Gorka Zozaia
Kimikaria

«Ikusi mendizaleak»

«Viola diversifolia», arriskuan den Pirinioetako espezie endemikoetako bat.
«Viola diversifolia», arriskuan den Pirinioetako espezie endemikoetako bat. (GETTY IMAGES)

«Baso eta zelaiak, mendi tontor gainera igo behar dugu», gailurretako landare endemikoez gozatzen jarraitu nahi badugu. Beste hainbeste ekosistematan bezala, beroketa globalaren eraginez bizkortu egin da Europako mendi tontorretako espezie endemikoen ordezkapen prozesua. Alpeetako, Kaukasoko eta Pirinioetako 62 tontorretako flora aztertu dute azken hogei urteotan eta emaitzak joan den astean argitaratu dituzte “Science” aldizkarian. Tenperatura 0,1 gradu igotzen den bakoitzean %1 igotzen da muturreko kondizioetan bizitzera ohituta dauden espezie horien desagerpen tasa. Ordezkapena kota baxuagoetan bizi diren espezieak gorago bizitzeko aukera dutelako gertatzen da. Espezie horiek lehian heziak dira eta tontorretakoak berriz, ez daude batere ohituta lehiara. Hala, poliki-poliki, landaredia berriak ura, elikagaiak, zorua eta eguzkia bera ebasten dizkie tontorretako espezie endemikoei.

Azterturiko tontor guztien artean, Pirinioetakoak dira eraldaketa prozesu hori bortitzen bizitzen ari direnak. Tontorretako hotzetara egindako espezie horiek bereziki ari dira pairatzen gero eta maizago astintzen gaituzten bero olatuak. Txanponaren beste aldean, tenperaturaren igoerak tontorretako begetazioa areagotu egiten du eta, denborarekin, berdeagoak izango dira gailurrak. Ikerlarien esanetan, harkaitz zelaietan eta harri isurialdeetan landaredia oso urria zen lehen, espezie gutxi batzuk besterik ez ziren gai han bizirauteko, baina denborarekin zelai trinkoagoak izatera igarotzen ari dira, kota baxuagoetan zelaiak sastraka eremu izatera igarotzen ari diren bezala.

Jakina, ez da gauza berria mendietako paisaiaren aldaketa, glaziarren, edo, hobeto esanda, glaziar hondarren desagerpen bizkorra da ziurrenik Pirinioetan antzeman dugun eraldaketa nagusia. Eta aurtengoaren moduko uda idorrak izan ditugunean, larreak hori eta gorri jarri zaizkigunean, penaz begiratu diegu gure bazterrei, estaltzeko lanbrorik ere egon ez denean. Paisaiaren aldaketa kezkagarria da, bai, baina uraren eskasiak nekazaritzan eta abeltzaintzan edota tokiko herritarren ongizatean duen eragin lazgarriak kezkatu beharko gintuzke gehien.

Eta hala gabiltza maiz, euskaldunok, mendi tontorrean, euskal lurren artean, begiak zabaldurik eta bihotza erreta. Hain polita eta ederra dugun Euskal Herriko paisaia argazki batean betikotu nahiko lukete batzuek, museo batean sartzeko edo, baina zorionez gure herriko paisaia aldatzen ari da. Klima bezala, aldaketa etengabean dagoelako herria, eta klimarekin bezala, gizakion esku hartzeak bizkortu egin duelako berezko aldaketa hori. Baina aldaketa ezin dugu gelditu, ez eta atzera egin ere; egokitzea dagokigu. Paisaiaren aldaketak pena eman ahalko digu, baina arreta paisaian baino ekonomian jarri beharko dugu, «gora, gora, Euskal Herria a, a, a!» harrotasunez kantatu nahi badugu! •