Napoleonen etxetik NBEra
Gasteizen bada Napoleonen Etxea izeneko eraikin bat. Oso ezaguna, Napoleon I.a enperadore frantziarrak gau bat igaro omen zuelako bertan. Euskal Herrian beharbada ezagunagoa ez baina askoz hurbilekoagoa dugu, nik uste, haren iloba Luis Luziano, euskal dialektoak aztertu eta sailkatu zituena. Luis Luzianoren lehengusu Luis Napoleonek 1851n estatu kolpea eman eta hurrengo urtean Bigarren Inperioa ezarri zuenean, Agosti Xaho zuberotarrak Hego Euskal Herrira ihes egin zuen. 1848ko Iraultzan Baionako buruzagi iraultzaile sutsua izana eta Departamenduko kontseilu nagusiko kide zela, Xahok sortu eta zuzendutako “Ariel” aldizkaria itxi egin zuten, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrira eskapatu zen. Gutxienez urtebete eman zuen Gasteizen. Baina bertan ez dut haren etxerik ezagutzen.
Luis Napoleon Bonaparte 1848ko Iraultzaz geroztik Bigarren Errepublika frantziarreko presidentea zen, eta handitan osaba bezalakoa izan nahi zuenez, nonbait, estatu kolpea eman eta Bigarren Inperioa ezarri zuen. Haren osabak ere, mende erditsu lehenago, VIII. urteko brumarioaren 18an, estatu kolpea eman eta Iraultza deuseztatu zuen; 1804an enperadore izendatuta, bere burua koroatu zuen eta, bide batez, Josefina ere bai. Ondoren, gerra.
Osaba-iloben estatu kolpe biez ari zen Karl Marx esan zuenean historia lehenik tragedia gisa eta bigarrenik fartsa gisa gertatzen dela, Friedrich Hegelek esandakoa osatuz, historiako gertaera eta pertsonaia handiak bi aldiz agertzen direla, alegia.
1919an Nazioen Elkartea sortu zuten Gerra Handiaren ostean Versaillesko ituna sinatu zuten estatuek, nazioen arteko lankidetza sendotu eta segurtasuna eta bakea sustatzeko. Ameriketako Estatu Batuak ez ziren elkartera sartu, haren sustatzaile izan baziren ere, eta Alemania eta Turkia baztertuta geratu ziren. Elkarteak Europan zuen egoitza, Genevan, hain zuzen. 1946an desegin zen, baina aurreko hamarraldiaren hasieran haren eraginkortasuna hutsaren hurrengoa zen dagoeneko. Ez dakit orduan elkarte haren porrotaz hitz egiten zen; nolanahi ere, 30eko hamarraldia amaitu baino lehen, Bigarren Mundu Gerra piztu zen.
1945ean, ordu arteko gerrarik ikaragarriena amaituta, Nazioen Elkartearen porrotaren ostean baina hura desegin baino lehen, Nazio Batuen Erakundea sortu zen, nazioarteko bakeari eta segurtasunari eustea, estatuen arteko adiskidetasunezko harremanak sustatzea eta oinarrizko eskubideak babestea helburu zituena, besteak beste. Eta «bakea eta segurtasuna bermatzeko» ardura duen Segurtasun Kontseilu bat sortu zuen, denen erabakiei betoa ezartzeko eskubidea duten bost kide iraunkor dituena. Jakina denez, New Yorken du egoitza, AEBn, hain zuzen.
Ez nuen inolako paralelismorik agertzeko asmorik, beharbada bitxikeria baino ez da. Azken aldi honetan, NBEren 81. Batzar Nagusiaren inguruan, eta lehenago ere, nonahi irakurri dut “porrot” hitza. Ez dirudi gehiegizkoa, eta zalantzaren bat balego ere, gogoratu besterik ez dago joan den astean Benjamin Netanyahuk berriro ere genozidioa ukatu eta aldi berean aldeztu zuela ezin harroputzago, non eta NBEren egoitzan, Nazioarteko Zigor Auzitegiak bere aurka ezarritako atxilotze agindua gorabehera. Porrot baten erakusgarri nahikoa ematen du horrek, trumpkeriak eta beste pitokeria arriskutsuak alde batera utzita ere.
Bitartean, Europar Batasunak, diplomaziaren kontzeptu bitxia duenak, gerra xaxatu ondoren bakea aldarrika, armaz hornitu beharra iragartzen du.
Tragedia, fartsa edo fartsa tragikoa? •

Egia Kermanentzat: bide judizialean itxaropen eskasa eta jendarteari kontatzeko behar larria

«Kutxak zabaltzen hasitakoan harrituta galdetzen nuen: ‘Hau guztia Imanol Urbietarena da?’»
Amagoia eta biok
Morlans

