.

Pentsatzen dut bidaia honetan berriz deskubritu duzula zein herri ederra daukagun eta zenbat herritar dauden egunerokoan gauzak egiten, herria egiten.
Bai, eta deskubritu dudana da Euskal Herriko lurraldetasunari asko erreparatu diogula; nik artzain bezala horri asko erreparatzen diot, lurretik bizi naizelako eta bertan instalatu naizelako. Beraz, lurraldetasunak itzelezko garrantzia dauka niretzat. Baina saioan elementu bat errepikatzen dela aurreratuko dizuet: herri eraikuntza, herrigintza eta euskara dira benetan gure lurraldetasuna. Askotan agian gehiegi erreparatzen diegu nonbaitetik etorriko diren irtenbideei, eta susmoa dut ez ote ditugun pixka bat baztertuta egunero eraiki behar dugun herrigintza eta hizkuntza. Nik, adibidez, pertsonalki ateratzen dudan gogoeta nagusia hori da.
Hala ere, gustatuko litzaidake proiektu hau Euskal Herriarekin partekatzea eta bi modu izango dira hori egiteko. Batetik, Hamaika Telebistan telesaio bat hasiko da irailaren zortzitik aurrera eta hori ezingo genukeen egin Muxu estudioaren produkzioa eta lana gabe, Xabier Unanuak gidatuta. Eta gero, bestetik, 2027an egingo dugu dokumental baten aurkezpena, Asisko Urmenetaren laguntzarekin, eta erabiliko dugu dokumental hori Euskal Herrian zehar gogoeta espazio bat zabaltzeko. Niretzat izan da, orain arte, bizipen edo esperientzia pertsonal bat, baina gustatuko litzaidake hori nire pertsonatik ahal den bezain pronto ateratzea eta gogoeta espazio kolektibo bat bihurtzea.
Erabili duzun bizikletak baditu ezaugarri bereziak. Pisua ere zehatza dauka: kilo bat eta seiehun gramo.
Bai, badago metafora bat. Nik behin Arruazutik Izabarako bidea egin nuen, mendialdea lotuz, landa eremuari balioa ematearen gogoeta pizteko. Korrika egin nuen sorbaldan neraman gazta batekin. 170 kilometro egin nituen egun batez gazta hori sorbaldan hartuta. Hor gaztaren bidez Euskal Herriko landa ere aldarrikatu genuen. Erronka horretatik abiatu da oraingo hau. Kasu honetan, bizikletaren koadroak pisatzen du sorbaldan eraman nuen gazta horrek pisatzen zuen pisu bera: kilo bat eta seiehun gramo. Beraz, esan dezaket bizikletak gazta baten pisua zeukala, gehi gero sartzen zaizkion elementuak. Beraz, hori da metafora. Biak eremu berdinetik atera dira, bat nik eraman nuen eta besteak ni eraman nau.
Eta, bestetik, esan behar dut teknikoki zer duen bizikleta horrek. Gravel modalitatean egin dut, alegia, mendi bide eta pista askotatik sartu behar izan dut. Eta zurak eta, bereziki, bizikletaren diseinuak izugarrizko erosotasuna ematen dute. Ni beste bizikleta batzuetan ibilia naiz, karbonozkoetan. Eta berehala antzematen duzu bizikleta honek eskaintzen duen erosotasuna ez dela konparagarria, bereziki inpaktuekiko daukan absortzioagatik. Lortu dute sendoa izatea, baina; sendoa izanagatik, inpaktuarekiko absortzio izugarria dauka, eta malgutasun gehiago. Erosotasunari eta sendotasunari dagokionez punta-puntako bizikleta da.
Bide guztian ikusi dut jendea nola bildu den bizikletaren inguruan, argazkiak egiteko eta galdezka.


