Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Aske eta ez aske haztearen aldea

Ehunzangoan ikastolara joaki garela, oraindik opor sentsazioarekin, gurpila martxan ikusi dut, eta gu barne, horrek ematen duen lasaitasun puntuarekin. Haur ttiki eta koskorrak, besoetan edo eskutik, patinetean, bizikletan, kotxean... denak ordu eta norabide berean. «Zergatik uzten dituzte umeak amarengandik hain urrun?», galdetu dit.

Pertsonen premiak unibertsalak dira. Eta honakoak dira, Estitxu Fernandezek Ane Ablanedoren “Heziketa librea” liburuko aitzinsolasean laburbildu bezala: «Fisiologikoki ongi sentitzea (elikadura, ura, tenperatura, deskantsua, loa, sexualitatea... aseta); seguru sentitzea, emozionalki zein fisikoki; onartua eta maitatua sentitzea; potentzialki garen hori garatu ahal izateko autonomia nahikoa dugula sentitzea; eta autoestimu positiboa edukitzea, alegia, gure buruarekiko dugun irudiari lotutako esperientzia afektibo baikorra izatea».

Ukitzen nauten gogoeta-hari batzuk uzten ditu psikologo perinatalak. Adibidez: «Zergatik utzi behar dugu gure umea negarrez eskolan, hark ez badu espazio seguru gisa bizi? Eta zergatik da amaren errua negar egiten badu?».

Ablanedoren arabera, askatasuna, denaren gainetik, ni izan ahal izatea da. Muga batzuen barruan, ondorioekin, eta bertzeenganako harremanen baldintzapean. «Batek barruan duena atera, erakutsi eta eman dezake, baina ezin da inor hori hartzera behartu. Norberaren barnea oso toki sakratua da», dio askatasunaren akuilu izan nahi duen liburuaren egileak.

Gehiegizko autoritarismoaren aurkako erreakzio logiko bat da mugekiko mesfidantza, baina Ablanedok azaltzen duen bezala -eta nire esperientzian frogatu ahal izan dudan bezala-, erreakzio mugimenduak beharrezkoak izan daitezke hasieran, baina gero oreka eta zentzu ona bilatu behar dira. Nola topatu oreka? Zein da aske eta ez aske haztearen arteko alde zehatza? Norbera izateko interesa garatzeko askatasuna da aditu honentzat oinarri bat, eta, horrekin batera, ardura, ordenaren eta egituraren garrantzia ez ahazteko. •