GAUR8

Fito Cabralesek 60 urte bete ditu, bira berria hasteko bezperan

Gogor lan eginez estilo propioa duen artista da. Mota guztietako publikoarentzat kantatzen duen rockeroa da, sekula bere sustraiei uko egin gabe. Adolfo Cabrales du izena, eta guztiok Fito izenez ezagutzen dugu. Bilbotar hau rockaren ‘zerura’ iritsi da. Eta gaur 60 urte bete ditu.

Fito Cabrales, 2025ean.
Fito Cabrales, 2025ean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Adolfo Cabrales, Fito, 1966eko urriaren 6an jaio zen Bilboko Zabala auzoan eta txikitatik hasi zitzaion r'n'r zaletasuna pizten. Bere haurtzaro eta nerabezaroaren zati bat Laredo eta Malaga bezalako hirietan igaro ondoren, bere jaioterrira itzuli zen eta, gaztetan, zerbitzari gisa lan egin zuen Las Cortes kaleko putetxe batean, ‘La Palanca’ izenaz ezaguna. 

1989an Iñaki ‘Uoho’ Anton, Juantxu ‘Mongol’ Olano eta Jesus ‘Maguila’ Garciaren adiskide egin zen eta Platero y Tú sortu zen. Beraien ibilbidean, lau Urrezko Disko lortu zituzten; baina Fito taldearen errepertoriora egokitzen ez ziren kantu batzuk konposatzen hasi zen, eta 1998an, bere oraingo banda sortu zuen, Fito & Fitipaldis, eta proiektu honetan rockabilly, rythm & blues, swing, jazz eta hegoaldeko soinuak landu zituzten.

Lehen mailako musikoa da gaztelaniazko rockean. Bira guztietan hainbat areto bete ditu eta, 60 urte betetzearekin batera, Fito & Fitipaldis formatu intimoagoan elkartuko da berriz ere bere publikoarekin. Urria eta datorren urteko maiatza bitartean 21 antzoki eta auditoriumetan egingo duten bira berriarekin. Urriaren 16-17 Puertollanon hasiko da, gero Galiziara joko du eta abendura arte ez da Euskal Herrira etorriko.

Abenduak 18-19an, Baluarten (Iruñea) egongo da; abenduak 26-27 eta urtarrilak 8-9an Bilboko Euskaldunan eta Donostiara 2027ko apirileko 30ean eta maiatzaren 1ean egongo da Kursaalean.