Kanpotarrek etorri behar honetaz konturatzeko
Zinemaldiak berriro ere bete du Donostia (tira, Donostia baino, Parte Zaharra, Gros eta Erdialdea) lepotik zintzilik txartelak dituzten pertsonez. Ez dut inoiz jakin zergatik eramaten dituzten bistara hor jarrita, agian derrigortuta daude, edo, besterik gabe, cool da.
Inbasio hitza hain modan dagoen honetan, Parte Zaharrak udararekin nahiko ez, eta iraila bukaeran mundu guztitik etorritako jendetzaz betetzen zaizkio kale zaharrak.
Beti dago momentu gogoangarriren bat eta aurten ere hala izan da. Werner Herzog-en diskurtsoaz ari naiz, euskara eta euskal kultura goraipatu baititu zinemagile alemaniarrak mezu hunkigarri batekin: «Aldiro jarraitzen ditut bertsolarien lehiaketak Youtuben. Ez dakit euskaraz, baina txunditu egiten nau, zertaz ari diren jakin gabe ere, poeta horiek elkarri erantzuten ikusteak. Sentipena dut herri bat dagoela hor, eta komunitate horren parte naizela iruditzen zait, sari hau haien eskutik jasota».
Kanpotar bat konturatu da euskarak batu egiten duela eta komunitate bateko parte sentiarazten zaituela, ez duela banatzen, eta edozein sentimendu adierazteko edo elkarrizketa bat garatzeko posible dela hizkuntza zahar baina ez zaharkitu honetan egitea.
Harrituta egongo da, gero, konturatzen denean zein pelikula gutxi dagoen euskaraz Zinemaldian, edota, Parte Zaharrera eraman dutenean pintxoak jatera gainontzeko ehundaka zinemazale bezala, zein presentzia urria duen euskarak bertako tabernetan. Konturatuko delako taberna gehienetako menuen kartak lehenengo gazteleraz daudela, gero frantsesez, ondoren ingelesez eta alemanez eta bukatzeko, agian, baina bakarrik agian, zorte handiarekin, euskaraz aurkituko duela baten bat. •



