Mapuzugun hizkuntza, herrigintza proiektuen ardatz
Gasteizko Zapateneoan, mapuzugunaren egoeraz, historiaz eta biziberritzeaz aritu da Viktor Naquill. Hizkuntza gutxituen inguruko esperientziak jorratu ditu, euskararekin alderatuta, eta maputxe herriaren hizkuntzaren etorkizunaz eta erronkez hausnartu du.

Zaparen amaiera aldean, kartel txiki batek Millaray Elkarteak Gasteizko Zapateneoan iragan astearterako antolatutako hitzaldia iragartzen zuen. Jada ateneoan, liburuek hormako pintura higatua estaltzen zuten, eta hamabost bat lagunez osatutako talde bat zegoen eserita arratsaldeko protagonistaren inguruan. Temukoko La Frontera Unibertsitateko Historia, Geografia eta Herritarren Hezkuntzako irakasle eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zientzia Politikoetan doktore den Viktor Naquillek bertaratutakoen begiradak bereganatzen zituen. Ateneoan, argiztatutako horma bakarrean, Naquill hitz egiten hasi baino lehen, hitzaldiari buruzko zertzelada bat zegoen ikusgai, mapuzagunez idatzita: «Mapuzugun: Wallmapu ñi zugun, ñi rupawma ka ñi chumlen» (Mapuzugun: Wallmapuko hizkuntza, haren historia eta egungo egoera).
Bere hizkuntzaren, mapuzugunaren, biziberritzean espezializatua, Naquillek ez du soilik gai hori aztertzen eta ikertzen; hainbat erakundetan ere militatzen du -Trafkintuwe delakoan, esaterako- hizkuntzaren aldeko ekimenak bultzatzen. Ekitaldiaren antolatzaileek hizlaria eta jardunaldia euskaraz aurkeztu zituzten, eta Naquillek, era berean, mapuzugunez ekin zion hitzaldiari, hainbat liburu idatzi dituen hizkuntzan, hain zuzen. «Bi alderditatik hitz egiten dut: mapuzugunaren biziberritzearen aldeko ekintzaile gisa, uste baitut haren historia aztertzeak hizkuntza indartzen lagun dezakeela; eta akademiko gisa», azaldu zuen.
Maputxe herriaren jatorriari eta bilakaerari eta haren hizkuntzaren historiari buruzko errepaso labur baten ondoren -Naquillek mendeetan zehar mapuzugunak izan duen indarra islatu nahi izan zuen-, irakasleak ez zuen denbora asko behar izan ezinbesteko elementu bat aipatzeko. Haren esanetan, «euskararen, galizieraren edo kolonialismoak eragiten dituen beste egoera batzuen kasuetan bezala», mapuzugunaren kasuan ere hizkuntzaren hedapenerako zein errepresiorako funtsezko faktorea izan da, da eta izango da eskola. Geronimo de Ambergaren aipu baten bidez, Naquillek «asimilazio gailu» deitu zuenak hizkuntza gutxituen garapenean izandako eragina azaldu zuen: «Indigenak txiletar egin behar du eta, horregatik, gaztelaniaz hitz egiten ikasi behar du. Gure ikastetxean ikasleari maputxez hitz egitea erabat debekatzen zaio. Haur txiletar batzuk ekartzen dituzte jolastera, gaztelania irakats dezaten».
Hizkuntza gutxituen arteko analogiarekin jarraituz, irakasleak Martina Lonqueoren lekukotasunak ekarri zituen gogora, hura izan baitzen lehen ikasle indigenetako bat: «Atsedenaldian, lagun eta auzokide gehiago aurkitu nituen, eta haiekin maputxez hitz egiten hasi nintzen. Ez nekien maputxez hitz egiteko debekua zegoenik, gaztelaniaz soilik hitz egin behar zela, eta irakasleak errieta egin zidan. Gertakari haren ondoren, lagunekin elkartzen jarraitu nuen, eta maputxez hitz egiten jarraitu genuen, baina ahots apalez». Erreprimitutako ikasle indigenen testigantza ugari aurkeztu zituen Naquillek. Gaztelaniaren inposizioa guztien hari nagusia izan zen.
HERRITIK MUNDURA
«Hizkuntza gutxituen krisia arazo globala da, eta ez soilik euskararena edo mapuzugunarena», adierazi zuen irakasleak. Hala ere, Naquillek ez zuen zalantzarik izan hizkuntza bakoitzaren egoera desberdina dela azpimarratzeko, eta mapuzugunaren kasuan maputxeak gutxiengo demografiko argi baten parte direla nabarmendu zuen. «Maputxeok gure jatorrizko lurraldeko biztanleriaren %30 baino ez gara», adierazi zuen Naquillek. Horregatik, «abiatzen garen gutxiengo egoera hori onartu eta hortik abiatuta hasi behar dugu eraikitzen».

Hala egin zen 2008an, ekintzailearen arabera, hizkuntzaren biziberritzea hasi zenean. Geroago, 2012an, mapuzugunaren aldeko lehen mobilizazioa egin zen, eta aldarrikapen jendetsu haren urteroko errepikapenak hasi ziren. Naquillek azaldu zuenez, 2015ean sortu ziren hizkuntza ikastera bideratutako lehen barnetegiak. Azken bi hamarkadetan izandako aurrerapen nabarmenaz harago, Naquillek azpimarratu zuen «mapuzuguna udalerri batean baino ez dela ofiziala», eta, Txilen dagoen lege esparrua gorabehera, hizkuntzak jasotzen duen babesa «ahula» dela.
Horren aurrean, irakasleak oso argi ikusten du hizkuntzak bizirik irauteko jarraitu beharreko bidea: Wallmapu-ren parte diren eragile guztiak -maputxeen jatorrizko lurraldea izendatzeko erabiltzen den terminoa- gonbidatzea mapuzugunaren inguruko proiektu politiko komun bat eraikitzera. Horregatik, irakaslearen arabera, «mapuzuguna Wallmapuren kontzepzioarekin estuki lotu behar da», izan ere, «hizkuntzarekin soilik hitz egin daiteke behar bezala nortasun propioa duen maputxe nazioaren proiektu bati buruz», eta «hizkuntzaren proiekzioa ez da bideragarria herri gisa lurraldean dugun proiektu politikotik kanpo». Hala, «mapuzugunaren proiekzioa Wallmapun ez da soilik funtsezko auzi politikoa; maputxe gizarteak herri gisa duen existentzia bera ere baldintzatzen du».
Hitzaldiaren amaieran, beraz, hizkuntzaren biziberritzea ez dela soilik hizkuntza bat ikastea edo erabiltzea sustatzea argi geratu zen. Naquillen azalpenetan, mapuzuguna memoriarekin, lurraldearekin eta komunitatearen etorkizunarekin lotzen den elementua da. Gasteizko areto txikian bildutakoek, euskararen esperientziatik abiatuta, urrun baina aldi berean ezagun egiten zitzaien gogoeta batekin amaitu zuten mintzaldia: hizkuntza baten etorkizuna hiztun kopuruaren mende ez ezik, hizkuntza horrek gizarte batean duen tokiaren eta belaunaldi berriei transmititzeko gaitasunaren mende ere badago.




